euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Diaspora bizia

Aldi onari begira

2020/10/21

Gibel ekaitzari, bular aldi onari, dio esaera zaharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrerako 2020ko uztailaren 20ko hauteskundeen emaitzek gehiengo berri bat marraztu zuten Eusko Alderdi Jeltzalearen eta Euskadiko Alderdi Sozialistaren arteko koalizio-gobernua eratzea ahalbidetuz. Iñigo Urkullu lehendakari berrautatzea bermatu zuten, 2008ko krisi finantzario eta ekonomikoaz geroztik legegintzaldi zailenetako bat aurreikusten den honetan, bereziki Covid-19k ekarritako ondorioengatik.

Bien bitartean, Euskal Herritik haratagoko euskal mundu instituzionala balantzaka dabil bere erakundeen biziraupen fisiko soilaren eta bere jarduerak online sare sozialetara aldatzearen artean, emaitza bikainekin, bestalde. Euskal diasporako erakundeek erakusten duten irmotasunak eta erresilientziak ez dute, berez, denboran aurrera jarraitzea bermatzen, batez ere, pandemiak tragikoki kontrolik gabe jarraitzen duen herrialdeetan.

Inoiz baino beharrezkoagoa egiten da erakunde publikoen (eta, zergatik ez, pribatuen) arteko lankidetza —diasporak eragile aktibo gisa parte hartuta— pandemiaren ondorioei oso-osorik helduko dien epe ertain eta luzerako plan estrategiko bat abian jartzeko.

Gipuzkoako Ormaiztegin 2020ko irailaren 8an Euskal Diasporaren Egunean egindako ekitaldi instituzionalean, Urkullu lehendakariak berretsi egin zuen "konpromisoa" duela "herri honen alde, euskal herritar guztien alde Euskadin eta munduan lanean jarraitzeko". Ez da "austeritate" garaia, esan zuen Eusko Jaurlaritzaren urteko aurrekontuaren lehen zirriborroa aurkeztean.

Izan ere Gobernuak Legebiltzarrera bidali berri du XII. Legegintzaldiko Gobernu Programa, "Euskadi martxan" (2020-2024) eta, bertan aipatu egiten da diasporarekiko konpromisoa, honako termino hauetan: "Munduko Euskal Diasporarekiko loturak indartzea" dauka helburu, ekinbideetan honakoak finkatuta hurrenez hurren: "Euskal Etxeen ekimenak eta proiektuak babesteko programak handitzea, gazteriari zuzendutako berariazko lan-plan batekin, belaunaldi-erreleboa bermatzeko"; "“Basque Global Network” sare birtuala finkatzea eta hedatzea, munduan benetako euskal erkidego globala eratzeko"; "Euskal emigrazio berriaren mapa bat ezartzea, euskal diaspora berri honetara egokitutako arreta- eta lotura-politikak diseinatzeko"; "Atzerriko euskal erkidegoan ahultasun-egoeran dauden pertsonei arreta ematea"; eta "Itzultzea erabakitzen duten pertsonei aholkularitza ematea, eskuragarri dituzten programen eta ekimenen berri emanez".

Are gehiago, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak Ipar Amerikako Euskal Erakundearen (NABO) urriaren 10eko azkeneko online bileran, euskal erakunde publikoen eta diasporako euskal gizatalde eta etxeen arteko harremanak ezartzen dituen maiatzaren 27ko 8/1994 Legea "aldatzeko eta egokitzeko" konpromisoa aurkeztu zuen.

Kataluniako Gobernuak 2002an eta 2017an berritu zuen bere diasporari buruzko legea, lehenengoa 1996koa zuela. Espainiako (2006), Extremadurako (2009) eta Galiziako (2013) gobernuek ere gauza bera egin zuten. Atzerapen handiz bada ere, 8/1994 Legea eguneratzea albiste bikaina da. Lege hori berritzekoa zinez beharrezkoa denez, Eusko Jaurlaritzak tresna berri bat izango du (hala izatea espero dugu), erabilgarriagoa eta eraginkorragoa, XXI. mendeak ohikoak egin dizkigun mugikortasun- eta itzulera-errealitate berriei eta baita ere atzerrian dauden euskal herritargo historikoaren zein garaikidearen beharrei eta eskaerei eraginkortasunez aurre egiteko. Ikusiko gauzak nola garatzen diren..

Datozen lau urteetarako norabidea finkatuta, eta Covid-19ren eraso oraingoz geldiezinen aurrean, Euskadik ibilbide berri bati ekingo dio. Kanpoko euskal gizartea barne izango al da?

Gibel ekaitzari, bular aldi onari.



hurrengoa »
Pedro J. Oiarzabal

Pedro J. Oiarzabal

Pedro J. Oiarzabal doktorea da Zientzia Politiko-Euskal Ikasketetan, Nevadako Unibertsitatean Renon (AEB). Bi hamarkada daramatza ikerketa eta aholkularitzan, politika publiko gaiak (herritartasuna atzerrian eta itzulera), diaspora eta teknologia berriak, eta memoria sozial eta historikoa (ahozko historia, migrazioa eta erbestea) aztertzen, indar berezia jarriz euskal kasuan. Twitter-en @Oiarzabal

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia