euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Eloy Placer, 50 urte (Berrian)

2024/02/27

Iraulketa garaia izan zen aurreko mendeko 70eko hamarkada Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) euskal diasporarentzat, eraldaketa, poliki-poliki, lehenagotik zetorren arren. Han bertan, baina baita Euskal Herrian eta oro har mundu osoan ere bizi zen giroaren ispilu, barne tentsioei iskin eginda, trantsizio unea gaindituta, paradigma berriekin hasi zen lanean komunitatea.

Lotura: Berria

Iñaki Galdos Irazabal. Horren fruitu izan ziren, besteak beste, hemengo politikarekiko —Francoren diktadurapean oraindik— inplikazio handiagoa eta zenbait erakunde berriren sorrera, hala nola, NABO (North American Basque Organizations) eta Nevadako zein Idahoko euskal ikasketen programak, batez ere lehenengoa —Center for Basque Studies (CBS)—, oraindik ere biziki indartsu dagoena.

Testuinguru horretan hasi ziren antolatzen hango belaunaldi berriko euskal-amerikar gazteentzat ikastaro zein ikasturteak Euskal Herrian. Ibilbidea luzea da, gaur egun arte irauten duena, baina hiru mugarri garrantzitsu izan ziren orduan, bakoitza bere arrazoiak medio: 1970eko uda ikastaroa Uztaritzen; 1972ko udarakoa Uztaritze eta Arantzazun; azkenik, 1974-75eko ikasturte osokoa Oñatin. Lerroburuak eta aipamen nagusiak batez ere William A. Douglass, Jon Bilbao, Pat Bieter eta Yon Oñatibiak eraman dituzten arren —eta hala behar du—, bazegoen arabar bat bultzatzaileen artean, Ozaetan 1914an jaioa eta Eloy Placer Martinez de Lezea izenekoa. Aipatutako lehen bi ekimenetan Renotik (Nevada) euskal literatura irakastera etorri zena, baina Oñatiko ikasturtera iritsi ez zena, hilabete batzuk lehenago supituan hil zelako. Datorren astean beteko dira 50 urte.

Ez da hau bere biografia errepasatzeko tokia. Sakondu nahi duenak Hamaika Bide elkarteak jaso zuenera jo dezake, edota han-hemenka idatzita dauden testuetara, adibidez bere lankide eta adiskide zen Gerald W. Petersenek Placer hil zenean CBSko berripaperean idatzitako lerro hunkigarrietara. Bai, ordea, bere —eta familia osoaren— bizitza zirraragarriaren zertzelada batzuk ematekoa. Duela 52 urte Euskal Herrian ikasle izan zuen gazte baten hitzetan, pelikula bat egiteko modukoa. Aita umetan, azken karlistadan, Zaragozatik Donostiara etorria, medikuntza ikasi eta Busturia izan zuen lehen destinoa eta han ezagutu zituen Sabino Arana eta bere pentsamendua. Ordurako euskaraz ikasia zen eta bost seme-alaba izan zituen Bizkaian. Ozaetan beste hamar jaioko ziren, tartean Eloy, guztien artean hamaikagarrena. Ama zuten hangoa.

Familia oso abertzalea zen eta gerra iritsitakoan hiru anaia joan ziren Eusko Gudarostera borrokara, tartean gure protagonista. Jose, zaharrena, fusilatu egin zuten, espetxe-kide zuen Lauaxeta baino egun batzuk lehenago. Beste bat, Felix, bala batek hil zuen frontean. Eloyk berak ere heriotza-zigorraren zama izan zuen bi urtez kartzelan, baina azkenean iskin egin zion. Hil zenean Koldo Mitxelenak eskainitako lerroetan, «armetan eta letretan kide» izan zirela gogoratu zuen. Izan zuten, baiki, bien bizitzek antzekotasunik. Hortik aurrera, batez ere 1949an AEBetara alde egin zuenetik, hasi zen bere bizitza intelektual eta akademikoa, bereziki Renoko University of Nevada-ra 20 urte ondoren iritsi zenean, beste hainbat estatu eta unibertsitate atzean utzita. Aberriarekiko eta inoiz erabat menperatu ez zuen euskararekiko zuen maitasunak bultzatuta, izugarria izan zen egin zuen lana. CBSn dago bere artxiboa, diogunaren erakusgarri.

Pakian atseden artu, Eloy, idatzi zuen Robert Laxalt idazle euskal-amerikar handiak 1974ko martxo goibel hartan. Biak fededunak izaki, garbi dago bakearen eta atsedenaren esanahi hura. Baina, memoriaren ikuspuntutik, ustea daukat errazegi uzten ditugula horrelako pertsonak bakean eta atseden hartzen; errazegi ahazten ditugula. Bizitzako beste hainbat kontutan bezala, lehen lerrokoek (edo lehen lerrokotzat ditugunek) eramaten dituztela ospe eta omenaldi guztiak, orain 50 urte utzi gintuen Eloy Placer Martinez de Lezea bezalako gizon erraldoiei itzal handiegia eginez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia