euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Diaspora bizia

Rita Iturriria Etchepare — In Memoriam

2026/11/28

Tristetu nau Rita Iturriria Etchepare 2026ko azaroaren 10ean hil zela jakiteak. 107 urte zituen, eta Estatu Batuetako gure euskal historiaren altxor bizia zen.

1919an jaio zen Rita, Kaliforniako Patterson herriko letxeria edo esne-ustiategi batean; gurasoak euskal etorkinak zituen, eta euskara izan zuen ama-hizkuntza. Ipar Amerikan bizi diren euskal komunitateen historia hobeto ulertzen laguntzen diguten esperientzia pertsonalak eta oroitzapenak dituen belaunaldi batekoa zen.

2015ean, 96 urte zituela, Rita izan zen Memoria Bizia proiekturako elkarrizketatu nuen lehen pertsona. Proiektu hori, Euskal Diasporaren Ondare Bizia lantzen duena, neronek garatu eta zuzendua, aitzindaria izan zen gure ahozko historiaren arloan, North American Basque Organizations (N.A.B.O.) erakundea, Eusko Jaurlaritza eta beste entitate batzuk lankide.

Gure helburua Estatu Batuetan eta Kanadan bizi diren adinekoen lekukotasun pertsonalak, Euskal Herrian zein diasporan jaiotakoenak, jaso, gorde eta transmititzea zen. Belaunaldi horietako kideak hiltzen ari zirenez, funtsezkoa bihurtu zen haien oroitzapenak jasotzea, oraindik aukera genuen bitartean.


Rita, Robert semearekin eta Lisa bilobarekin, Memoria Bizia proiektuaren jatorrizko lehenengo bannerrean agertu bezala

Lehen elkarrizketa hura Bigarren Mundu Gerra arlora lerratzen joan zen, izan ere bere senarra, Baptiste Etchepare, eta Ritaren hiru anaiak —Manuel, Gracian eta Philip Iturriria— gatazka hartako beteranoak ziren. Rita entzuten ari nintzela, liluratu egin ninduen gure historiako ia aztertu gabeko atal harek: euskal diasporak gerran izandako partaidetza eta erretagoardian geratu ziren familien bizipenenak.

Garai hartan, ezin nuen imajinatu ere egin elkarrizketa hark nola baldintzatuko zuen nire ikerketaren norabidea.

Gertatu baitzen, Euskal Herrian egoitza duen Sancho de Beurko elkarte historikoak Fighting Basques izeneko ikerketa-proiektua abiatu berri zuela, Bigarren Mundu Gerran Aliatuen indarren barruan euskaldunek izan zuten zeregina aztertzearren. Proiektu hura Estatu Batuetako euskal beteranoen historia aztertzen hasia zen, hasiera batean Nevadan zentratuz. Gure bi proiektuak modu independentean sortuak baziren ere, helburu bera genuen: euskal diasporaren memoria berreskuratzea. Memoria Bizia ahozko lekukotasunetan oinarritzen zen bitartean, Fighting Basques, batez ere artxiboetako ikerketan oinarritzen zen. Ikuspegi osagarri horiek bi proiektuen arteko hasierako lankidetza ekarri zuten. Ni Fighting Basques proiektura batu nintzen kanpoko aholkulari gisa, eta 2019an, ikertzaile nagusikide bihurtu nintzen.

Urte hartan bertan, oso esanguratsua izan zen niretzat Rita eta haren familia izatea Fighting Basques proiekturako idatzi genuen lehen artikuluaren protagonista; artikulu hori gure blogean argitaratu genuen 'Echoes of Two Wars'-en (Bi gerren oihartzunak).


Baptiste Etchepare eta Rita Iturriria San Frantziskon, 1944an (argazkia Iturriria familiaren politesia).

Gaur egun, elkarrizketa hura egin eta hamaika urtera, gure lanak aurrera jarraitzen du; bai ikerketa historikoaren bidez, bai Nevadako Gardnerville herrian Bigarren Mundu Gerrako Euskal Beteranoen Oroitarri Nazionala sortzeko ekimenarekin.

N.A.B.O. erakundeak eta Sancho de Beurko Elkarteak funtsezko zeregina izan dute ahalegin horretan. Beste pertsona, familia eta erakunde askorekin batera, belaunaldi oso baten istorioak berreskuratzeko eta haien bizipenak ahazturan gera ez daitezen bermatzeko konpromisoari eusten diogu.

Atzera begiratuta, zorte handia izan nuela sentitzen dut 2015ean Ritarekin eseri, haren istorioa entzun eta haren oroitzapenak jasotzeko aukera izanda. Beti eskertuko dizkiot bere eskuzabaltasun eta konfiantza gurekin jarri eta partekatu zuen guztiagatik.

Nire pentsamenduak haren semeekin —Jim eta Robert—, bilobekin, birbilobeekin eta familia osoarekin daude. Imajinatu besterik ezin dut egin zein zaila izango zen haientzat aurtengo Esker Emate Eguna.

Goian bego, Rita.



hurrengoa »
Pedro J. Oiarzabal

Pedro J. Oiarzabal

Pedro J. Oiarzabal doktorea da Zientzia Politiko-Euskal Ikasketetan, Nevadako Unibertsitatean Renon (AEB). Bi hamarkada daramatza ikerketa eta aholkularitzan, politika publiko gaiak (herritartasuna atzerrian eta itzulera), diaspora eta teknologia berriak, eta memoria sozial eta historikoa (ahozko historia, migrazioa eta erbestea) aztertzen, indar berezia jarriz euskal kasuan. Twitter-en @Oiarzabal

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia