euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Center for Basque Studiesek euskal diasporari buruzko lau liburu argitaratu ditu (en Berria)

10/10/2019

Gaur egin dute liburuen aurkezpen ekitaldia, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian. Euskal diasporari eta deserriari buruzkoak dira lau liburuak. William Douglassek idatzitako bi liburu, Joseba Arzuagaren eleberri bat eta Joseba Sarrionandiaren poesia antologia bat aurkeztu dituzte.

Enlace: Berria

Nagore Arin. Hamaikak jotzeko minutu gutxiren faltan hasi da betetzen Donostiako Koldo Mitxelena liburutegiko areto nagusia. Jadanik jesarrita zegoen pertsona kopurua baino handiagoa zen oraindik eseri gabekoen kopurua: aspaldian ikusi gabekoak solasean, norbait agurtzera gerturatu diren bisitariak, kazetariak... Mari Jose Olaziregi Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eta ekitaldiaren bideratzaileak "ongi etorri" esatean eseri dira guztiak. William Douglass euskal diasporari buruz hainbat liburu idatzi dituen ikerlaria aurkezten hasi du jarduna, Center for Basque Studies zentroak euskal diasporari eta deserriari buruz egin dituen lau libururen aurkezpena ardatz.

Bidaiaren kontzeptua izan da aurkezpen ekitaldiaren haria, eta, ekitaldiarena ez ezik, aurkezturiko lau liburuen oinarria ere bai. "Esan genezake bidaiak, literaturan arketipo ezaguna denak, baldintzatuko duela gaurko emanaldia, bidaiariak, desplazamenduak, eta horrek berekin dakartzan alienazio eta deserrotzeak gizarte garaikidearen ezaugarri baitira", adierazi du irakasleak. Hala, Douglassek idatzitako Arana eta Australianuak: euskaldunak antipodetan izan dira ibilbidearen lehen geltokia. Liburuen nondik norakoak azaldu baino lehen, baina, Ruper Ordorika abeslariak hartu du hitza; izan ere, Joseba Sarrionandiaren hiru poesia kantatu ditu ekitaldian: olerki bat bidaiaren geltoki bakoitzean. Sarrionandiaren Martin Larralde poesia musikatua kantatu du lehen geltokian.

Lau liburu, hiru geltokiko bidaian

Julio Cesar Arana euskaldun eta perutarraren historia kontatzen du Arana liburuak, eta, Douglassen esanetan, "Amazonian kautxua lantzen zuen langilerik sonatuenetariko bat izan zen XIX. mendearen amaieran". Aranalandia jarri zion izena haren menpean zuen eremuari, eta, kautxua ekonomiaren garapenaren protagonistetako bat izan zen garai horretan, boterearen ikur bilakatu zen Arana. Testuinguru horretan, milaka indiar hil izana leporatu zioten, eta zurrumurruak kezka larriak sortu zituen nazioartean. Putumayoko eskandalu izenez hedatu zen albistea, eta Arana genozidioaren parte hartzailetzat jotzen zen.

Australianuak: euskaldunak antipodetan liburuak, aldiz, XVIII. mendearen amaieratik gaurdaino euskaldunek Australian eginiko bidearen historia kontatzen du. Ikerketa mardul baten ondorio da liburua; izan ere, elkarrizketa eta galdeketa ugari egin behar izan ditu Douglass ikerlariak datuak biltzeko. Garai hartan, azukre kanabera eskuz mozteko behargin gisa lan egitera joan ziren euskaldunak Australiara, eta, ikerlariak adierazi duenez, "XIX. mendearen amaierarako Melbourne eta Sydney inguruan euskal komunitate txiki hainbat sortu ziren". Ikerketaren arabera, euskaldun horiek euskal identitateari eutsi zioten, eta ez zuten harremanik galdu sorterriarekin.

Aurkezpen horien ostean heldu da bidaiaren bigarren geltokia: Sarrionandiaren Lera zakurren balada Ruper Ordorikaren ahotsaz eta gitarraz lagundurik. Javier Arzuaga frantziskotar oñatiarraren At Midnight izan da aurkeztu duten hirugarren lana, 2012. urtean idatzitako eleberriaren ingelesezko itzulpena. "Irentsi egiten den liburu horietako bat da, lekukotza izugarria kontatzen duena", adierazi du Olaziregik; izan ere, Javier Arzuaga apaiz gazteak La Cabaña gotorlekuan bizitako esperientzia kontatzen du. Kubako Iraultzaren ostean fusilatzera bidalitako Batista diktadorearen aldeko 55 militar eta poliziari hiltzeko bidean lagundu zien, hiltzera zigortutakoen kontsolatzaile eta artatzaile modura.

Hirugarren geltokia eta azkena izan da Sarrionandiaren Ene begiek olerkian oinarrituta Ruper Ordorikak kantatu duen abestia. Azken geltokia, eta azken liburua, hain justu, Joseba Sarrionandiaren poesia antologiarik berriena: Prisons and Exiles. Euskaraz eta ingelesez argitaratu dute, eta William Douglass izan da editorea eta itzultzailea. Liburuan olerkari erbesteratuaren hainbat poesia irakur daitezke, horien artean, Izuen Gordelekuetan barrena (1981), Marinel zaharrak (1987), Gartzelako poemak (1992), Hnuy illa nyha yahoo (1995), Hau da ene ondasun guzia (1999)  edota Hilda dago poesia? (2016) liburuetan argitaratutako asko. Erreferentzia literarioz, historikoz eta abarrez ere jantzi du ikerlariak poesia antologia, eta, liburuaren amaieran, Sarrionandiaren bizitzaren berri eman du, epilogo modura.

William Douglassi egindako elkarrizketa argitaratu du gaur Berria egunkariak.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia