euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Kukai & Tanttaka Amerikara

15/10/2003

PUBLICIDAD

1937, Gogoaren bidezidorretatik Kukai dantza taldeak eta Tanttakak elkarlanean egindako azken lanak itsasoa zeharkatuko du laster Hego Ameriketan taularatzeko. Urriaren 30etik azaroaren 11 arte, Txileko Santiagon, Montevideon eta Argentinako Euskal Astean aurkeztuko dute dantza eta antzerki ikuskizuna.

Urriaren 30etik azaroaren 11 arte, Hego Ameriketan izango dira Kukai eta Tanttakak elkarlanean egindako 1937, Gogoaren bidezidorretatik lana erakusteko. Txileko hiriburu Santiagon, Montevideon eta Argentinako Euskal Astean aurkeztuko dute ikuskizuna. Hasieratik pentsatuta genuen ikuskizuna Euskal Herrian emateaz gain, hemendik ateratzeko modukoa ere bazela, adierazi du Jon Maya Kukai dantza taldeko kidea. Ameriketan eduki zuten ikuskizunaren berri, batzuk ikusi ere egin zuten hona egindako bidaia batean eta bira bat egiteko Euskal Etxeen proposamena antolatzen hasi ginen, esan du Mayak.

Euskal Etxeekin mantendutako elkarlanaren ondorioz, hiriburuetako antzokietan emango dute ikuskizuna; emanaldiak beti izango dira hiriburuetako antzokietan, euskal komunitateari eta hango publikoari begira. Euskal Herritik kanpo Kukaik eta Tanttakak lan horrekin egindako bigarren ateraldia da, orain gutxi Tarregako antzerki ferian izan baitira. Tarregako esperientzia positiboa ikusita, espainiar estatura eta beste herrialdeetara zabaldu nahi genuke ikuskizuna, adierazi du Mayak.

Gerra Zibilak herbesteratutako zazpi haur euskaldunen istorioa kontatu dute ikuskizunean dantza, musika eta antzerkiaren bitartez. Zazpi umeek Habana itsasontzian elkartzen direnetik kolonietan hiru urte egin eta etxera bueltatzen diren arte bizitako gertaerak azalduko dituzte oholtzara igotzen diren zazpi dantzariek: Alain Maia, Eneko Gil, Urko Mitxelena, Ibon Uharte, Nerea Abesga, Vanesa Castaño eta Jon Mayak. Tanttaka taldeko Mireia Gabilondo da zuzendaria. Kukai taldeko kide Jon Mayak sortu du koreografia Juan Mari Beltranen Gogoaren bidezidorretatik diskoa oinarri hartuta.

(2003-10-15ean Garan argitaratua)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia