Iñaki Rubio. Behin eta birritan saiatu badira ere, kasik ezinezkoa zaie aurrea hartzea. Jendez lepo dago espaloia, eta nekez ikusten da Belgrano kalearen urrunean desagertzen den ilara luzearen amaiera. Dozenaka dira estilo kolonialeko horma arrosaren arrasean zutunik daudenak, hura zeharkatzeko irrikatsu. «Hurrengoa, faborez». Atezainak esandako hitzok entzun eta berehala isildu dira Cordoban (Argentina) hilabete batzuez ikasten dabiltzan Usua Bergara eta haren lagun euskaldunak, eta parean duten egurrezko atetzarra gurutzatu dute. «Azkenik!».
Aitzina doaz, herabe, Che Guevararen eta Eva Peronen argazkiak eta mota guztietako apaingarriak dituzten pareten artean, chacarera bat —Argentinako dantza eta doinu tradizionala— dantzatzen eta abesten dabiltzanen oinkadak saihestuz, aldi berean. Lehenbiziko aldia du Bergarak Los Infernales de Güemesen gisako peña folkloriko batean, eta txunditurik dauka aurrean duenak, baina ez berezitasunarengatik soilik; hurkoa zaio ikuskizuna: «Euskal Herriko erromeria batean gaudela dirudi; musika, dantzak, algarak... abesten ari diren payadoreek bertsolarien tankera dute; txikiteroena ere bai, akaso: kantu inprobisatuak abesten dituzte, ozen, sudur gorri eta guzti. Janzkera ere ezaguna egiten zait, baserritar batena edo», dio, horietako baten txapel beltza seinalatuz.
Euskaldunek mendeetako eraginaren ondorioz kultura argentinarrari egindako ekarpenik esanguratsuenetako bat da txapela
Hain zuzen ere, mendeetako eraginaren ondorioz euskaldunek kultura argentinarrari egindako ekarpenik esanguratsuenetako bat da txapela —Argentinan, boina vasca—, paxarekin eta alpargatekin batera herrialdearen sinboloetako baten ezaugarri izateraino: gaucho-a edo Hego Ameriketako hainbat lekutan ohikoa den baserritarrarena. Preseski, Euskal Herriaren eta Argentinaren arteko antzekotasun oro ez da kointzidentzia hutsa, munduan euskal jatorriko pertsona gehien dituen lurraldea baita azken hori. Juan de Garai Eusko-Argentinar Fundazioaren arabera, gutxienez argentinarren %10ek dute euskal jatorria, lau milioi pertsona inguruk. Hortaz, Argentinan euskal jatorriko zenbat jende dagoen kontuan hartuta, gehiago dira Euskal Herriko herritarrak baino.
Itsasontzi baten...
«Ameriketako konkista baino askoz ere lehenago iritsi ziren euskaldunak hara, Ternuara esaterako, baina lehenbiziko migrazioak kolonizazioarekin batera hasi ziren», dio Cordobako Gure Txokoa euskal etxeko presidente Alejo Martinek. Hiri horretako hainbat kolektiboren historia jaso du Martinek Huellas. Inmigración e historia de las colectividades en Córdoba liburuan, eta euskaldunen migrazio aldien nondik norakoak kontatzen ditu. Nagusiki hiru aldi izan zirela azaldu du: «Lehena XVI. mendeaz geroztik hasi zen. Euskaldunak marinel ezin hobeak ziren, eta kalitate oneko ontziak egiten zituzten; beraz, horiek hautatzen zituzten espainiarrek Ameriketara joateko».
Argentinak Espainiako koroatik independentzia lortu ostean hasi zen bigarren migrazio aldia, 1810etik aitzina eta XIX. mende osoan zehar. «Arrazoi nagusietako bat maiorazkoa izan zen; aitaldeko herentzia semeetako batek bakarrik jaso ohi zuen, eta gainerako senideak esku hutsik utzi. Beraz, migratzea edo kleroan sartzea beste erremediorik ez zuten izaten», jarraitu du. Ordea, migrazioa bultzatu zuten faktoreak gehiago izan ziren, Buenos Airesko Unibertsitateko (UBA) irakasle Eduardo Torry Mendiorozen ikerketek argitu dutenez. Ikerlariaren arabera, karlistaldien amaierak eragindako aldaketen harira hasi ziren bereziki euskaldunak Argentinara joaten, baina baita herrialde hori mundu mailako merkatuan azkar sartu zelako ere.
Gutxienez argentinarren %10ek dute euskal jatorria: lau milioi pertsona inguruk
Arrazoiak arrazoi, XIX. mendea izan zen Argentinak euskaldun gehien hartu zuen garaia, eta hiru etapatan jazo zen hori, Martinen esanetan: «Lehena Iparraldetik joandako artzainek osatu zuten, 1835etik 1853ra. Argentinak konstituzioa onartu eta gero, 1853 eta 1877 artean, 200.000 euskaldunek baino gehiagok jo zuten herrialde hartara, eta panpa hezean kokatu ziren gehientsuenak. Hirugarren etapa 1877tik 1914ra gauzatu zen, Argentinako Immigrazio Legea onartu ostean.
Hirugarren eta azken migratzaile bolada 36ko gerrak eragin zuen, estatu kolpe faxistaren kari ihesean zihoazenek osaturikoa. Hainbeste iritsi ziren, ezen diasporako kideek Argentinako Euskal Immigrazioaren Aldeko Batzordea osatu baitzuten 1940ko hamarkadan, errefuxiatuen finkapena errazte aldera. Horietako bat izan zen Alejo Martinen aita: «Txikia zela etorri zen Lasartetik Argentinara, nire aitonarekin batera».
Euskal Herritik kanpora...
Euskaldun horiek aise lekukotu ziren herrialde berri hartan, eta hamaika ohitura eta ezaugarrik bat egin zuten bertakoekin. Haietako askok gaur arte iraun dute, eta, batzuk nabarmentzen ez badira ere, euskaldun batendako begi bistakoak dira; euskal abizenak, kasurako. Ohikoa da Cordobako probintzian euskarazko jatorria duten kale izenak, herriak eta bestelako toponimoak aurkitzea; izan ere, izen euskalduna duten hamar herri daude gutxienez probintzia horretan: Bengolea, Berrotaran, Coronel Baigorria, Dean Funes, Idiazabal, Mendiolaza, Olaeta, Saturnino Maria Laspiur, Sebastian Elcano eta Vicuña Mackenna. Cordoba hirian Alberdi auzoa da aipagarriena, Juan Bautista Alberdi pentsalariaren omenez hala deitua.
XIX. mendea izan zen Argentinak euskaldun gehien hartu zuen garaia
«Ikaragarria da zenbat jendek dituen euskal abizenak Argentinan», dio Bergarak. Egiaz ere, Juan de Garai fundazioak argitaratutako Familias Vascas en la Argentina liburuaren azken edizioak lurralde osoan barreiaturiko 24.000 abizen baino gehiago jaso zituen; horietako batzuk, gainera, Euskal Herrian jada ez dira existitzen. «Estamentu sozial guztietan daude euskal familia izenak, eta horrek frogatu egiten du haiek izan zuten inklusio azkarra, ez baitzituzten beste kolektibo batzuk bezala estigmatizatu», esan du Gure Txokoa-ko presidenteak. Horietako asko klase boteretsuetan kokatu ziren, Hipolito Irigoien Argentinako lehendakari izandakoa, Justo Jose de Urkiza militarra eta Buenos Aires hiriaren sortzaile Juan de Garai, kasurako. Abizen horiek ohikoak dira euskaldunen ondorengoen artean gaur egun ere. «Politikariak, militarrak eta elizgizonak ziren asko, eta beren izenak jarri zizkioten toki askori».
Gaur-gaurkoz, euskal abizena duten biztanle gehientsuenak panpa hezean bizi dira, XIX. mendean bertan finkatu zirenen ondorengoak. Cordoban ere panparen mugen barrualdean bizi dira gehienak, probintziaren hegoaldean, eta euskal nomenklatura duten herriak ere hor daude gehienak. Cordoban, jatorri horretako abizen ohikoena Garcia da, jada euskararekin harremana galdu badu ere: «Ameriketara iritsi baino lehenago zabaldu zen Espainian, eta herrialde horretako onomastikaren parte da geroztik, nahiz eta, jatorriz, euskal deitura izan», dio Martinek.
Eta ez dakit nora
Ordea, antroponimo horiek identifikatzea zaila izaten da maiz, askok eta askok espainolezko grafiara aldatu baitzituzten. «Euskaldunak Argentinako portuetara iristen zirenean, haien abizenak entzuten zituzten bezala idazten zituzten bertakoek, eta horrek moldaketak eragin zituen». Aitzitik, izen gehienak erdaldundurik iritsi ziren, Europan jasandako inposizio linguistikoen ondorioz. Etxeberria abizena adibide argi bat da: Argentinan ohikoa da izen hori espainolizatua edo frantsestua topatzea, Echevarria edo Etcheberry idatzita.
Juan de Garai fundazioak argitaratutako 'Familias Vascas en la Argentina' liburuaren azken edizioak lurralde osoan barreiaturiko 24.000 abizen baino gehiago jaso zituen
Halere, badira etimologia ziurgabea duten abizenak, Jazmin Ipharrena bezala: «La Panpan jaio nintzen. Aitak hainbat teoria jaso zituen gure abizenaren jatorriari buruz; behin esan zioten Ipar hitzak, h letrarik gabe, iparralde esan nahi zuela euskaraz, baina h letrak nahastu egiten gintuen. Ondoren, fakultateko historia irakasleak esan zidan jatorri arabiarra zuela abizenak, ph grafiak iradokitzen duen /f/ fonemarengatik. Dena den, gero jakin genuen h letraren erabilera jakin hori Ipar Euskal Herrikoa izan zitekeela». Egiaz, frantsesturiko hainbat abizenek /p/ gisa ahoskatutako ph grafia dakarte, eta Iphar abizena oso ohikoa da Nafarroa Beherean; beraz, baliteke Jazmin Iphar XIX. mendean iritsi ziren Iparraldeko artzain horien ondorengoa izatea.
Ezequiel Luque Cordoba hirian jaio zen, eta gogoan du nola bizilagunetako bati el vasco deitzen zioten: «Argentina migratzaileek osatutako herrialde bat da; beraz, arrunta zen jendea bere sorterriaren izenez deitzea, hizkuntza arazoak edo beste arrazoi batzuk zirela medio. Vasco ezizena oso ohikoa zen Espainiako gerraren ondorioz etorri zen belaunaldiaren eta ondorengoaren artean». Gentilizio horrek, halaber, bereizi egiten zituen espainiarrengandik; haiei gallego esaten zaie Argentinan. Izaera langileak eta leialak egin zituen ospetsu euskaldunak, eta hala nola «palabra de vasco esaera» —euskaldunen hitza— ere zabaldu zen.
Izaera langileak eta leialak egin zituen euskaldunak ospetsu, eta «palabra de vasco» esaera ere zabaldu zen
Esku pilota ere elementu bereizgarrienetako bat da, baina ez da hain orokorra. Alejok dioenez, hamaika dira Argentina osoan dauden frontoiak; Cordoban hamar bat daude. «Badago hemengoa den karta joko bat ere, trukoa, eta batzuek diote agian musetik datorrela, baina ez dago frogatuta... Tira egiteko milaka hari egonen dira ziurrenik, oso bertakoak egin baikinen, euskaldunen izaera argentinarra bilakatu arte».
Konturatzerako, Usua Bergara eta haren lagunak inguratzen dituztenekin batera ari dira algaraka. Zamba bat dantzatzera ere animatu dira; zapia eskuan, plastikozko porroia fernetez bete, eta eskuz esku pasatzen ari dira. Behinola herrikideak Argentinan urtu ziren moduan murgildu dira haiek ere besta betean. «Gora Argentina! ¡Aguante Euskal Herria!», egin dute topa.