euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

3.000

27/03/2009

Herriaren 3000. zenbakiaren lehenengo orrialdea
Herriaren 3000. zenbakiaren lehenengo orrialdea

PUBLICIDAD

Aste honetan bere hiru milagarren zenbakira iritsi delarik, honako zutabea argitaratu du zenbaki berezi horretan Baionako euskal kazetako zuzendari den Janbattit Dirassar-ek. EuskalKultura.com-etik geure edalontzia bildu nahi dugu Herriako eta euskal prentsa osoko lagunengana eta topa egin elkarrekin urtebetetzearendako, hasteko. Lerro hauek omenaldi izan daitezela 1944tik hona eta lehenagotik --Diasporatik ere-- euskal kazetaritzaren sua bizirik atxiki dutenen ohore. Zorionak Herria-ko Janbattit, Peio, Emile, Maixan, Jean... Eta Emile Larrek aste honetako zenbakian berean esaten duen gisan, "Biba, segur, holako gizonak eta emazteak, lehengoak eta heldu direnak. Iraun dezala bai, holakoak eman eta emaiten dituen HERRIA".

Baiona, Lapurdi. Horra beraz eskuetan duzuela Herriaren 3000. zenbakia, Urtatsetik hunat aste guziz aipatzen ginuena. Egia erran, eta karia hortarat plazaratzen dugun gehigarri berezian esplikatzen dugu zendako, hori ez da arras hola, Herria sortuz geroz 3000 aldiz baino gehiagotan agertu baita. Dena den, 3000-ko hau agurtu behar dugu bai eta ospatu. Ez baitezpada espantuka ariz, ez baita espantuka artzeko sasoina. Bainan hor girela erraiteko eta gure tokia nahi dugula aitzina atxiki, beti euskararen alde eta euskaldungoaren lekuko.

Parada hauta nahitez gibelerat behako baten emaiteko bainan gerokoa gogoan, beti aitzinerat egin behar dugulako arrangura handi batekin.

Parada hauta ere segur eskertzeko lagundu eta laguntzen gituzten guziak, eta lehenik oroitarazteko nolako mereximenduak zituzten lehen urratsak akulatu zituztenek, traba guzien gainetik, eta jakizazue oztopo frango kausitu zutela Piarres Lafitte kalonjeak eta hunen lagunek, 1944-ean, badu beraz orai 65 urte, holako sailari plantatu zirenean.

Lehenbiziko urtats heietaz Piarres Lafitte bera holaxe mintzatu zen Herriak hamar urte bete zituelarik: “Hastapen nekeak ukan ginituen. Baimena ez aise heldu, batean buruzagi sobera bazela eta bestean ez aski. Batean, Pauek ez ihardesten, bestean Bordelen zerbait traba. Gero, paper eskasia eta gure aldetik ororekilakoa ezin eginez debruen xintximariak!”

Geroztik, urteak jin eta urteak joan, urak egin du bide. Herriak ere ba.

Gauza ainitz kanbiatu da, Herria bera ere aldatu, aldi bat baino gehiago funtsean.

Gaurko egunean, lehengo traba heiek desagertu badira, beste arrangura batzu hor dira bainan Herriak nahi du jarraiki hartua duen bidetik, ahal bezen lokarri azkarra izan euskara maite dutenen artean, eta euskaldungo sano bati atxikiak diren guzientzat. Astekari idekia, ez baita alabainan alderdi batena, bainan Euskal- Herria maite duten guzieri zabaldurik dagoena...

Bai, goazen aitzina! Paperezko prentsak ez duela haizea alde, bere tokia behar du halere atxiki. Bada denen beharra Euskal Herria gero eta euskaldunago izanen delako menturan. Jo aitzina beraz, baliatuz ditugun laguntza baliosak, euskal-gobernuarena eta besteak, euskararen erakunde publikoaren babesean...

Janbattit Dirassar
Herria-ko zuzendaria



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia