euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Etxebizitzen larrialdiko plana egingo dute Ipar Euskal Herrian; urtean egiten diren babes ofizialeko etxebizitzen kopurua lau halakotu nahi du 2007. urterako administrazioak (Berria-n)

27/05/2005

PUBLICIDAD

Aitor Renteria/Baiona. Etxebizitzen merkatuan prezioek galgarik gabeko gorakada jarraikia bizi duen unean, babes ofizialeko etxebizitzen politikak garrantzi nabarmena hartzen du. Orain artean, gai horren inguruan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ezer gutxi egin dela aitortzen dute gizarte eragileek eta Paueko Kontseilu Nagusiak. Arazoa gero eta gordinagoa da eta deszentralizazio legearen ondorioz Estatuaren eskumenak bere egin dituelarik, Paueko Kontseilu Nagusiak engaiamendu zehatzak hartu ditu larrialdiko neurriak pikoan ezartzeko.

Deszentralizazio legearen ondorioz, engoitik Departamenduak kudeatuko ditu orain artean Estatuaren eskumenak ziren hainbat arlo eta karia horretara diru partida handiak kudeatuko ditu. 2005ean zazpi milioi eurokoa izanen da partida hori. Bertzalde 11,4 milioi euro ukanen ditu lurra eta egoitzak erosteko. Aurten bederen lehentasuna Ipar Euskal Herriari emanen zaiola adierazi du Pepela Mirande Mauleko Kontseilari Nagusi eta Babes Ofizialeko Etxebizitzen Bulegoko lehendakariak. Aditzera eman duenez, laguntza horien %60 eta %63 artean baliatuko da Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan, gaineratekoa Biarnoko egitasmoak bultzatzeko izango da.

Alokatzaileak eta jabeak lagundu

Departamenduko etxebizitzen eskeman funts bat sortzea deliberatu du Kontseilu Nagusiak. Bi eginkizun bermatu beharko ditu, batetik jabe pribatuen eskutan dagoen alokairu eskaintza garatzea eta bigarrenik alokatzaileak etxe duinetan mantentzea. Funts horrek, adibidez, interes apaleko maileguak egiteko parada eskaintzen du, eta etxebizitzak eraberritzeko laguntza.

Jabe batek 5.000 eta 15.000 euro arteko mailegua lor lezake %2,7ko interesarekin, sei urtean ordaintzeko. Helburua bikoitza da, jabearen inbertsioa alokairuaren bidez orekatzea eta alokatzaileari dagokionez, ordaindu beharrekoa diru iturrien arabera egokitzea, familiak laguntzeko kutxak erabiliz. Arlo honetan lortu nahi duten xedea honakoa da, urtero 150 etxebizitza hobetzea. Alokairuen atalean HLM-BOE erakundea da alokatzaile handiena. Departamenduan 6.800 etxe alokatzen ditu, hots, osoko eskaintzaren %25.

Babes ofizialeko etxeak

Eskaria eskaintza baino anitzez handiagoa da eta babes ofizialeko etxeak kudeatzen dituen erakundeak asetu ezin dituen 6.000 eskari ditu Iparraldean. Kopuru hori arretaz hartu behar dela dio Mirandek. «Biztanleen %70ek babes ofizialeko etxebizitza ukan dezakete eskubidez eta ondorioz eskari horiek banaka hartu behar dira egiazki behar handienak dituzten jendeei lehentasuna emateko».

Orain artean ez ziren ehunera heltzen HLM-BOE erakundeak urtero sortzen zituen etxebizitzak. «Baliabide berriekin egitasmo eraginkorragoa hausnartzeko parada dugu», dio Mirandek. Egitasmoak gauzatu aitzin aztertu behar dira eta finantziabideak atzeman. «Gaur egun 700-800 etxebizitza egitea ikertzen ari gara eta ondoko urteotan eginen ditugu». Aurten babes ofizialeko 150 etxebizitza sortuko dituzte, 2006an 250 izanen dira eta 2007an 400. Etxebizitza horiek, merkeak izateaz gain duinak izan behar direla azpimarratu du Philippe Etxeberria HLM-BOEko zuzendariak.Orain artean babes ofizialeko etxe gehienak kostaldean eraikitzen ziren. HLM erakundeak Ipar Euskal Herri osoa hartzen du bere baitan Baiona salbu, azken honek bere egitura propioa daukalako. Orain artean babes ofizialeko etxebizitza gehienak Lapurdi kostaldean egiten ziren. Beharraren ezaugarriak aldatu direla azpimarratu du Mirandek. «Gero eta egitasmo gehiago burutzen ditugu barnealdean, hirigintzaren merkatuak eragiten duen presioa barnealdera bultzatzen duelako baliabide gutxien duen jendea».

Jabetzaren arazoa

Babes ofizialeko etxebizitza gehienak alokairupekoak dira. Hala ere kudeatzen dituen erakundeak eta Kontseilu Nagusiak etxe horien jabe bihurtzeko bidea bermatu nahi die bertan bizi direnei. «Gerta daiteke jendeak etxe horiekin espekulatzea baina ezin dugu jabetza kanpoko dirudunen esku utzi, behar handienak dituzten euskal herritarrei ere bermatu behar zaie jabetza». Horretarako hainbat etxe ezarriko dituzte alokairuan. Horrela atxikiko dituzte oraindik finkatu ez duten epe batez eta ondoren jabe bihurtzeko hautua emanen zaie alokatzaileei. «Iruzurra ekiditeko bideak badaude eta horiek ezarri behar ditugu indarrean». Miranderen ustez, adibide gisa, babes ofizialeko etxea erosi duen pertsonari hamar urtez etxea saltzea debekatzea litzateke neurrietako bat.

«Arazoa ez datza erosketa edo alokairua bultzatzean, baizik eta merkatua arautzeko kasu batean zein bertzean ezarriko diren arauak eta neurgailuak zehaztean». Hainbat neurri erabil daitezke horretarako, bertzeak bertze laguntza ofizialdun etxearen salmenta lehen egoitzarako erabiliko duenari mugatzea.


DATUAK

6.000

Kontseilu Nagusiak 19 kantonamendutako 33 herritan burutu ditu HML etxeak egiteko egitasmoak. Orotara 99 programa gauzatu ditu, 3.772 etxebizitza eraikiz edo eraberrituz. Orain arte urtero 100 etxebizitza sozial sortu izan ditu. Baina egin berri duten Larrialdi Egitasmoaren ondoren, etxebizitzen arloa lehentasun gisa aurkeztu du Kontseilu Nagusiak eta 2007rako urtean 400 etxebizitza sortzea espero dute. 2004ean 142 etxebizitza egiteko egitasmoak finantzatu dituzte, 2005ean 410 inguru finantzatuko dituzte. Babes ofizialeko etxea eskatzen duten hirutik bat berezitako bikotekideak dira. Usu, bi kideek egiten dute eskaria. Haurren zaintza txandaka egiten den kasuan, ezaugarri bereko bi etxe behar dira familia baten egoera berria asetzeko. 6.000 pertsonak egin dute babes ofizialeko etxebizitzaren eskaria. Beraz, oraindik bada zer egina ugari.

(2005-05-27an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia