euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Diaspora bizia

Euskal diaspora etorkizunean (konplexua)

2020/04/29

Ez geratu geldirik
bidearen ertzean
ez izoztu poza
ez zazu nahi gogorik gabe.
ez zaitez salba orain
ezta Inoiz ere

(Mario Benedetti, "No te salves", Poemas de otros, 1983)

Etsipenez jaso genuen orain pare bat egun Noriega hotelaren itxiera iraunkorraren berria Covid-19ak eragindako konfinamendua altxatzen denean. Elizalde familiaren eskuetan azken 89 urteetan, Kaliforniako Bakersfield-eko euskal ostatu hau Estatu Batuetako zaharrena zen, ateak 1893an inauguratu zutenetik zabalik.

Ez 1915eko Gerra Handiak, ez 18ko influentzaren pandemia hilgarriak, ez 30eko hamarkadako depresio handiak, ez Bigarren Mundu Gerrak ere zizkioten ateak itxiarazi.

127 urteko historian, euskaldunen (eta amerikarren) belaunaldi ugarik, bizitza ospatzeko topaleku bihurtu zuten Noriega. Familia zabal bat eraiki zuten, Euskal Herri urrun batean atzean utzitako familiaz haraindi, bakardadearen eta etxe galduaren nostalgiaren aurkako antidoto gisa.

Noriega hotelak, euskal diasporen geografian zehar garai ezberdinetan sortutako beste erakunde askok bezala, izaera afektiboko sare sozial konplexuak ehuntzen lagundu zuen.

Izaki sozialak garen aldetik, komunikatzeko eta konektatzeko berezko beharra dugu, izan Noriega bezalako espazioetan edota azken urteotan teknologia berrien inplementazioaren amorruan sortu ditugun online komunitateetan, gure isolamendua apurtuz eta gure maiteengana hurbiltzea erraztuz.

Izan ere, ez da batere kointzidentzia euskal munduko lehenengo webguneak diasporan sortu izana.

[Sara herri lapurtarreko St Martin Elizako dorrearen argazkia, bere esaera ozen aldarrikatzen, "Oren guziek dute gizona kolpatzen azkenekoak du hobirat egortzen" (Zaldi Ero©ren politesia)]

Bizi dugun aurrekaririk gabeko egoera larri honetan gero eta kontzienteago (eta menpekoago) gara teknologia berri horiekiko, distantzia fisiko eta tenporala desagerrarazi baitute, hurbiltasun- eta enpatia-zentzua proiektatuz, iragankorra izanik ere.

Erosotasuna bilatzeko, beste batzuekin konektatzeko aukera ematen digute, eta agian mundua modu desberdinean hautematen ere lagunduko digute, une batez bada ere.

Orain, tunelaren amaieran argi xume moduko bat sumatzen dugun honetan, iraganeko "normaltasun" batera itzultzea imajinatzea dagokigu, aditza iragan amaituan jokatuz --begirada izan ginenaren ispiluan ipinita-- edo badintza xinplean --izatea gustatuko litzaigukeenaren itaunei lotuta-- edo, zergatik ez, etorkizun xinplean, bere konplexutasun, kontraesan eta ziurgabeziekin.

Ez dira berdinak izango, baina Noriega berriak etorriko dira, mundu fisikoan edota digitalean. Euskal diasporak norantz egingo du? Zuri nola gustatuko litzaizuke irudikatzea etorkizuna?



« aurrekoa
hurrengoa »
Pedro J. Oiarzabal

Pedro J. Oiarzabal

Pedro J. Oiarzabal doktorea da Zientzia Politiko-Euskal Ikasketetan, Nevadako Unibertsitatean Renon (AEB). Bi hamarkada daramatza ikerketa eta aholkularitzan, politika publiko gaiak (herritartasuna atzerrian eta itzulera), diaspora eta teknologia berriak, eta memoria sozial eta historikoa (ahozko historia, migrazioa eta erbestea) aztertzen, indar berezia jarriz euskal kasuan. Twitter-en @Oiarzabal

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia