euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Euskararen metropolian, etxeko (en Goierriko HItza)

21/01/2021

Lazkaoko Maizpide euskaltegira bi hilabeterako etorri dira Argentinako eta Uruguaiko hamar euskaldun, 'Euskara munduan' programan. Hango euskal etxeetan euskara irakasten ari dira.

Enlace: Goierriko Hitza

Aimar Maiz / Lazkao, Gipuzkoa. Koronabirusaren ditxosozko izurritea dela eta, maskarak ez du uzten aurpegiko irribarrea ikusten. Baina begiek dena esaten dute: ikasteko irrikaz, ikusteko gogoz eta Euskal Herria eta euskara gehiago ezagutzeko gosez daude. Goizeko lehen ekinaldia bukatuta, atsedenaldiko minutu batzuk xahutu, eta argazkia ateratzeko prest agertu dira Maizpideko atalaurrera. Milaka kilometro egin dituzte, euskararen tenplura etortzeko; euskaldunak baitira.

Zortzi argentinar eta bi uruguaiar Lazkaon daude. Otsailean batuko zaie txiletar bat. Eusko Jaurlaritzaren Etxepare institutuak kudeatzen duen Euskara munduan programako partaideak dira. Gehienak lehen aldiz iritsi dira Euskal Herrira, baina badira Maizpiden lehen egondakoak ere, 2014an izan zen Andrea Bella argentinarra, adibidez.

Bi hilabetean egongo dira Maizpiden, urtarrileko eta otsaileko ikastaroak osatuko baitituzte. Aurrez, Internet bidez jaso zituzten klaseak. «On-line askoz ikasle gehiago ibili ziren. Kurtsoa 22-23k bukatu zuten. 2019ko ekainean. 17 ziren etortzekoak. Iaz etorri behar zuten berez, baina ez ziren etorri egoeragatik», azaldu du programaren hasieratik dabilen Jon Urdangarin irakasleak.

Irakasteko ikasten

Euskara munduan programarekin, munduan barrena dauden euskal etxeetan euskara erakusteko irakasleak trebatzen dituzte. Habek bideratzen zuen lehen, eta azken urteetan Etxepare institutuak. «Talde asko pasatu dira. 2004an on-line hasi ginen, lehen aurrez aurre. Ni izan nintzen irakasle, 2012 arte. Bost-bat urtez Dani Oiarbide gero, eta 2017an berriro ni», dio Urdangarinek.

Euskara maila oso txukuna dute. 2019ko ekainean egin zituzten Habe-ren ziurtatze azterketetan, B2 maila lortu zuten batzuek, B1 besteek. Mailaz igotzea dute helburu, Lazkaoko ikastaroarekin. Aurten izango dira berriz ebaluazio azterketak. «Argentinan, eta Euskal Herritik kanpora oro har, euskalduntzat ematen dute B1 gainditzen duena. Maila aldetik oso onak dira, oso hiztun onak dira».

Hala, gehienak jada irakasleak dira, beren jaioterriko euskal etxean. Euren ikaskuntza programan, on-line aritzeaz gain, bi barnetegi egiten dituzte: negukoa uztailean eta udakoa urtarrilean. «Hotel batean elkartzen dira, mintzamena lantzeko batez ere. Prozesuaren bukaera bezala, hona etorri, eta Maizpide eta Euskal Herria ezagutzen dute, egin duten lanaren errekonozimendu edo oparia gisa».

Batzuk Euskal Herrian izanak dira lehenago, euren kabuz, arbasoen jatorria ezagutzen.

Etxean bezala

Alfredo Laborde argentinarra da Maizpidera etorri den partaide bat. Tres Arroyos hirikoa da, Buenos Aires probintzian. Zazpi urte darama euskara ikasten. «Lehen ere Euskara munduan programan aritu nintzen, 2012an», kontatu du Labordek.

Birraitona donostiarra zuen, Pello Laborde Erramuzpe, lapurtar jatorrikoa. Sendikoak ikustera Donostiara eta Hazparnera joan nahi luke, nahiz eta ez dakien Lapurdira iristerik izango duen, muga itxita daukalako Frantziak. Euskal Herrian oso gustura dagoela aitortu du.

Gaur, Eusko Jaurlaritzako agintarien bisita izango dute, Maizpiden. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Bingen Zupiria Kultura sailburua joango zaizkie.

Ikasteko gogoz dira. Laborde irakasle ere ari da, Tres Arroyosen. «Argentinan ehun euskal etxe baino gehiago daude. Klaseak ematen ditut jada». Klaseak ezezik, lezioa ere ematen dute munduan barreneko euskaldunek, metropolian bertan.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia