euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Sozialista, mediku eta poeta. Constantino Salinas politikari nafarraren (Altsasu, 1886 - Buenos Aires, 1966) gaineko lilburua kaleratu berri du Angel Garcia-Sanz Markotegi NUPeko Historia irakasleak (Berrian)

04/05/2004

PUBLICIDAD

Alberto Barandiaran. «Euskal sozialismoaren politikaririk prestigiotsuena». Manuel Irujoren hitzetan, Constantino Salinas zen erbesteko Eusko Jaurlaritzan kontseilari izateko hautagairik onena. 1963a zen, eta Salinasek 76 urte zituen. Buenos Airesen bizi zen, eta eskaintza ohorezkoa zen ia, baina sendoa. «Prestigio, esperientzia eta ospea», horiexek Salinasen armak. Ez zuen ezetz erantzuteko betarik izan, Leizaola lehendakariak ez zuelako Irujoren proposamena onartu, baina pasadizoak argi uzten du politikari eta mediku nafarraren itzala. Eta ez euskal sozialisten artean bakarrik.

Lehen Errepublikaren garaian Nafarroako Diputazioko lehendakariordea, Gobernuko ordezkaria eta Nafarroako Kutxako burua izan zen Salinas; parte-hartze zuzena izan zuen garai hartan funtsezkoak izan ziren aferetan, eta ehunka artikulu idatzi zituen. Hala ere, oraindik ezezagun samarra da bere jarduera politikoa, Errepublika aurretik eta ondorengoa batez ere. Ezezagun samarra da, esaterako, bere poesia.Salinasen biografia kaleratu du orain Angel Garcia-Sanz Markotegi NUPeko irakasleak. Eta bereziki begiratu dio, nola ez, ezezagunenari. «Bere dokumentazioa jorratzeke dago» dio, «eta oraindik ez dakigu zer aurki dezakegun».

Politikara, prentsaren bidez

Constantino Salinas (Altsasu, 1886-Buenos Aires, 1966) Altsasuko alkate liberal baten semea zen, eta Zaragozan medikuntza ikasketak egin eta gero, Altsasun jarri zen, mediku. Gazterik hasi zen politikan, ilustratu bati dagokion moduan hasi ere: prentsan artikuluak idazten. 1916an El Alsasuano kazeta kaleratzeari ekin zion, eta, urte berean, El Pueblo Navarro egunkarian artikuluak argitaratzen hasi zen, Altsasuko berriemale izendatu zuten arte. Polemika eta eztabaida frankotan parte hartu zuen, eta, 1918an, PSOE alderdian sartu zen.

Alderdi horren zerrendan, zinegotzi hautatu zuten behin baino gehiagotan, eta Errepublikarako hauteskundeetan, esaterako, hautagai bozkatuena izan zen bere herrian. Ez da harritzekoa, beraz, 1931n Errepublika ezarri zenean, Diputazioko lehendakariorde hori zen Nafarroako aginte kargurik gorena izendatzea. Diputazioan zela, lurraren banaketa izan zuen kezkarik nagusienetakoa, baina oso azpimarratzekoak dira, bere ibilbidean, euskal lurraldeen osaketa instituzionalarekin harreman zuzena izan zuten bi afera. Lizarrako Estatutua da horietako bat.

Euskal estatutuaren eztabaidaren erdian

Euskal estatutua eztabaidatzen hasi zenean, Salinasek udal ordezkarien arteko hainbat bilera zuzendu zituen. Hala hitz egin zuen behin: «Ama Gipuzkoakoa dut; aita, arabarra; neska-laguna, bizkaitarra; ni eta nire semeak, nafarrak gara. Lau lurraldeek bat egiten dute niregan. Nire sorterriari diodan maitasunak bat egiten du aberri handiari diodan maitasunarekin, eta, sozialista naizen aldetik, baita amesten dudan aberri unibertsalarekin ere». Garcia-Sanzen esanetan, estatutuaren aldekoa zen, garbi, baina ez zuen Lizarran egin zen agiria babestu.

Beste afera Nafarroako Kontseiluarena izan zen. 1942an, Eusko Jaurlaritzak erbesteko nafar ordezkariak erakarri nahi izan zituen, lau lurraldeen arteko erakundea sortzeko, eta EAJk harremanak izan zituen Salinasekin. Agirreren gobernuak Frantziara eraman nahi izan zuen, baina Salinasek, azken unean, uko egin zion eskaintzari, sozialisten artean gaiak pizten zituen mesfidantzengatik. Argentinan jarraitu zuen hil arte.1999an, Las Montañas de Navarra poesia liburua argitaratu zuen bere semeetako batek, Gasteizen. Bertan biltzen dira Constantino Salinasek hainbat egunkaritan idatzitako poemak.


GALARRETAKO AMERIKANOAREN LEHENGUSUA

Salinastarrak XIX. mendearen hasieran finkatu ziren Euskal Herrian, Galarretan (Araba) hain justu, baina Constantinoren gurasoak, 1860. urtean, Altsasun ziren jada. Joera politiko garbia izan zuen familiak: aita, alkate liberala izan zen herrian, eta Pedro Salinas Arregi lehengusua eta lagun handia, Donemiliagako alkate eta Arabako Foru Aldundiko diputatua.

Hain zuzen ere, Pedro Salinasen aipua egin zuen orriotan, duela ez asko, Inaxio Lopez de Arana idazle eta itzultzaileak, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberriko Don Pedro pertsonaiak Salinasen bizitzan oinarria zuela azaldu zuenean.

Constantino Salinasek ez zituen komeria gutxiago pairatu. 1934an Guardia Zibilak atxilotu zuen, oso garbi ez dauden arrazoiengatik. Kamioan zeramatela, Altsasun, bizilagun batek kargu hartu zien nonbait guardiei, eta bertan zerraldo utzi zuten tiro batez. Salinas Iruñean egon zen preso hainbat egunez, askatu zuten arte. 1936ko altxamenduarekin, Gipuzkoara joan zen, eta Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Prebisio idazkaria izan zen.

1964an itzuli zen Altsasura. Argentinako enbaxadan bisa eskatzean, trabarik jarriko ote zioten galdetu zion funtzionarioari. «Eskuetan odol arrastoak badituzu...». «Bai» erantzun zuen, «baditut: medikua izan naiz, beti».

(2004-05-04an Berria-n argitaratua)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia