euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Diaspora bizia

Diasporako bozka: minimo historikoa baina erabakiorra?

2020/07/08

Uztailaren 12an hitzordua daukagu Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarra berritzeko eta hauteskundeetara deituak izan dira baita ere atzerrian (beti edo momentu honetan) bizi diren eta bozkatzeko eskubidea daukaten 75.990 pertsona. Hautesle horien % 59 Ameriketan bizi dira, eta %37a Europan. Argentina, Mexiko, Txile eta Venezuela dira hautesle gehien biltzen dituzten herrialdeak, orotara 29.699 pertsona, kopuru osoaren % 39. Hala ere, Frantzia da botoa emateko eskubidea duten egoiliar gehien dituen herrialdea, 12.732 pertsona (ia %17), eta bertan, Europako zati handi bat bezala, COVID-19aren egoeratik sortutako "normaltasun berria" dago indarrean.

Zeu ia 76.000 pertsona horietako bat bazara eta botoa emateko asmoa bazenu, ekainaren 16a baino lehen eskatu behar zenuen. Zuetako zenbatek egin duzue? Eta eskatu duzuenetatik zenbatek emango duzue azkenean botoa uztailaren 7tik 10era bitartean? Nola eragingo dio pandemia birikoak diasporaren botoari, batez ere Amerikako kontinentean bizi direnei?

Galdera horien erantzunak uztailaren 17an ezagutuko ditugu, data hori aukeratu baitute kanpoko egoiliarren botoa zenbatzeko. Hala ere, kanpoko botoak aurreko hauteskundeetan izandako ibilbidea gogoan hartzen badugu, ez da oraingo honetan boto ugari izatea espero. Zoritxarrez, agian minimo historiko baten aurrean topatuko gara, eta, paradoxikoki, kanpoko egoiliarren botoa erabakiorra gertatu ahal izango da hautagaien arteko boto-aldea minimoa bada barruti bakoitzeko azken eserlekuak esleitzean, aurreko batzuetan gertatu den bezala.

Zeintzuk dira hauteskunde hauetan parte hartzen ari diren alderdi politiko nagusien proposamenak, diasporari, kanpo-ekintzari, herritartasunari eta kanpoko enpresa-sareari dagokienez? Errepasa dezagun alderdiz alderdi.

Elkarrekin Podemos. Elkarrekin Podemos-Izquierda Unida Ezker Anitzaren Hauteskunde Programan euskal diasporaren egitura instituzional eta soziokulturalarekin lotutako ekintza espezifikorik nabarmentzen ez bada ere, alderdi honek "Kanpo Harremanetarako Euskal Lege" berria egitea eta "Euskal Enpresek Kanpoan dituzten Eraginak Ebaluatzeko Zentro" bat sortzea planteatzen du.

Partido Popular-Ciudadanos. Alderdi Popularra-Ciudadanos-en programan, euskal diasporarik ez dago. Euskadiko mugetatik kanpo bizi diren euskal herritarrak ikustezinak dira koalizio honentzat.

Euskadiko Alderdi Sozialista. Euskadiko Alderdi Sozialistaren Hauteskunde Programak Etxepare Euskal Institutua eta "Euskara Munduan" programa indartzea azpimarratzen du, "Munduan dauden euskal hiztunen komunitateak indartzeko eta areagotzeko", bai eta enpresak nazioartekotzea ere.

Euskal Herria Bildu. Euskal Herria Bilduren Hauteskunde Programak euskal diaspora eragile aktibo gisa identifikatzen du, eta Euskadiren nazioartekotze-prozesuan sendotu eta aintzatetsi behar direla esaten, "Nazioarteko Harremanen Saila" sortzeko ahaleginean sakonduz, "Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Koordinazio Exekutiboaren Legearen" garapenaren babespean.

Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV). Bere hauteskunde-programan, Eusko Alderdi Jeltzaleak euskal interesak munduan sustatzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartzen du, euskal etxeen sarea eta Basque Global Network indartuz. Hau da, "Euskadiren eta kanpoko euskal komunitatearen arteko lotura estutzen jarraitzeko eta diaspora tradizionala zein berria bilduko dituen benetako euskal komunitate globala egituratzeko" konpromisoa hartzen du, "Euskadiren kanpoko ordezkaritzen sare instituzionala handitzea" proposatzen duelarik..

Espero dut datorren igandean Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetan lehiatuko diren alderdi politikoen proposamenen laburpen labur xume honek balioko duela zalantza batzuk argitzeko, botoa berresteko edo, hala badagokio, aldatzeko.

Bakoitzak bere ondorioak aterako ditu.



« aurrekoa
hurrengoa »
Pedro J. Oiarzabal

Pedro J. Oiarzabal

Pedro J. Oiarzabal doktorea da Zientzia Politiko-Euskal Ikasketetan, Nevadako Unibertsitatean Renon (AEB). Bi hamarkada daramatza ikerketa eta aholkularitzan, politika publiko gaiak (herritartasuna atzerrian eta itzulera), diaspora eta teknologia berriak, eta memoria sozial eta historikoa (ahozko historia, migrazioa eta erbestea) aztertzen, indar berezia jarriz euskal kasuan. Twitter-en @Oiarzabal

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia