Xalbat Alzugarai Etxeberri. Atzerri Ikasketen Tokioko Unibertsitateko irakaslea da Sho Hagio (Fukuoka, Japonia, 1962). Munduko laurogei hizkuntza eta kultura irakasten dituzte. 2016an, Etxepare Institutuaren irakurletza irekitzen lagundu zuen han, eta euskal gaien inguruko eskolak ematen ditu bere kabuz. 2014an, Linguae Vasconum Primitiae itzuli zuen japonierara, Hiromi Yoshida lankidearekin batera, eta 1.300 ale karrikaratu zituzten Heibonsha argitaletxearen bidez. Gaur, Bernat Etxepareren obrari buruzko jardunaldietan parte hartuko du Baionako herriko etxean: japonierazko itzulpenaren ezaugarriak presentatuko ditu, eta hizkuntza minorizatuetan itzulpengintzak jokatzen duen rolaz ere mintzatuko da.
1980ko hamarkadan jin zinen Euskal Herrira lehen aldikotz.
1984an, bai. Urte hartan entzun nuen Xabier Leteren Kontrapas kantua, eta hitzek hunkitu ninduten. Gainera, euskara biziberritzeko mugimendu sozialak ere interesatu ninduen. Berantago jakin nuen Bernat Etxeparerenak zirela Xabier Leteri entzun hitz horiek, baina, obra itzultzeko gogoa banuen ere, garai hartan ez nuen euskara maila egokia horretarako.
Azkenean, 2014an karrikaratu zenuten itzulpena. Zer zailtasun atzeman dituzue obra itzultzeko tenorean?
Zailtasun handiena ez zen izan XVI. mendeko euskara ulertzea, baina erreferentzia kristauak itzultzea. Guretzat termino arrotzak ziren, eta Tokion ziren apez euskaldun batzuengana joan ginen kontsulta batzuen egitera eta aholkuak jasotzera. Hitzen atzean zen esanahia eta iruditeria kristaua ez genituen ezagutzen. Anitz kostatu zitzaigun: ez nintzen nazkatu, baina zaila izan zen.
«Itzulpenak eragin apala izan du, baina tira: euskaldunek 'Linguae Vasconum Primitiae' kontuan hartzeko lau mende behar izan dira; denbora badugu oraindik»
Nola egin zenuten Etxepare japoniarrei ahalik eta hobekien transmititzeko? Zein dira itzulpenaren ezaugarri nagusiak?
Ez genuen testuaren itzulpena bakarrik egin. Azalpen kritikoa eta azalpen linguistikoa ere idatzi genituen. Bertzalde, Nafarroako XVI. mendeko mapa txertatu genuen, eta Garazi bertan kokatu genuen. Ur Apalategik sar hitza egin zigun, eta azalpen historikoa ere txertatu nion. Jatorrizko testuak 28 orrialde ditu, eta gure itzulpenak eta azalpenek, berriz, 240 orrialde. Garrantzitsua izan zaigu testuingurua eta berezitasun linguistikoak ongi azaltzea, Japoniako irakurleek den-dena uler zezaten.
Obra itzuliak nolako harrera izan du?
1.300 ale argitaratu genituen, eta ez dira denak saldu. Eragin apala izan du, baina, tira: euskaldunek Linguae Vasconum Primitiae kontuan hartzeko lau mende behar izan dira; beraz, Japonian badugu denbora oraindik [irriak].
Kontrapas, Sautrela eta Emazteen fabore dira testurik ezagunenak. Horietaz gain, zein baloratu beharko lirateke?
Amodiozko olerkiak eta Mosen Bernat Etxepareren kantuia. Etxepareren bizitzatik hurbil ziren olerki gisa interpretatzen ditut. Etxepareren bizitzari buruz oso gutxi dakigu, baina baliteke olerki horiek haren zinezko bizitzatik hurbil izatea.
Zergatik da garrantzitsua, zure ustez, hizkuntza minorizatuetako literatura itzultzea?
Euskararen eta euskal kulturaren inguruko interesagatik hasi nintzen ni. Euskaldunentzat bezala, Linguae Vasconum Primitiae enblematikoa da niretzat ere. Japonian, XIX. mendetik egundainoko berrikuntza kulturala egiteko, Europa Mendebaldeko zibilizazioari begiratu diogu. Hala, Europako eta mundu osoko literatura jatorrizko testuetatik zuzenean itzultzeko ohitura hartu zen, nazio literaturen itzulpenak eginez —Frantziako eta Espainiako literatura tarteko—. Nik gogo handia nuen Euskal Herriko literatura itzulia izan zedin eta leku bat har zezan beste literaturen ondoan. Literatura ezin dugu bakarrik ulertu estatu baten zatiketa administratiboaren barneko elementu kultural gisa. Hori hausteko gogoa nuen, edo, behintzat, horri buruz hausnartzekoa. Horregatik itzuli nuen euskarazko klasiko bat. Itzulpengintzak leiho bat irekitzen dio hizkuntza minorizatu bati munduan barna. Hizkuntza horretako literaturari prestigioa emateko balio du, baita hiztun minorizatuei balioa emateko ere.
«'Lingua Vasconum Primitiae' Euskal Herrira ekarri nahi baduzue, eztabaida ongi planteatu beharko duzue. Eztabaida horretan gozatzeko esango nizueke, gaia mamitsua bezain interesgarria baita»
Berriki, Linguae Vasconum Primitiae Euskal Herrian gelditzeko eztabaida abiatu da. Zuk zer diozu horri buruz?
Delikatua da. Nola definitzen dugu zein den obra baten jatorrizko lekua? Literaturaren kasuan, obra argitaratzen den lekuaz edo obraren gaiarekin lotutako lekuaz mintzatu behar dugu? Egilearen herria bada kontuan hartzen, orduan ados nago, Euskal Herrian egon beharko luke, baina Garazin [Nafarroa Beherea].
Bertze bi gauza hartu behar dira kontuan. Posible da Linguae Vasconum Primitiae-ren ale gehiago agertzea, nahiz eta probabilitatea txikia den. Garai hartan ale bat baino gehiago atera zituzten, dudarik gabe. Gainera, ez da ahantzi behar ezen, Bernat Etxepare Nafarroako Erresumako jendearekin harremanetan egon ondotik, ezagutzen dugun aleak erregearen liburutegian bukatu zuela, eta hortik Parisera joan zela gero. Horregatik, errazegia iruditzen zait Euskal Herrian egon behar duela esatea obraren testuingurua ezagutu gabe eta liburua irakurri gabe baldin badute askok. Zuek, euskaldunek, Euskal Herrira ekarri nahi baduzue, eztabaida ongi planteatu beharko duzue. Eztabaida horretan gozatzeko esango nizueke, gaia mamitsua bezain interesgarria baita.
Enviar a un amigo
Añadir comentario


