Zuberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko lizeoetan ikasleen hamarrenak baino ez du euskara edo euskaraz ikasten
21/09/2007
Ikasleak, Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasgela batean (argazkia Gaizka Iroz/Berria)
PUBLICIDAD
Hamarretik bederatzik, euskara arrotz. Umezurtz da euskara Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lizeoetan. Euskararen Erakunde Publikoak 2004-2005ean egindako inkesta kuantitatiboan agertu emaitzen argira, Ipar Euskal Herriko lizeoetan ikasten duten hamar ikasletik bederatzik ez dute euskara edo euskaraz ikasten. Murgiltze ereduari so eginez, emaitzak oraindik kezkagarriagoak dira, %2,4 baizik ez direlako. Gainerakoak eredu elebidunetan ari dira (%2,3) edo euskara ikasgai gisa dute (%4,4). Kopuruak ez dira geroztik emendatu eta urte luzeak beharko dira, neurri ausartekin batera, joera hori aldatzeko. Aitor Renteriak sinatua da Berrian agertu artikulua.Kuantitatiboki, euskarak indartze fase bat bizi izan du ama-eskoletan eta lehen mailan (hirutik batek ikasten du euskara edo euskaraz). Kopurua apaltzen da bigarren mailara sartzean, kolegioan (bostetik batek). Euskararen presentzia goi ikasketetan anekdotikoa da, euskal ikasketetan baino ez dutelako euskara proposatzen.
Hezkuntza publikoan ari diren ikasleen euskara maila ezagutzerik ez dago eta erronka horri aurre egin beharko dio Euskararen Erakunde Publikoak. Kontuan harturik ikasle horien ingurua nagusiki frantsesa dela, emaitzek ez dituzte hodei beltzak kenduko euskararen ortzi ilunean. «Gure ustez informazio baliagarri eta zehatzak emateko gai izanen gara heldu diren asteotan», dio Jean Claude Iriart EEPko zuzendariak.
Lanbide eskoletan, %1a baino gutxiago
«Ama eskolan klase bat irekitzen delarik, hamar urteren buruan daude kolegioetan eta 14 urte behar dira lizeoetan ikusteko», dio Iriartek. Desoreka handia dagoela aitortzen du eta handitzen dela, oraindik hezkuntza sektore guztietan ez dagoelako segidarik. Lanbide eskoletan adibidez, ez dago murgiltze eredurik, %0,3k segitzen dute eredu elebiduna eta %0,4k dute ikasgai gisa euskara.
Seaskaren murgiltze ereduan kopuruak gora doaz beti, baina barne konparaketa kezkagarria da. 1.600 ikasle pasa ari dira ama-eskoletan edo lehen mailan, 700era ozta-ozta heltzen dira Seaskak dituen hiru kolegioetan eta ez dira 200 ikaslera heltzen duen lizeo bakarrean. Gaur egun 59 ikasle daude terminalean, 49 lehen urtean eta 79 bigarrenean. «Ondoko urteotan orain arteko lanaren emaitzaren ondorioz gorakada espero dugu terminalean, eta joera hori egonkortzea espero dugu, lehen mailetako kopuruak azkar emendatu direlako», nabarmendu du Gillermo Etxebarria Bernat Etxepare lizeoko zuzendariak.
Eskaintza urria oztopo
«Lizeoko 12 ikaslek Hego Euskal Herrian segituko dituzte ikasketak aurten eta bertze zortzi inguruk Baionako fakultatean», dio Etxebarriak. Seaskak ikas prozesuan zehar pairatzen duen galera azaltzeko arrazoi ugari daudela dio.
Unibertsitate eskaintza murritza eta lanbide heziketan euskara eskaintza eza dira, Etxeberriaren iritziz, bertze bi arrazoi nagusi. Emeki-emeki ikasle gehiago doaz Hego Euskal Herriko unibertsitateetara eta ikasprozesua euskaraz egiteko aukera ikusten dute. «Hala ere Madrilen menpe dago hori eta paperkerietan itotzen gaituzte, oraindik ez dakigu gure ikasleek nahi dutena ikasteko aukera ukanen duten».
Gazteak euskalduntzeko egiturarik eza
Murgiltze ereduan eskaintza bakarra da Baionakoa eta Nafarroa Behereko zein Zuberoako ikasleek goiz altxatu behar dute hara joateko. Gainera, Barnetegia Kanbon dago (Lapurdi) eta ikasleek denbora anitz ematen dute autoetan.
Euskaraz ikasi ez duten 40 ikaslek eskatu dute Etxeparen ikastea. «Ez dago gazteak euskalduntzeko egiturarik eta maila apalegia zutenez, ezin izan ditugu hartu».
Haurren etorkizuna da familia batzuek duten kezka eta badira, urtez-urte, ikasleak Seaskatik kentzen dituztenak. «Ur tanta bezalako galera da, baina azaldutako arrazoi guztiak kontuan harturik, azaltzen dute lehen maila eta lizeoaren artean dagoen desoreka handia.
EREDUEN KALITATE MAILA HOBETZEA
ETA ESKAINTZA ZABALTZEA DIRA GILTZA
Aitor Renteria/Baiona. «Orain artean hezkuntza publikoan ez zegoen lortu beharreko helbururik euskara mailan, irakasleen borondatean oinarritzen zen lana», dio Jakes Sarraillet Frantziako Hezkuntzako Euskara Ikuskariak. Inkesta kuantitatiboa egin ondoren, kualitatiboa egitea da erronka nagusia, errealitatea ezagutu eta etorkizunerako helburuak finkatu ahal izateko. Azkenik, Europako arauei jarraikiz, eredu elebidunean lortu beharko duten euskara maila zehaztu dute. Kolegiotik ateratzean, B2 deritzon maila beharko dute.
Maila hori nola lortu da erronka. Ikuskariak eta EEP gai hori aztertzen ari dira eta urriaren 15a baino lehen proposamenak egin beharko dituzte. «Erronka handia da maila hori lortu ahal izatea orain dugun sistematik abiatuz», dio Sarrailletek. Izan ere, bigarren mailan, kolegioan eta lizeoan ikasgaiak euskaraz emateko gai diren irakasleak behar dira eta holakorik ez dago. EEPk irakasleak euskalduntzeko sistema ezarri beharko du plantan.
Bestalde, eskaintza zabaltzean datza erronka. Aurten, eskaintza egon arren, ez da bigarren mailarik ireki Atharratzen, Donapaleun eta Baigorrin. Kalitateari dagokionez, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ezin du murgiltze eredurik eskaini, legeak ukatzen diolako. Lege berak Seaskaren hedatzea mugatzen du, egoitzak eraikitzeko laguntza publikoa ukatzen diolako, nahiz eta hurbiltasuna funtsezkoa izan irakaskuntzan.