euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Oroimenean

Jean Louis Cihigoyenetche

Jean Louis Cihigoyenetche
Jean Louis Cihigoyenetche (1938 - 2022) (arg. Lisa Corcostegui)

2022/03/02 - Eagle, Idaho, AEB

[Mila esker Lisa Corcosteguiri Jean Louis-en oroimenezko hitz hauek partekatzeagatik]

Jean Louis Cihigoyenetche 1938ko abenduaren 27an jaio zen Nafarroa Beherean, Arnegiko Hartchainan, Simon Cihigoyenetche eta Graciana Begue-ren zortzi seme-alabetako bat.

Txikitatik jezteko behiak ekartzeaz arduratu ohi zen, eta geroago, Ameriketara emigratzean ere, esnegintzan arituko zen lanean.

19 urterekin Kaliforniara emigratu zuen Jean Louisek, 1958an. Bertan, behiak jeiztea izan zuen lehendabiziko lana. Geroago bere letxeria hasiko zuen Chinon.

Heldu eta bizpahiru urtera La Puenteko Euskal Etxean sartu eta dantza irakasten arituko zen. 15 bat urte eman zituen Euskal Herritik ekarritako dantzen irakasle. Izan ere, dantzari bikaina zen Arnegi eta Luzaiden eta bolant dantzari trebea. Kontatzen zuen bolant dantzari gisa lehen aldiz aritu zenean zinemako izar bat sentitu zela.

Dantzaren bidez ezagutu zuen bere emaztea, Anne Carrique, Lapurdiko Lekuinekoa. AEBko euskaldunen omonier zen Aita Chalet-ek ezkondu zituen 1966ko otsailaren 20an, Chinoko Santa Margaritan.

Bi seme izan zituzten, Bernard eta Michel.

1976an Jean Louis eta Anne Emmett-era (Idaho) joan ziren bizitzera eta bertan letxeria bat sortu zuten. Geroago behiak saldu eta Eagle-ra (Idaho) bizitzera pasatu eta urte batzuen buruan etxe-garbiketa negozio propioa hasi zuten.

Euskal kulturarekiko maitasun eta lotura handia zeukan eta honi segituz, Boiseko Biotzetik Euskal Abesbatzan sartu zen.

Treasure Valley-ko euskal ospakizun askotan parte hartu zuen eta beti prest agertzen zen laguntzeko edo euskal kanturen bat behar zenean kantuz aritzeko.

Idahon bizi zelarik ere, Arnegi eta Luzaideko dantzen ezagutza transmititu zizkien interesatutako dantzari gazteagoei, hala nola Boiseko Oinkari eta Renoko Zenbat Gara-ko lagunei.

Bere kultur ondarea transmititu zigun guztiok zorionekotzat senti gaitezke. Eskerrik asko, Jean Louis. Zure hutsunea sakon sentituko dugu eta maitasunez gogoratuko zaitugu.

Goian Bego.



Oroimenean

Bidali zurea

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia