euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Oroimenean

Alberto Maiztegui

Alberto Maiztegui
Alberto Maiztegui (arg. EuskalKultura.com)

2018/06/18 - Cordoba, Argentina

Hau da Cordoba hiritik, izen bereko probintzia argentinarretik bidali diguten oharra:

Saminez beterik Alberto Maitzegui doktorearen heriotzaren berri eman beharrean gaude. Gure Euskal Etxeko bazkide, lagun eta betidaniko kolaboratzailea zen. Zientzilari ospetsu zena astelehen honetan hil da, ekainaren 18an, 98 urte zeuzkala.

Besteak beste, bere bitartekaritza lana erabakiorra izan zen Cordobako Unibertsitate Nazionalak Honoris Causa doktore titulua eman ziezaion Juan Jose Ibarretxe lehendakariari honek 2006an Euskal Aste Nazionala Cordoban izan zela-eta eginiko bisitan. Maiztegui bera izan zen gainera lehendakariaren aurkezle errekonozimendu garai hori emateko ekitaldian.

Alberto Maiztegui 1920ko apirilaren 7an jaio zen Gualeguay-n, Entre Rios probintzia argentinarrean. 7 urte zituela bere familiarekin Buenos Aires hiriburura aldatu zen. Magisteritza ikasketak burututa, matematika irakasle ikastea erabaki zuen. Geroago, fisika, eta Ernesto Sábato fisikari eta idazle handiaren ikasle laguntzaile bilakatu zen. 26 urterekin, Maizteguik Sabatorekin batera Elementos de Física liburua idatzi zuen. 1947an, Maiztegui ikerkuntzan sartu zen buru-belarri eta Cordobako Behategi Astronomikoan hasi zen lanean, eta bertan Enrique Gaviola eta Guido Beck-en altuerako zientzilari ospetsuekin aritu zen. 1949an Buenos Airesera aldatu zen atzera eta Jorge Sábato fisikoarekin batera --idazlearen iloba-- Introducción a la Física idazten hasi zen. Eskuliburua arrakasta handiz argitaratu zen 1952an eta Latinamerikako hainbat eskolatan erabili zen. Bolada batez Barilochen José Balseirorekin batera jardun ondoren, berriro ere aldatu zen Cordobara, Instituto de Matemática y Física-n (IMAF) --egungo FAMAF-- irakasle eta geroago zuzendari izateko.

Familiari zinez opa diogu denborarekin bere galera arindu ahal izatea eta saminean lagun, beti atxikiko dugu gogoan bere oroitzapena eta bere adiskidetasuna Gure Txokoa Codobako Euskal Etxearekiko.

Zuzendaritza Batzordea
Gure Txokoa Euskal Argentinar Etxea
Cordoba Hiria, Argentina



Oroimenean

Bidali zurea

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia