euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Bi gerren oihartzuna 1936-45

Joseph Etcheverry eta Helena Santana, mende bateko euskal legatua amerikar lurretan

2022/01/13

Argentinan euskaldun jaioa, Helene gurasoen Arrosara itzuli zen. Han ezagutu zuen Joseph, auzoko Ortzaizekoa. 2MG amaitua zen eta AEBko Armadatik lizentziatu berria, Nevadan bizi zena. Emigratu eta Battle Mountainen kokatu ziren
Argentinan euskaldun jaioa, Helene gurasoen Arrosara itzuli zen. Han ezagutu zuen Joseph, auzoko Ortzaizekoa. 2MG amaitua zen eta AEBko Armadatik lizentziatu berria, Nevadan bizi zena. Emigratu eta Battle Mountainen kokatu ziren

Gaurko sarrerak Joseph Etcheverry eta Helena (Santana) Etcheverry-ren istorioa dakargu, gure diasporako beste istorio asko bezala Pirineoen magaleko Euskal Herria eta munduko Euskal Herri tipiak konektatzen dituena, kasu honetan Nafarroa Behereko Ortzaize eta Arrosa, eta Argentinako Ayacucho, eta AEB Nevadako Battle Mountain, azken herri honetan kokatu baitziren eta bertan hazi baitzuten familia senar-emazteok. Joseph 2MGko europar gertalekuan ibiliko zen amerikar soldadu eta 1988an hil zen Nevadan. Helene, 2021eko urrian hil da, 100 urteak bete berriak.

Sancho de Beurko Elkartea egile

1929AN ZEHAR EUSKAL GAZTE belaunaldi berri bat iritsi zen Amerikako Estatu Batuetara (AEB). Hala egingo zuen apirilaren 3an, 17 urte zituela, Joseph Etcheverry Oxoteguy-k, Ortzaizeko baxenabartarra. Berarekin hogei urte inguruko gazte talde bat iritsi zen New Yorkeko portura Paris transatlantikoan, tartean Jean Bastanchury, Jean Elgart eta Jean Ernaga, hirurak urepeldarrak, Jean Bidegaray, Mendibekoa bera, Pierre Duhalde, biarriztarra eta Germain Elissondo, Bithiriñakoa. Guztiek bat egingo zuten artzain gisa AEB Mendebaldeko industrian, euren arbasoetako askok ere helburu izandako bizitza hobe baten ametsaren bila.

Ezin pentsa zezaketen gazte immigrante haiek eurak iritsi eta hilabete gutxira, urriaren 29an, New Yorkeko Burtsak kolapsatu eta AEBko historiaren atzeraldi ekonomiko handienetako bat hasi behar zuenik. Depresio Handia deitu izan zena abiatu eta 1933raino luzatuko zen. 1929 hasieran langabezia %4koa bazen, 1930an %9 izatera pasatu eta 1933an %25ra heldu zen. John Steinbeck-en 1939ko 'Suminaren mahatsak' eleberriak, 1940an John Ford-ek pantailaratua, ezin hobeto islatzen du atzeraldiaren ondorioen lazgarria eta herrialde iparramerikarra euren Agindutako Lurra ikusi zuten haien momentu hartako etsipen sakona.

Joseph Armadan sartuko da Nevadan

Joseph Battle Mountain-era joango da, Renotik Salt Lake Cityrako bidean kokatzen den herrira, Nevada estatu erdialdean. Lander Konderriko herri txiki gehien bat mehatzari honetan bere lehengusu Pierre “Peter” Oxoteguy bizi zen, hiru urte lehenago sartua Estatu Batuetan, 17 urte bete berriak. Joseph artzain ibili zen herrialdera iritsi zenetik AEBko Armadan sartu arte, 1942ko urrian. Armadaratzeko unean Eureka Land and Stock Co. konpainiarentzat ari zen lanean, eta askok “Estatu Batuetako errepide bakartieneko hiri adiskidetsuena“ gisa ezagutzen zuten desertu erdiko Eureka herriskan bizi zen, Battle Mountaindik 223 bat kilometro hegoaldera. 30 urte zeuzkan.


Helene Santana eta Joseph Etcheverry —AEBko Armadako uniformez— 1946an, Arrosa herri baxenabarrean, Heleneren baserriaren aurreko mendi-magaleko harkaitz batzuetan (Etcheverry-Santana familiaren politesia).

Familiak kontatzen digu Josephek bazekiela nazien Alemaniak bere herrialdea 1940an inbaditu eta bortizki okupatu zuela. Bi urte geroago aukera izango zuen armadaratzeko eta ez zuen zalantzarik izan, nahiz eta berez ez zen ezta hiritar estatubatuarra ere, 2MGn barra eta izardunaren azpian borrokatu ziren beste hamarnaka mila immigranteren antzera. Errezibitu zuen herrialdearekiko sakrifizioa eta leialtasuna hor egonik, Josephek ez zuen lortu, ordea, hiritartasun estatubatuarra 1950eko ekainaren 19ra arte.

Europako operazio gertalekuan 

9. Zerbitzu Taldeko Aire Zerbitzuko 485. Eskuadroira destinatu zuten Joseph eta hau mobilizatu eta Europako operazio gertakura bidali zuten. 9. Zerbitzu Taldearen basea Andoverko aerodromoan, Ingalaterrako Hampshire-n ipini zuten. Ehiza-Hegazkinen 70 eta 71 Hegalen (P-47 Thunderbolt eta P-38 Lightning ehiza-hegazkin bonbaketariek osatuak) parte zen eta hauek Estatu Batuek Europa zeuzkaten Aire Indar Estrategikoen borroka taktiko osagaia ziren, Normandian (D egunean), Frantzian, Herbeheretan eta nazien Alemanian indar etsaiak borrokatu zituztenak.

Bere alaba Bernadette Etcheverryk kontatzen digu Josephek parte hartu zuela Normandiako Inbasioan 1944ko ekainean. “Argazki bat daukat“, diosku Bernadettek, “ezkontza handi batena Normandiako Inbasioa eta berehala, ezkongaiak hain kontent gertatu berria zenarekin, tropako komandanteari eskatu ziotela bere gizonetako pare batek parte hartzea ezkontzako argazkian gonbidatu guztiekin batera. Nire aita bi horietako bat izan zen“.


Joseph Etcheverry-ren nortasun agiri frantsesa Arrosan 1946ko otsailaren 15ean datatua, berezitasun batekin: azgazkian Joseph euskal txapela edo boneta buruan ageri da, AEBko uniformea jantzita duela (Etcheverry-Santana familiaren politesia).

1946ko urtarrilaren 10ean Joseph ohoreekin lizentziatu zuten, lehenengo mailako soldadu graduarekin Namur, Belgikan. 473. Aire Zerbitzu Taldeko Kuartel Nagusi eta Oinarriko Zerbitzura egotzia zegoen.Joseph-i Brontzezko Zerbitzu Izarra eman zioten (Europa, Afrika eta Ekialde Ertaineko kanpaina zintari atxikia) bere unitatearen partaidetzagatik Frantzia iparraldeko kanpainan (1944ko uztailaren 25etik 1944ko irailaren 14ra) Frantzia eta Belgika gehiena askatzearren.

Belgikatik Joseph Ortzaizera abiatu zen bere familia bisitatzera. 17 urtez egona zen kanpoan. Han ezagutu zuen Elena edo Helene Santana Anchartechahar, auzoko Arrosako gazte bat. Lehenengo soaldian maitemindu eta 1946ko otsailaren 27an ezkonduko ziren.


Joseph Etcheverry eta Helene Santana euren ezkontza egunean 1946ko otsailaren 27an (Etcheverry-Santana familiaren politesia).

Helene 1921eko abuztuaren 6an jaioa zen Ayacuchon, Buenos Airesko probintzian, Argentinan. Bere gurasoak hara emigratu zuten 1911an ezkondu ondoren bizitza berri bat hasteko asmotan. Euren beste hiru alaba (Marie, Catherine y Stephanie) Argentinan jaioko ziren eta bosgarren bat (Marie Angel) Arrosan, familia itzuli ondoren amaren baserria “Gerechitenia” zaintzera, familiak hala eskaturik. Berez baserriaren ardura hartu behar zuena Heleneren amaren aldeko osaba zen, baina Gerra Handian hila zen. Helenek bi bat urte zeuzkan egin zuenean bere lehenengo ozeanoaz haindiko bidaia izan zen hura.

Ayacuchon jaiotakoa Arrosara itzuli

Helene eta bere ahizpak Arrosako Gerechitenian hazi ziren. Familiak aipatzen digu nola “bizitza ez zen beti erraza, baina Helenek gustukoa zuen laborantzan ibiltzea aitarekin eta abereak zaintzea”. ”Igande arratsaldeak serorekin ematen zituen josten ikasten”. AEBko Depresio Handiak Europako sistema finantziario eta ekonomiko gehiena eraman zuen atzetik eta Frantzia ere erori zen krisiaren ondorioetan, bereziki 1931etik aurrera. Langabezia eta txirotasuna ugaldu ziren. Helenek bizi izan zituen Depresio Handia zein naziek Iparraldea okupatu izana 1940 eta 1944 artean, eta horrek “bizitza osoan lagundu zion arazorik larrienei aurre egiten”.

Joseph ezkondu eta berehala itzuli zen Nevadara eta bertan lanean aritu zen artzain W.T. Jenkins Sheep Company-rentzat. Joseph ez zen sekula itzuliko Euskal Herrira. 1947an, euskaldunen lagun handia zen Louise Jenkins Marvel-ek Heleneren eta Arrosan 1946ko urriaren 11an jaioa zen bere seme Alexander E. “Alex”en bisatua babestu zuen (Alex 1965eko azaroaren 6an hilko da Reno inguruan, errepide istripu batean).

Helene eta bere umetxoa Orlyko aireportutik, Parisen, New Yorkeko Laguardiaraino bidaiatu ziren Air Francerekin, 1947ko uztailaren 13an iritsiz. Helenek 25 urte zeuzkan eta Alexek 9 hilabete. New Yorketik, herrialde osoa ia alderik alde zeharkatuko zuen tren batek Renoraino eraman zituen. Alaba Bernadette Etcheverry-k gehitzen du bidaian “haren ondoan, lagungarri izan zituen zenbait euskaldun egon zirela, eta bizitza osoan eskertu ziela hura“. Tartean bere senarraren herri bereko bi gazte zeuden, Joseph Oillamburu eta Jean Lekumberry. Azken hau, geroago, Gardnerville, Nevadako JT Basque Bar and Dining Room euskal taberna eta jatetxe famatuko jabe bilakatuko zen. Emigrazio istorioa, Heleneren gurasoek bizi izandakoa, errepikatu egingo da honela belaunaldi berri batean Helen eta bere semearekin. Atlantikoa berriz zeharkatu zuten hasiera berri baten bila. Josephek bere semea lehenengo aldiz ezagutu zuen, eta bera eta Helene berriz elkartu ziren.

Euskara Nevadako euren etxeko hizkuntza

Louise Jenkins-ek Martin Ranch-en ezarri zituen, Jenkins-tarren arrantxu nagusiaren baitango etxola batean.  “Lehenengo urteak zailak izan ziren oso Helenerentzat“, kontatzen digu Bernadettek. “Baina aurrera segitu zuen bere planekin, kide berriak emendatzen zihoan bere familiari haztoki goxo egokia emateko Nevadan“. Alex-i, John, Raymond eta Bernadette gehitu zitzaizkion. Alabak ongi oroitzen du nola Helenek kontatzen zien “egunero nigar egin zuela Nevadan bizi izan ziren lehenengo bi urteetan, baina berotasun idor eta hautsez beteak azkenean malkoak ateratzea zaildu“ zuela. Herrialdera heldu zenean, Helenek ez zuen hitzik egiten ingelesez eta autodidakta izan zen eta liburuak irakurriz ikasi zuen hizkuntza. Etxean ez zuten euskara baizik mintzatzen eta hura izan zen bere hiru seme nagusiek bertan ikasi zuten hizkuntza bakarra. Beste haur batzuekin jolastu eta aritzerakoan hasi ziren ingelesezko hitz batzuk ikasten. Soilik eskolara joaten hasi zirenean ikasi zuten ingelesez komunikatzera.


Helene Santana bere semeekin; Raymond altzoan, John erdian eta Alex. 1950eko argazkia, Natomas-en. (Etcheverry-Santana familia bilduma)

1948ko momenturen batean Joseph Natomas-eko mehatzetan hasi zen lanean, Battle Mountaindik 32 bat kilometro hegoaldera zegoen mehatz-barrutian. Familia, mehategiak egokitu zien etxebizitzara aldatu zen. Han bizi izan ziren 1956ra arte eta orduan Battle Mountainera egin zuten. Josephek lana lortu zuen harakin gisa herriko elikagai dendan. Tarteka hesiak ere egin zituen Renoko Artistic Fence Company konpainiarentzat eta horrek geroago errepideko bazter-babesa ipintzeko lana ekarri zion, autopistan, Wendover-eko estatu-marratik, Nevada eta Utah-ko mugan, Kaliforniako estatu-marraraino, Nevada eta Kaliforniako mugan. Joseph zahartzen ari zen eta azkenean Lander Konderriko Ur Barrutiarentzat egin zuen lan eta handik hartuko zuen erretiroa gehiago lan egin ahal izan ez zuenean.


Joseph Etcheverry bere seme Alex-ekin kamioneta baten kontra Natomaseko bere etxe ondoan 1948an (Etcheverry-Santana familia bilduma).

1985ean, herrialdera iritsi eta 37 urte geroago, Helenek herritar estatubatuarra bilakatzeko bere ametsa bete zuen. “Maite zituen Estatu Batuak eta esker oneko izan zen beti, gerran emandako laguntzagatik eta atseginez hartu zutelako hizkuntza ere ez zekiela arrotz gisa etorri zenean“, aitortzen du bere alaba Bernadette Etcheverryk. “Poza hartzen zuen”, segitzen du, “bandera estatubatuarra aireak mugitzen ikustean, eta ezin zuen entzun ‘Star-Spangled Banner’ begiak malkoz busti gabe“. “Bera euskal-amerikarra zen eta maite zuen herrialde hau. Eta atxikitzen zuen bere bihotzaren zati bat %100 euskalduna”. Helene 1989an itzuli zen lehenengoz sorterrira han utzitako familia ikustera, 42 urte pasa ondoren. Eta berriz egin zuen 1998an, bietan alaba lagun zuela.

'Oberenak', Nevadako legatua... “Sekulakotz Elgarrekin” (sic)

Joseph eta Heleneren istorioak beste hamaika familia eta belaunaldi euskaldunek ibilitako bide beretsua segitu zuen. Izan ere, Euskal Herria soilik uler daiteke bere osotasunean, arrazoi batengatik edo bestengatik bere muga geografikoetatik atera ziren haien istorioak barne direla. Euskal Herriko seme-alaba emigranteek atzean utzi zuten gizartea islatzen dute hein handi batean. Joseph 1988an pausatu zen 75 urte zituela Renoko Beteranoen Administrazioko Mediku Zentroan. Helenek joan den 2021eko urriaren 2an utzi gintuen, 100 urte bete eta bi hilabete eskasera

Bernadettek aipatzen digu Helenek “puxikez eta lorez betetako desfile batekin.. ospatu zuela bere mendeurrena, “eta lagunen, familiakoen eta komunitateko kide askoren agiantza onenekin. Helenek ospakizuna eta dantzaldia bozkarioz bizi izan zuen bihotzean. Maite zuen kantatzea euskarazko musikarekin. Azken finean”, azpimarratzen du bere alabak, “Helenek bost hizkuntza baino gehiago hitz egiten zituen, eta hori ez dago batere gaizki Argentinan 1921ean jaio eta bosgarren gradutik pasatu ez zela zioen neskatxa batentzat. Bai, etxe bat eraiki zuen beste leku batean, baina gogor lan egin zuen bere familia atera zen baserri haren oroitzapenak segi zezan. Egun hartan, bere etxe hura berarekin zen”

Helene, Battle Mountaingo 'Oberenak' euskal elkarteko sortzaileetako bat izan zen 1997an. Lauburu batek eta “Eskualdun-Fededun” hitzek, bere hilobiko hilarrian grabatuak, laburbiltzen dute Helenek eta Josephek euren lau seme-alaba, 14 biloba, 29 berbiloba eta 13 hereilobei Estatu Batuetan transmititzen jakin zuten euskal legatua.


Joseph Etcheverry eta Helene Santanaren hilobia Battle Mountaingo kanposantuan. “Euskaldun-Fededun” inskripzioa denbora gutxi barru ordezkatuko dute, Helenek diseinatutako beste bat ipinita, honako esaldiarekin: “Sekulakotz Elgarrekin” (Marcena Thompson-en argazkia, findagrave.com).

Izan zaitez 'Bi gerren oihartzuna, 1936-1945'ko laguntzaile
'Bi gerren oihartzuna, 1936-1945' blogeko laguntzaile izan zaitezke, BMGko edo Gerra Zibileko euskal partaidetzarekin, Nafarroakoarekin, harremana duen edozein gairi buruz artikulu original bat bidaliz honako helbidera: sanchobeurko@gmail.com
Argitaratzeko hautatzen diren artikuluek Combatientes Vascos en la Segunda Guerra Mundial liburuaren kopia sinatu bat jasoko dute


hurrengoa »
Sancho de Beurko Elkartea

Sancho de Beurko Elkartea

Bi gerren oihartzuna, 1936-1945 blogaren helburua XX. mendearen zati handi baten bilakaera definitu zuten bi gerrotan gure herrikideek izan zuten partaidetzaren ezagutza zabaltzea da. Sancho de Beurko Elkarteak ahanztura eta anonimotasunetik atera nahi ditu Pirinio bi aldeetako Euskal Herriko herritarren memoria historikoaren ardatza osatzen duten milaka pertsonak, baita bertako emigranteen eta ondorengoen diasporenak ere, arreta berezia jarriz 1936tik 1945erako tarteari.

Egileak

Guillermo Tabernilla Sancho de Beurko Elkarteko ikertzaile eta sortzailea da. Irabazi asmorik gabeko erakunde honek Euskadi eta Nafarroako biztanleen historia aztertzen du Espainiako Gerra Zibilean eta Bigarren Mundu Gerran. Gaur egun, bertako idazkaria eta community managerra da, baita Saibigain aldizkari digitaleko editorea ere. 2008 eta 2016 artean Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritzarako Burdin Hesiaren katalogoa zuzendu zuen eta, Pedro J. Oiarzabalekin batera, Fighting Basques proiektuko ikertzaile nagusia da, NABO Ipar Ameriketako Euskal Federazioa lankide, Bigarren Mundu Gerrako euskaldunak aztertzen dituen memoria-proiektu honetan.

Pedro J. Oiarzabal Zientzia Politiko-Euskal Ikasketetan doktoretza egin zuen Nevadako Unibertsitatean, Renon (AEB). Bi hamarkadatik hona, bere ikerketa eta aholkularitza lanek politika publikoen alorra (herritarrak kanpoan eta itzuleran), diaspora eta teknologia berriak, eta memoria sozial eta historikoa (ahozko historia, migrazioa eta erbestea) hartu dute ardatz, arreta berezia jarrita euskal kasuan. Hogeitik gora argitalpenen egile da. Blogak, EITBko 'Basque Identity 2.0' eta EuskalKulturako 'Diaspora Bizia'. Twitterren, @Oiarzabal.

Josu M. Aguirregabiria Sancho de Beurko Elkarteko ikertzaile eta sortzailea da. Baita bertako lehendakaria ere. Arabako Gerra Zibilean aditua, gai horrekin lotutako hainbat argitalpenen egile, besteak beste, 'La batalla de Villarreal de Álava' (2015) eta 'Seis días de guerra en el frente de Álava. Comienza la ofensiva de Mola' (2018).

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia