euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Guztia prest da New London-en (AEB) datorren larunbatean 2019 Basque Fest jai ederrari gogor ekiteko

2019/08/13

PUBLIZITATEA

New London, AEB. Estatu Batu Ekialdeko euskal elkarretaratze erreferentzia bilakatu dira eta, iazko eskarmentu bikainaren ostean, aurtengoak gorago, ederrago eta jendetsuago joko duela agintzen dute. New England Basque Club antolatzaile, datorren larunbatean Estatu Batu ekialdeko euskal hitzordua New London hiriaren bihotzean izango da, erdigune-erdigunean, itsasoa ere hurbil, eskualde honek Euskal Herriarekin partekatzen duen gauzetako bat bere iragan baleazalea baita. Herriko plazan, euskal oihalpea ezarri eta, Euskal Herriko jaietan bezala, euskal produktuak eskainiko dira, pintxoak eta euskal janaria salduko, tabernak txakolina, sagardoa eta Arabar Errioxako ardoa zerbitzatuko du, baita euskal estiloko paella ere...

Egunean zehar, New London Basque Fest jaiak euskal herri kirolen erakustaldiak tartekatuko ditu, euskal musika lagun, eta euskal dantzariak ere nabarmenduko ditu; dantza ikuskizuna Nevadako Elkoaldetik propio bidaiatuko den Ruby Mountain Ardi Baltza taldeko 12 kideek gauzatuko dute, dantza tradizionalekin batera, euskal arrantzaleen mundua islatuko duen euren ikuskizun bat eskainiz. Euskal dantza tailerrak ere eskainiko dizkiote hurreratzen den publikoari. Hona bertaratuko diren dantzarien izenak: Kiaya Memeo, Franci Mendive, Natalia Moiola, Kelcey Myers, Beth Cellura, Casey Cellura, Brooke Filipini, Charleigh Baetia, Ezri Memeo, Olivia Memeo, Halleigh Myers eta Corey Cellura.

Herri kirolek programako zati garrantzitsua izango dira. Herri kirol erakustaldiek, New England Basque Club-eko kirol taldea izango dute erakusle. Ipar Ameriketan barrena eskarmentu handikoak dira euskal-amerikar kirolariok, gure herri kirolak bertakoei erakusten eta hainbaten arreta jasoko dute larunbatean zehar.

Ez ahaztu, azkenik, aurtengoa entsegu orokor modukoa dela, 2020ean NABO Convention hementxe, New Londonen, egingo baita, eta Ipar Amerika osoko, Euskal Herriko eta Diasporako jendeak errezibituko baititu. Lehenengo aldia izango da NABOren elkarretaratze nagusia AEB ekialdean egiten dena.

Dena prest larunbaterako? Eros hemen zure txartelak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia