euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Sagardoak eta txokolateak osatuko dute euskaldunen presentzia Kanadan (en El Diario Vasco)

01/07/2022

Louisbourgeko Gotorlekuko Leku Historiko Nazionalean XVIII. mendean bizi ziren euskaldunen rolak jokatuko dituzten bi ikasleei Euskal Sagardoa eta Euskal Txokolatea elkartuko zaizkie uda honetan

Enlace: El Diario Vasco

M. Imaz. Jauzarrea euskal kulturaren azterketa eta zabalkunderako funtsak urteak daramatza Euskal Herriaren eta Kanadaren arteko loturak aztertzen, berreskuratzen eta indarberritzen, eta ildo horretan kokatu behar da 2019 urteaz geroztik euskaldunen kulturak eta ohiturek herrialde hartako Louisbourgeko Gotorlekuko Leku Historiko Nazionalean duten tokia. 2022an, pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, XVIII. mendean girotutako gotorleku musealizatuan berriro antzemango da eurkaldunen ekarpena. Aurten ere, Parks Canada, Fortress Louisbourg Association eta UNAMA 'KI College-Marshall InstituteI-CBU (Cape Breton University) erakundeekin elkarlanean ariko da Jauzarrea.

Bederatzi hilabetez gune berezi horretan Euskal Herriaren enbaxadore izango diren Garazi Maeso (Galdakaoko Andra Mari Taldea) eta Mikele Albisu (Donostiako Argia) ikasleez gain, euskal sagardoak eta euskal txokolateak ere presentzia berezia izango dute Louisbourgen, Jauzarrearen, Euskal Sagardoaren eta Rafa Gorrotxategi txokolategilearen arteko lankidetzari esker.

Louisbourgeko Gotorlekuko Leku Historiko Nazionala Eskozia Berriko Cape Breton uhartean kokatuta dago, Mi 'kmaq Nazioaren lurraldean. Ipar Amerikako berreraikuntzarik handiena da, eta indusketa arkeologikoetatik abiatuta egin zuten. Gaur egun, 32 eraikin eta gotorlekuaren laurden bat berreraikita daude, aurkitutako aztarnei eta artxiboen erregistro historikoei jarraituta.

Jauzarreak aurkezpenaren berri emateko zabaldu duen oharrean dioenez, «Ozeano Atlantikoaren aurrez aurre paduraz eta basoz inguratuta dagoen populazio gotortu hori bere historia laburraren erdi-erdian dago girotuta, 1744an, hain zuzen ere. Bere harresi eta fosoak, gobernadorearen jauregiak, burges ospetsuen etxeek, tabernek, biltegiek, kuartelek, okindegiak, upeltegiek, dendek eta gainerako etxebizitza guztiek, erakargarritasuna ematen diote kokagune paregabe honi. Horren guztiaren ondorioz, Louisbourg interes handiko helmuga da gaur egun ondare historikoa maite dutenentzat. Herri eremu osoa dago garai bateko janzkiz girotua, bisitariak eta lekuaren arteko interakzio zuzena lortzen duena». 150.000 bisitari jasotzen ditu denboraldiko.

Euskaldunen presentzia

Louisbourg kokagune estrategikoa zen, alegia, Frantziaren eta Ingalaterrarenindarrak orekatzeko eta, horrenbestez,, «lur horiek edukitzeko eskubidearekin harrotu ziren – bertako biztanleen gainetik, Mi 'kmaqtarrak –, eta, beraz, zuhaitz eta ur kopuru handi hura negoziatzen hasi ziren potentzia biak. «XVIII. mendeko dokumentuengatik ezagutzen dugu euskaldunok presentzia esanguratsua genuela Louisbourgen, baina hori ez zen islatzen Parks Canadaren taldeak bertatik bertara egiten zuen eszenaratzean», gogoratu du Jauzarreak.

2019an hasi zen hutsune hori betetzen, Knekk Tepaw izeneko proiektu zabal baten barruan. Proiektua bera 2018an abiatu zen, «Jauzarrearen nazioarteko Atlantiar kongresu batekin Sydneyn, Cape Breton Universityrekin». 2019ko udan ere bi ikasle joan ziren Louisbourgera, «koloniako euskal biztanleen roletan, euskaraz hitz eginez eta XVIII. mendeko euskal musika eta dantza tradizionalak irakatsiz».

Aurten, Garazi Maesok eta Mikele Albisuk uztailean eta abuztuan boluntario gisa lan egingo dute Parks Canadaren taldean. Biarrizko Maritzuli Konpainiako Claude Iruretagoyenak eta Jon Olazcuagak egindako jantziak eramango dituzte soinean, garai hartakoen erreplika zehatzak, txistua eta danbolina bezala. Irungo Tomas Diaz Peñalba gaiteroak egin ditu musika-tresnak.

Mi 'kmaq Lehen Nazioko kultura trukatzeko programa batean parte hartuko dute udako zelaietan, Eskasoni, Membertou eta Wagmatcook Bandetan. Xabi Oterok, Jauzarreko zuzendariak, «hainbat astez lan-tailerretan parte hartuko du programan hobekuntzak egiteko, ekimen berriak garatu, eta esperientziari buruzko liburu baten edukiak prestatzeko, Parks Canadarekin rekin batera Kanadako Parke eta Gune Historiko Nazionalen sistema osoan zabaltzeko».

Sagardoa eta txokolatea

Bederatzi astez, bi ikasleok euskaldunen ordezkariak izango dira Louisbourgeko eguneroko bizitza. Oraingo honetan, baina, beren lana beste jarduera batzuekin osatuko da: koloniako tabernetan euskal sagardoa salduko da, eta Euskal Txokolatearen Astea egingo da laster.

Euskal Sagardoa Jauzarrearekin elkarlanean aritu da Euskal Sagardoa Louisbourgera eramateko. Tolosako Isastegi Sagardotegiko Euskal Sagardoa izango da, Euskal Herriko sagarrez egina. Horrela, Gipuzkako sagardoa kokaguneko bost atetxe, kafetegi eta tabernetako menuetan egongo da, «etorkizunerako aukera berriak zabalduz».

Ez da aurreneko aldia izango... Oharrean gogoratu dutenez, «Euskal Herriko sagardotegietan egindako sagardoa Ameriketara bidaiatzen lehena izan zen, gure marinelen eskutik, orain dela mende asko. Lankidetza honen helburua da Euskal Sagardoa produktuari eta bere historiari balioa ematea, Ipar Amerikarekin eta euskal merkatari eta arrantzaleekin oso lotuta baitago. Sagardo kultura geroz eta handiagoa da Ipar Ameriketa osoan, eta bertan sagardo naturalak eta Euskal Sagardoak beren lekua egin nahi dute, produktuaren jatorria, kalitatea eta kate begi lana egiten duen historia oinarri hartuta».

Txokolateak ere izango du presentzia berezia, uztailaren 11tik 17ra Rafa Gorrotxategi Maisu Txokolategileak Euskal Txokolatearen Astea gidatuko baitu. Izan ere, «Louisbourgeko euskaldunek txokolatea kontsumitzen zuten, eta, horrez gain, harekin salerosketan aritzen ziren. Bernard Etcheverry herrikideei txokolatea eskaintzen zieten euskal merkatari ugarietako bat izan zen. Bernard Dargaignarats, Bertrand Larreguy, Jean-Baptiste Lascorret; hiru gizon hauek txokolatea kontsumitzen zuten eta Louisbourgera inportatzen zuten saltzeko. Louisbourgeko 147 merkatarietatik 26 euskaldunak ziren. Bakailaoa arrantzatzen duen talde ugariez gain, familiak eta jabetzak ere bazituzten. Halaber, Frantziako koroako funtzionarioak, goarnizioko kideak, larru-tratulariak eta abenturazaleak, enklabeko biztanleen % 20 euskaldunak ziren, 1713an euskal kokaleku batean sortu baitzen, 1758an britainiarrek hartu zuten arte».



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia