euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Neurrixkak (Eneko Bidegain en Enbata)

10/10/2019

Frantziak zangopilatuta daukan Euskal Herriko zatian, euskarak egin du bide. Zein norabidetan? Hori besterik da. Duela mende erdia, euskararen espazioa etxean eta harreman pribatuetan zegoen. Espazio hori anitz murriztu da mende bateko epean, jazarpenaren, trufaren, euskararen prestigio faltaren eta frantsesaren inposaketaren ondorioz. Ordurako, eremu publikoa guztiz frantsesa zen, eta publikotik pribatura zabaldu zen frantsesaren lekua.

Enlace: Enbata

Eneko Bidegain. Orain, euskarak badu lekua irakaskuntzan, hedabideetan eta zenbait eremu publikotan. Baina zenbat galdu du mende batez, eta zenbat berreskuratu? Enpresa batek milioi bat euroko zorra badu, has ote daiteke espantuka urte batez 10.000 euro irabazi baditu?

Zein da euskarak, egiazki, Euskal Herri kontinentalean daukan lekua, bai eremu pribatuan, bai publikoan? Euskal elkargoaren webgunea elebiduna da. Hainbat erakunderen egoitzako seinaleak eta agiriak bi hizkuntzetan daude. So egin dezagun hurbilagotik. Webguneko hizkuntza “euskara” hautatuz, menua ageri da euskaraz, baina eduki gehienak frantsesez. Euskal Elkargoarena adibide bat baizik ez da. Horrelako anitz daude. Seinaleetan, euskarazko bertsioa beti dago hizki txikiagoz eta kolore argiagoz. Euskaldunek bista hobea dugulako?

Ikasturte hasierak beti izaten dira datu estatistikoekin harrotzeko uneak. Gero eta ikasle gehiago ari da euskaraz ikasten. Baina frantsesa guztiz hegemonikoa den eskola batean gela elebidun bat edo batzuk izateak zer aukera ematen die ikasleei, zinez, euskaraz bizitzeko eta, gehiago dena, euskaraz bizi daitezkeela erakusteko? Kontuan hartuz, gainera, eskolaz kanpoko ekintza gehienak frantsesez direla. Kultura programazioan, zer leku ematen diete erakunde publikoek euskarazko ikusgarriei? Hedabideetan, euskarazkoak dira hurbilekoak, baina kontsumo handiko hedabideetan, filmak, dokumentalak, serieak, berri-sail nagusiak edo aisialdiko programak ikusi nahi direnean, euskarak ez du lekurik. Barkatu: Netflixen euskarazko hiru film ikus daitezke. Euskara salbu da!

Euskarak duela hogei urte baino ikusgarritasun gehiago daukala orain? Matematiken oinarrizko ikasgai bat da ezin dela zenbakirik zatitu zeroz. Euskararekin berdin; ez da zuzena deus ez zegoen garaiarekin konparatzea. Sakelako telefonoen merkatua hasi zenean, aitzineko urtean baino %400 gehiagok sakelakoa erosi zutela erratea bezala da. Eta euskararen bilakaera ez da sakelako telefonoen merkatuaren gisakoa… Ipar Euskal Herrian euskarak leku publikoa duen kasu guztietan ematen den mezua da euskara bigarren mailako hizkuntza dela. Seinale batean grisez eta txikiagoz denean, seinale horrek euskaldunari erraten dio bere hizkuntzak gutxiago balio duela, bigarren mailako herritarra dela bere herrian.

Euskararen alde egiten dute klima aldaketaren kontra egiten duten gauza bera. Hitz ederrak bai, eta ekintzarik batere ez. Edo neurrixkak. Egoera aldatzea eraginen ez duten neurri txikiak. “Lehen baino hobeki gaude” esaldi arriskutsua da. “Lehen” hori noiz zen? Zerekin ari gara konparatzen? Begiratu behar da ea euskara salbatzeko egoeran dagoen ala heriotzaren mugan.

Beharbada barneratua dugu euskara ez dela biziberrituko, baina hiltzen ez den artean, eta zenbait lekutan entzuten den artean, konforme gaude. Biziko gara frantsesez edo espainolez, gure egunerokoaren ardatz gehienak inperioaren hizkuntzan oinarrituko dira, baina euskarak espazio bakar batzuk izanen ditu gure buruari sinetsarazteko “ez gaudela hain gaizki”. Lokartuko gara gure gezur horretan, eta berantegi ohartuko gara ez badiogu leku osoa ematen, apaingarri soiltzat baldin badugu, ez badaukagu hizkuntza baliagarritzat, desagertuko dela.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia