euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Oroimenean

Jose Antonio Ugalde Aranguena

Jose Antonio Ugalde Aranguena
Gaur hil da Melbournen Jose Antonio Ugalde Aranguena

2020/04/14 - Melbourne, Australia

(Gernika, Bizkaia, 1938ko uztailaren 25a - Melbourne, Australia, 2020ko apirilaren 14a)

Jose Antonio Ugalde 1956an iritsi zen Australiara, arrebarekin batera, 18 urte zituela, eta han aurkitu zuen lana bere anaia zaharrenei esker.

Urte batzuen ondoren, anaia guztiek Melbourneraino aldatzea erabaki zuten, eta bertan elkarrekin bizi ziren etxea urte askoan zehar euskaldunen biltoki eta "enbaxada modukoa" bihurtu zen, hirira iristen zirenenen bilgarri. José Antoniok topaketa horiek sustatu eta euskal komunitate txiki hartan euskal elkarretaratze eta festak egitea bultzatu zuen, harik eta 1964an, bere bultzadapean eta euskaldun askoren laguntzarekin, Gure Txoko, Melbourneko Euskal Etxea sortu arte. Jose Antonio urte askotan izan zen bertako lehendakari, idazkari eta lehenengo boluntario eta eragile.

Urte zailak ziren, frankismo betean. Bere iloba Johhnyk oroitzen duenez, Jose Antoniok "antolakuntza perfektua, euskal dantza taldeekin, euskal kultura, musika eta sukaldaritza ekitaldiak eta tradizioak" bultzatzen zituen. "Liburuak eta albisteak idatzi zituen, erbesteko Eusko Jaurlaritzari eta diasporako beste euskal erakundeei bidaltzen zizkien". "1970ean, Burgosko Prozesuaren kontra protestatzeko bidaia antolatu zuen Canberrara, ehun bat lagunekin, eta Melbournen ere, manifestazioak eta protestak; askotan atera ginen garai hartan bertako euskaldunen iritzia Australiako prentsan eta telebistan agertzeko".

Gure Txokoa egoitza gisa 70eko hamarkadaren amaieran itxi zen, baina Jose Antoniok euskaldunak biltzeko eta elkarretaratzeak antolatzeko ahaleginetan segitu izan du.

Jose Antonio Ugalde euskal zutabeetako bat izan zen Australiako lurretan, harreman ugari ezarri zituen Australiako Gobernuko erakundeekin. Johnnyk gogoratzen duenez, "60ko hamarkadan Arthur Calwell Australiako Immigrazio ministroak eta bere emazteak Gure Txoko bisitatu eta topaketa tradizional batean parte hartu zuten, bazkari, dantza eta lagunarteko giro bikainarekin, eta harrituta geratu ziren".

Jose Antoniok harremanak izan zituen diasporako beste euskal erakunde batzuekin, tartean Estatu Batuetan Nevada-Renoko Unibertsitateko William A. Douglass antropologoarekin, euskal diasporako ikertzaile erreferentzial eta nekaezinarekin. Baita ere, Australian sortu diren beste bi euskal etxeekin, Sydneyko Euskal Etxearekin eta Townsvilleko Euskal Etxearekin.

Melbourneko eta Australiako euskal komunitatearentzat pertsonaia garrantzitsua izan zen Jose Antonio Ugalde. Bere ondorengoek argi dute "bere euskal lurralde maitearenganako pasioa eta maitasuna gure argia izango direla aurrerantzean ere bide hori jarraitzeko".

GB Jose Antonio Ugalde Aranguena



Oroimenean

Bidali zurea

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia