euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Errikotxikiko nire txokotik

Arrotxapetik Iguazura pampatik pasatuz: Eskorgaren Euskalduna

2022/08/03

Arrotxapea nafar hiriburuko auzo zahar bat da. Ez bere sorgunea bezain zaharra, Burdin Arorako Arga ibaiaren arro zabalean kokatua, eta euskaraz, bertako hizkuntzaz, Iruñea izena hartu zuena, hiria alegia. Gero, konkistatu eta Pompeio erromatarrak berreraikiko zuen, bere izena ere emanez. Nafarroako Erresumako hiriburu izan zen.

Arrotxapea hiri gotortuaren hormetatik kanpo, extra muros, joan ziren eraikitzen, baserritarrek gehienbat. Gaur egun jende asko biltzen duen auzoa da, XX. mende hasieran handiegia ez bazen ere Guillermo Isidro Larregi Ugarte gaztearen aurrerabide nahiarentzat, Argentinara emigratzea erabaki zuelarik.

Euskaldunen Herria 1872-76ra kolpatu zuen Bost Urteetako Gerraren ondoren, gazte askok erabaki zuten emigratzea, arrazoi ekonomiko eta politikoak medio: gerra galdu ostean, Forua garbitu zuten, autogobernuaren babesle, eta ahitu zen ohitura zaharraren arabera bizitzeko ilusioa, Nafarroako Erresuma izatea izan gabe

Bide eta erakunde asko zeuden orduan gazteak Mundu Berrira abiatzera bultzaka. Izan ere, handik, hazi ahal izateko populazio eske zetozkion gerrek eta gatazka sozial eta ekonomikoek estututako Europa unatu bati. Agintzen zuten —hala zioen propagandak— kapital asko denbora gutxian.

1885eko azaroaren 27a abiatu zen gure Larregi Arrotxapetik, seguruenik txartela emigranteen bidaia bigarren mailako ontzietan antolatzen zuten mafietako batean erosita, Atlantikoa arrisku handiagoz eta pilatuta zeharkatuta, arriskuz sartuz Rio de la Platan ere, indioen Paraná Guazú-n, azkenean abentura horretatik arrakastaz iritsiz hazkunde ikusgarria hasia zuen Buenos Aires batera.

Gutxi dakigu peoi eta itsasgizon lan egin zuen urte haietaz,. Ondoren aldatuko zen inguru naturala bilakatu zitzaion hartara, pampara, honen mugak hiri kosmopolitatik hegoalde antartikoraino zabalduta. Agian pampako haizeak, bere ufada hotz eta ekaiztsuekin, gogora ekarriko zion Larregiri bere jaioterria Pirineo barnealdetik astintzen zuen ipar haizea.

Ez dakigu immigrante guztiei jotzen dien herriminak zein gogor jotzen zion berari, ezta ere 50 urteetaraino eraman zuten bere eguneroko zereginez. Bakarrik dakigu momentu fundazionalaz, beste euskaldun batzuekin bilduta, agian azienda zaintzen zuten tambo batean —seguru unai edo artzain aritu zela, beste hamaika euskaldunek bezala Ameriketan—, agian pamparen neurrigabetasuna komentatzen ari zela —pampa hitz ketxua da, hura bezalako lautada zuhaitz gabea definitzeko—, Larregik, mate mingotsa edanez eta belarrezko bide mugagabea argitzen zuen hegoaldeko izarraren pean, erabaki zuela hura zeharka zezakeela bere oinak eta eskorga bat lagun bakartzat.

Kemena soberan zeukan erronka hari eusteko eta ebazmena aski bere hitza betetzeko. Ez zen alferrik Argentina osoan gauza ezaguna Euskaldun Hitza bete egiten zela  eta fidagarria zela edozein ekitalditan, izan salerosketa edo bestelako giza-tratua.

Honela hasi zen Eskorgaren Euskaldunaren abentura. Gaur egun pisua irudituko zitzaigun bat lortu zuen, eta bere puska guztiak bildu: oihal-etxola bat pampako gauetan lo egiteko, janaria prestatzeko tresneria, eta ordezko arropa. Eta honela hasi zuen 22 mila kilometroko ibilaldia, luzera hori bete baitzuten pulperiako hitz-emate egun hari segitu zioten bere ibilerek. 

Bere parioa zenez, ez zuen deus irabaztekorik betetzea baino, beraz bere ekimen ibiltari bakarti hartan ez zen bestelako korritu, etekin edo errentarik. ez dakigu zein luze egin zitzaizkion oihal-dendapeko gauak bere ibilbidean, ez eta ere zer pentsatzen zuen belarrezko bidexketan barrena ematen zituen egun luzeetan.

Eskorgaren Euskaldunak ez zuen bere burua hizpide, itsaso pampatarra oinez zeharkatzeko bere hitza baizik. Herrixkei, iristekoa zela abisatzen zien, eta herritarrek atseginez errezibitzen zuten eta inor ez zen harritzen hura hala izateaz.

Euskaldun batek ongi daki-eta zer den bakardadea, eta helburu jarri dituenak lortzen baieztatzen du bere burua. Bizi da gogoan hartzen dituen ardura sekuentzia batzuei erreparatzen, eta ez die muzin egiten, galeraren eskarmentuan hazi baita, ez nigar egiten, aurre egiten baino.

Kalamu eta zaku-oihalezko ehundaka espartin xehatu zituen, gautxoak, pampako gizaki askeak, ibiltzeko arinak zirelako erabiltzen baitzituen; eta burua eguzkitik eta euritik babesteko txapela erabili zuen, Zumalakarregik nazionala bilakatu zuen huraxe, eta generala, Forua Zazpi Urteetako Gerran defenditu zuen berbera; han ere, Andimendin, bideetan barrena ibili behar izan zuten gerrilla gerra hartan. Otordua ez zuen Larregik gorputzarekiko zor bat kitatzeko une soil bezala ikusten, bere bizimodu ibiltariaren kalitatea hobetzeko gogoetarako aukera bezala baizik,

Hiru ibilbide handi egin zituen Eskorgaren Euskaldunak Argentinan, baina azkenak zerikusia izan zuen Arga ibaiarekiko zalantzarik gabe sentitu zuen oroiminarekin eta, haren ertzean kokatzen den Arrotxapeko bere jaiotze-auzoarekin. Iguazú-ko ur-jauzietaraino heldu zen, bertako ur jauzkariak Hego Ameriketako ibai handien sorgune..

Eskorgaren Euskalduna zahartzen joana zen, bere urteen amaiera hurbilago zeukan eta atzean utziko zituen belarrezko lautada zabalak, pampako haizeak... eta ur oparoaren babesean Arga ibaiak Urkiagan jaiotzen denean sortzen duen marmar ibitua bilatzen zuen, bere umetako ibaia, Nafarroa zeharkatu eta bertako haritz eta pago basoei hezetasuna ekartzen diena.

Bildu zitzaizkion agian bere martxa bakartien akidura, handiena seguruenik Arrotxapetik emigratzearena, emandako hitza betetzeagatik berriztapen pertsonala, bizitzaren zikloa beteta, eta garrantzitsuena izan gabe Argentinar Nazio berrian zigilu gisa bertako populazioetako baten irudiaren marka uzten zuena, euskaldun tematia, bizitza erronka gisa ulertzen duena.



hurrengoa »
Arantzazu Ametzaga

Arantzazu Ametzaga

Arantzazu Ametzaga Iribarren liburuzaina eta idazlea da. Errikotxiki-tik idazten du, Eguesibarrean, Nafarroan

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia