euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Errikotxikiko nire txokotik

Ukrainak min

2022/04/12

Ukraina, Europa eta mundua hankaz gora jartzen ari diren azken gertaera lazgarrien aurrean, Arantzazu Amezagak gogoeta egiten du Nafarroatik eta bertako historiatik abiatuta gerraren eta Putinen ekinbide hiltzailearen erabat kontrako jarrera agertuz. Lerroak gerra hasi eta gutxira idatzita daude, pasadizo gordinenak oraindik gertatzeke edo euren berri zabaltzeke zegoela.

Nafarroako Erresuma, 1512an inbaditu zuten Albako Dukearen tropek Fernando Katolikoaren agindupean, eta hala galdu zuen Nafarroak independentzia, "balio handiko jantzia" (prenda de alto valor), Jose Jarautaren Monteagudoko Paloteadoaren ahapaldiak gogorarazten digunez. XIX. mendera foru-frankizia batzurekin iritsi ginen eta gobernu zentralak garbituko zitueneko mehatxuak gerra karlistak deiturikoak eragin zituen. Gerrilla gerraz egin zioten aurre baskoinek amerikar kolonien independentziaren ondoren munduaren jabe ez izaten hasia zen espainiar Inperioko armada hari. Amerikako gerra galdu zutenek, Ayacuchoek, gerra eta Forua gal genezan lortuko zuten, penintsulako inperioa sendotu nahian.

Gerra haien ostean aztarna fiskal batzuk geratu zitzaizkigun eta gobernu zentraleko Ogasun ministro German Gamazok, 1893, kentzea erabaki zuen. Nafarrek aparteko gizalegez erantzun zuten: bertako plazetara jendetsu eta baketsu kaleratu ziren eta 120 mila nafarrek Nafarren Urrezko Liburuan sinatu zuten, Maria Cristina erregina erregeordeari honakoa esanez: …debe comprender que Nabarra tiene a su lado a las tres Vascongadas....¿vale la pena que por sostener la actitud de un Ministro de Hacienda... corramos el riesgo de una guerra civil que por poco que durase causaría males sin cuento a la Nación, quebrantos al trono y gastos muchos mayores que la cantidad que Gamazo quiere recaudar en Navarra?....

Nafarrek beren ordezkariak bidali zituzten Madrilera, euren artean Arturo Campion idazle polifazetiko, historialari eta euskerologoa. Han, ordezkari haiek hitzaren bidez defendatu zuten beren kausa: ez zieten jaramonik egin, ez zuten ziotena ulertu, egia, baina atzera etorri zirenean, Castejongo geltokira iritsita, jendetza batek harrera gogotsua egin zien bitartekariei, Bakea eta Foruak oihukatuz. Gertaera eredugarria berez. Herriak bere ordezkarien ausardia eta zintzotasuna goretsi zuen, euren ahalegina baloratu, euren kausa txalotu, eta guztiek bakerako konpromisoa hartu zuten, bozkario publikoa ekar zezakeen oinarrizko eskubideen aldeko borroka politikoari muzin egin gabe.

Hau guztia gogora datorkit, paralelismo nabariak baitaude, Errusiak Ukraina inbaditu duen egun hauetan. Manifestazioak ikusi genituen Moskun gerra arbuiatzeko, bakea negoziazioen bidez baieztatu eta gastu militarraren oparotasuna eta militarizazio soziala salatzen, buruzagi mesianiko baten ahotsa txikitzen, hura Siberiako bunkerraren babesean ideia inperialisten aireratzaile, inbasio justifikaezin honen abiatzaile.

Putinek eta bere kuadrilak nerabeak bidaltzen dituzte tropa zerbitzuan, populazio zibila bonbardaketa gupidagabeetan erasopetu eta korridore humanitarioak trabatuz. Baina espero ez zuten Ukrainaren erresistentzia topatu zuten, bere burujabetasunaren defentsan. Eta ezusteak nahastuta eta asmatu gabe, Europar Batasuna eta Estatu Batuak arma nuklearren gatazka global batekin mehatxatu dituen Putin ilun bat ikusten dugu, gu guztiok gerraren kale lazgarrian sarrarazteko irrikaz. Dena heriotza, pobrezia, ebakuazioa.

Bihotza dardarka minutuz minutu ari naiz ikusten, ia bertatik bertara egungo komunikabideei esker, bonbek errukigabe erasotutako hiriak, eraikin zibil leherraraziak, tanke iladak etorbide eta kaleak buxatzen, geltoki blokeatuak heriotzetik ihesean atera nahi duen jendeari irtetea oztopatzen, hornidurarik gabeko gasolindegiak, janaririk gabeko supermerkatuak, dirurik gabeko kutxazainak, botikarik gabeko farmaziak. Jendea metroko pasabide abegigabeetan lo egiten, edo oinez errepide birrinduetan. Haurren negarrak belarriak zulatzen dizkit eta emakumeen garrasiek bihotzari hozka egiten. Gizon armadaratuak... Barneko amesgaizto batek astintzen nau, gogoan baititut nire seme-alaba eta bilobak, eta besteenak, beren familiak poloniar lurretan salbu utzi eta atzera gerra-lekura itzultzen direnak, beren nazioaren defentsan.

Amesgaizto honen erdian, Putinengan, zorigaiztoko pertsonaia horrengan zuzentzen dut arreta. Bere biografiak izu-ikara sortzen du. Jasan behar izan ditugun hainbat agintari dogmatikoen haragiztapena da, mapetan eta aterpetik beren inperioarentzako --alegia beren buruarentzat-- mugak diseinatu dituztenena, konkista militarra eta sarraskia bultzatuz, manipulatuz eurek ere sinesten ez dituzten naturaz gaindiko idealak. Arerioaren arrazoiaren deskalifikazioa, euren zentzugabekeria ezartzeko. Gezurra egia mozorrotzen. Indar militarra erabiltzea, ez direlako gai inolako elkarrizketarik izateko.

Noiz arte onartuko du(gu) gizateriak Putin bezalako gizonek gure bizitzak hankaz gora jartzea? Gu pobreago egitea, eta ez bakarrik ekonomikoki moralki ere baizik? Noiz arte jasan behar dugu gure historiako orrialde beltzenak idatzi dituen jendilaje megalomano klase honen autismo izugarriak ezartzen digun zigorra? Julio Zesar Galia konkistatzen, Karlomagno Europa, Fernando Katolikoa inperio bat eraikitzen Europan eta Amerikan, Napoleon mugak kanoikadaz gainditzen, eta berriena eta Putinek imitatzen duena, Hitler beldurgarria, Mussolini eta Abisiniaren konkista, Stalin eta bere beldurrezko erregimena ez aipatzearren, edo Franco eta bere gerra madarikatua. Lerro hauek Emakumearen Eguneko hilabetean idazten ditut eta ozen aldarrikatzen dut, minez erditu eta maitasunez hazi ditugun seme-alabek etorkizun zabala eta ona izateko duten eskubidea, ez gudu-zelai batean hiltzekoa. Bizitza dakargunak gara.

Negu bukaerako arratsalde euritsu baina ilunabar argitsua duen honetan, udaberria hasten duten aranondoen loraldia ikusten dut... eta Castejongo jai demokratikoa ekarri nahi dut gogora, herriaren eta buruzagien arteko topaketa garbia, diskurtso politikoa aditz demokratikoekin jokatuta, gure mugetatik ez haratagotzeko gure Foruaren funtsezko agindua. Nafarroak bere errege eta erreginak, bere arteko gainerakoak baino gehiago balio ez zutela gogoratzeko Obanosko Infanzoien modua: Gizon (eta emakume, gehitzen dut) askeak, Aberri askean... harro naukaten hitz historikoak dira, gizalegea baitute hizpide, arrazoimena, elkar-aditzea, dialektika... gizateriaren ezaugarri harrigarri ditugunak espezie gisa eta gerraren inposaketa erabiltzen dutenek kendu nahi dizkigutenak.



Komentarioak

  • Ukrainak min

    Hausnarketa sakon eta gizatiarra. Eskerrik asko, Arantzazu.

    Iñaki Sarriugarte Irigoien (Galdakao (Bizkaia)), 2022/04/13 06:40

« aurrekoa
hurrengoa »
Arantzazu Ametzaga

Arantzazu Ametzaga

Arantzazu Ametzaga Iribarren liburuzaina eta idazlea da. Errikotxiki-tik idazten du, Eguesibarrean, Nafarroan

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia