euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Tango eta Aurresku

Pandemian liburuak argitaratzen

2021/06/21

Aurten bigarren urtez daude gure Euskal Etxeko ekimenak pandemiak eragotzita. Zoritxarrez Iparraldeko Euskal Etxea edo Centro Vasco Frances izena hartzen duen gure euskal elkarteak itxita segitzen du, baina kultura ekintzekin segitzea zaila den testuinguru goibel honetan, zorioneko izan gara, bi liburu plazaratu ahal izan baititugu.

Lehenengoa gure Literatura Lehiaketako ipuin antologia bat da. Argentinako, Amerikako beste herrialde batzuetako eta Euskal Herriko egileen lanak biltzen ditu. Ezinezkoa izan da nahiko genituzkeen testu guztiak sartzea eta soilik saritutako lanak argitaratu ditugu. Azpimarratzekoa, ipuinak zoragarriak direla oso eta batzuek hunkitu ere egin gaituztela.

Gure esker ona EEko lehiaketotan beti lankide ditugun lagunei baina lehenengo aldiz idatzi eta inguratu zaizkigunei ere. Plazaratzen dugun liburu hau zuei guztiei eskaintzen dizuegu. Pozgarria da guretzat zuen obra eta izena zabaltzea. Liburuki honetara bildurik, hiru urte eta ediziotako lan saridunak topatuko dituzue, esan nahi baita IV. ediziokoak, "Nire sentimentuak" izenpean (2016), V. ediziokoak, "Euskaldunez hala kontatu didate" (2019) eta VI. ediziokoak "Emozioak" (2020) izenpean.

Esker bereziak eman nahi dizkiogu Miguel Etxebarriari, bera baita azaleko margolan ederraren egilea eta erraztasunak eman baitzizkigun erabil genezan.

Bigarren liburuak gure EEaren historia hartzen du hizpide eta neronek osatu dut, sentimentuz, maitea oso dudan Iparraldeko Euskal Etxea zer den ezagutaratzeko daukadan beharretik. Hemen igaro ditut nire bizitzako azken ia hogeita hamar urteak. Liburuan bertan esaten dudanez, nire bigarren etxea da, une hunkigarrienak bizi izan ditudan lekua eta baita ezusteren bat ere. Bertan amets egin izan dut eta makina bat une partekatu izan ditut Euskal Herri osoko eta bereziki Iparraldeko lagunekin.

Gauza da sentitzen nuela Iparraldeko EEa ez zirela bakarrik argazki zaharrak edo 1992an Kultura Azpibatzordea sortu zenetik egiten hasi ginen ekimenak, askoz ere gehiago zela. Sentitzen nuen ezagutzen ez diren istorioak eta protagonista eta oinezko pertsona andana bat bazeudela ezagutzeke eta nik haien izenak, eta haien berri irakurtzen nuela erakundeko batzar-agiri eta paperak errepasatzerakoan.

Ikertzen hasi eta mugiltzen hasi nintzen pixkanaka, eta berreskuratzen joan nintzen ordura arte ezkutuan zeuden pertsonaiak, eta hizki txikiko historia agertzen hasi zitzaidan. Egunero gertatzen zena, baina hutsune bat somatzen nuen, eta ohartu nintzen faltan botatzen ari nintzela Euskal Etxe hau egunero egunero osatzen jpan ziren bazkideen presentzia aberatsa. Eta pentsatu nuen unea zela informazio hori azaleratzeko.

Urte batzuk badira nik aurretik sekula egin gabeko lan mota hau egiten hasi nintzenetik. EEko lehenengo bazkide eskabidetik hasi eta, egiari zor, denbora hartu dit 1895etik honako karpeta, agiri eta txostenetan barrena peskizan ibiltzea. Ez baita beti erraza izan hutsuneak betetzea, topatzea falta ziren datuak, bat ez zetozenak edo puzlearen pìeza bakoitza bere lekura ekartzea.

Orain argitara atera dugun liburu honek erakundeko bazkideen zerrenda osatua biltzen du 1895etik 1945era bitartean, barne direla bazkide bakoitzaren izen-deitura, sorterria, ogibidea, bazkide zenbakia, sartze-urtea eta heriotz-urtea. Baita ere eskabideen deskribapen bat eta iruzkinak estatutu eta araudi orokorraren argitan eta urteetan zehar izan dituen aldaketen arabera.

Hau da liburuak egiten dien ekarpena urte hauetako guztietako elkarte-multzoa nortzuk osatu izan duten ikertu nahi dutenei, azaldurik Euskal Herriko zein herrietatik heldu ziren, zertara dedikatu ziren eta euren izen-deitura osoa.

Gure historia ireki eta gure barnea, gure erraiak gardendu ditugu, modu hau topatu dugu Iparraldeko EEa osatu zuen jendearekiko zorra berdintzeko, gogor aritu baitziren espazio hau eraikitzen Ipar Euskal Herria eta Euskal Herria bera paret hauetan bizi zedin, euren herrietan bezala segituz, ospatuz, antolatuz elkarretaratzeak, tradizioak eta batez ere herrikideen arteko lagunartea

Ez naiz ikertzaile edo historialari profesionala, beraz ez zen harritzekoa izango akatsik egotea. Edonola ere, zerbait topatzen baduzue, esaidazue mesedez. Nire helburu eta xede bakarra Iparraldeko-ren historia, nire leku kuttun honen historia, guztiei zabaltzea izan da.

Lehenengo zatia da, zirriborroan bi liburu gehiago ditut, 1946tik 2020ra bitarteko epea jasoz,

Denbora mordoa proiektuari eskainita, baina esan beharrean nago pozik nagoela, sentitzen baitut dagoeneko 126 urteko historia luzea duen gure EEaren osagai dela.

Nire esker ona Zuzendaritza Batzordeari eta bereziki Roberto Plorutti Etchegoyen lehendakariari egin dizkiodan proposamenei beti eskaini dien jarrera onagatik eta sarbidea eman didalako behar nituen paper guztiei. Eta oso esker berezia nire lagun maite Mikel Ezkerrori bere ahokuengatik eta beti hor egoteagatik, alboan laguntzen. Mila esker!

Kontrazala Miguel Etxebarriaren margolan bat da, laguna bera ere, eskertzen diot berau erabiltzen utzi izana.

Iparraldeko Euskal Etxea-CVFk Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzari esker argitaratu ahal izan ditu bi liburuok, bestela ez baitzen posible izango.


-Liburuei buruzko berria, hemen



Norma Beatriz Ríos

Norma Beatriz Ríos

Bertan jaioa, Buenos Airesko euskal giroetan euskaltzaletu zen. Bihotzean daramatza Euskal Herria eta bereziki Iparraldearekiko amodio eta atxikimendu sakona. 2004etik hiriko Iparraldeko Euskal Etxea/Centro Vasco Francés-eko Zuzendaritza Batzordeko idazkari. 1895ean sortutako elkarte hau bere bigarren etxetzat jotzen du eta ia 130 urte luze hauetan osatu duten euskal-argentinar belaunaldien ondorengo eta oinordeko sentitzen da. 1992an gazte jende batzuk elkarteko Kultura Azpibatzordea hasi zutenetik euskal etxeak kultura arloan egin dituen proiektu abantxu guztietan partaide.

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia