euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Gernikako Arbolaren kimua landatu dute Kapitolioko lorategian

2016/07/06

Gogoangarria ari da izaten egun hauetan Washingtonen diren hainbat euskaldunentzat 2016 Smithsonian Folklife Festival delakoa: Euskal Herritik etorri direnentzat eta baita Estatu Batuetan bizi direnentzat ere. Bozkarioa aurpegietan eta airean senti daiteke; euskaldunak Estatu Batuetako bihotzean, erdigunean, kokatu baitira Euskal Herria eta euskal kultura, euren historia eta izaera erakusten, "beste edozein herri bezala", "normaltasunez", entzun dugu.

Joseba Etxarri. Euskal Herritik etorri direnak, Euskal Herria aintzakotzat hartua, errespetuz kultura eta herri gisa onartua ikusi baitute, egun hauetako ekitaldietan Estatu Batuetako erakundeek ateak zabalik errezibitu baitituzte. Eta ber gauza euskal-amerikarrentzat, eurentzat balio berezia baitu euren herrialdean bertan, nazio amerikarraren bihotzean, Kapitolioan eta estatubatuarrentzat ikur diren lekuen erdian euskaldunak parte ikustea, ohoratuak eta begirunez errezibituak, lehenago beste hainbat kultura eta jatorrietako estatubatuarrekin gertatu den bezalaxe. Beste xehetasun batzuk, inportanteak izanik, aurreragorako utziko ditugu.

Egun hauetan batu dira Washingtonen, batetik, Eusko Jaurlaritzatik eta honen eremutik iritsi den ordezkaritza ekonomiko bat, enpresariekin, eta teknologia eta mundu ekonomikoaren ikusmoldetik harremanak indartzera eta garatzera etorri dena. Hor zeuden Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburua, hainbat enpresa eta ordezkari ekonomiko eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru diputatu nagusiak, Ramiro Gonzalez (Araba), Unai Rementeria (Bizkaia) eta Markel Olano (Gipuzkoa): ordezkaritza ekonomiko eta politikoa.


Gernikako Arbolaren kimua landatu zuten Kapitolioko lorategi edo baratzean. Euskaldunen biloba den John Garamendi kongresukideak hitz atxiki eta hunkigarriak eman zituen euskaldunak, euren lana, indarra eta euskal emigranteek Estatu Batuei ekarri kontribuzioa azpimarratu eta laudatuz. Gernikako bonbardaketa bizi izan zuen MariCarmen Egurrolak ere, Boisetik etorria, lagunduko zuen kimua landatzen (argazkia EuskalKultura.com)


Bideoan, Gernikako Arbola Kapitolioko lorategian: John Garamendi kongresukide kaliforniarraren hitzak. Ondoren, kimuaren landaketa: aitona John-ek deiturik azken lur eskukada botatzen duen neskatila bere bilobetako bat da. Ondoren, bonbardaketa bizi izan zuen Maricarmen Egurrola gernikarrak eta bertan zeuden Euskal Herriko eta Estatu Batuetako ordezkari eta partaideetako askok botako zuten euren lur-eskukada (bideoa EuskalKultura.com)


Ekainaren 29tik uztailaren 4ra eta uztailaren 7tik 10era Washington hiria euskal hiriburu bilakatu da. Erakusleen artean, 200dik gora euskaldun kirolari, kantari, sukaldari, artisau, ofiziale eta profesional erakusle (Euskal Herrikoak eta AEBetako Diasporakoak) hiri honetara bildu dira milaka bisitari amerikar eta turistei euskaldunen berri emateko eta euskara eta euskal kultura eta Euskal Herria apur bat ez bada ere dastarazteko (argazkia EuskalKultura.com)


Bideoa. Kepa Junkerak eta Sorginek jendea mugiarazi eta dantzan ipini zuten, giro ederra emanez Kapitolio aurreko berdeguneari (irudia EuskalKultura.com)

Bilkura-programa osatu bat antolatu diete Estatu Batuetako enpresa eta enpresari, instituzio, politikari eta oro har agente ekonomiko eta politikoekin bildurik. Laguntzaile handi izan dute John Garamendi AEBetako kongresukide demokrata, Kaliforniako 3. barrutiko ordezkari Washingtonen, eta lehenago, besteak beste, Kaliforniako gobernadoreorde eta AEBetako Barne ministro-orde (US Deputy Secretary of Interior)  izana Clintonekin. Garamendiren aitxitxe Bizkaiko kostaldekoa zen, 1906an AEBetara emigratua, eta politikariak beti aurkeztu du bere burua Basque edo euskal jatorriko amerikar gisa.

Garamendi ateak zabaltzeko sostengu eta Bizkaiko Foru Aldundia babesle Jaurlaritzarekin eta aipatu beste euskal erakundeekin, NABOk eta Ipar Ameriketako euskaldunek sendo eta ahalegin handia eginez erantzun diote Washingtonen egoteko deiari; bertaratu diren euskal pertsona eta taldeek euskaltasuna eta euskal kultura Washingtonen behar bezala ordezkatua eta erakutsia izateari eman diote lehentasuna eta konprenitu dute euskal kulturak eta euskara ardatz duen Euskal Herria bezalako herri eta kultura txiki eta xume batek aukera eta xantza guztiak behar dituela baliatu eta probestu bere burua erakustera emateko.


"Basque" hizki erraldoien artean, Utah-ko Triskalariak taldeko dantzarien agurra (argazkia UtakoEE-EuskalKultura.com)

"Smithsonian Folklife Festival" sailean munduko herri eta kultura askoren molde, usadio eta tradizioak azaldu ohi dira. Euskaldunen kasuan ere euren ofizioak, janaria, kirolak, dantza, musika, kantua... erakutsi nahi izan dira. Irudian, euskaldunak eta itsasoa: itsasoko lanak, arrantza, untzigintza eta marinelen bizia; arropak nola egiten zituzten, oihalak, sokak, nola zen bidaia arrantzuntzietan Ipar Ameriketaraino... (argazkia EuskalKultura.com)

Argi gera bedi, dena den, Estatu Batuetan --edo nonahi-- ezinbestekoa dela hasieratik bertako euskaldunak gogoan eta aintzat hartzea gauzak antolatzerakoan, eta Jaurlaritzak eta Euskal Herriko instituzioek zernahi gisaz kanpoko harremanen diseinu eta plangintza bateratu eta adostua beharko luketela agertarazi. Herri txikia den batek indarrak metatu, eta norabide adostu batean beharko lituzke erabili, etekinik handiena ateratzeko, irudi egokiz modurik eraginkorrena plazaratzearren.

Oraindik asko baitira Estatu Batuetan eta munduan "euskalduna" esan eta hori zer den galdetzen dutenak, sekula entzun ez dutelako euskaldunei buruz; edo entzun bai, baina ideia bitxi edo okerrez, edo aldekoiez. Eta bistan da euskara euskaldunek baizik ez dugula aitzinaraziko, eta euskal kultura erakustea ez duela inork sekula egingo guk euskaldunok bezain jakitun eta egoki.


Ekitaldietan, egunero pasatzen dira jaialdiko bazterretatik euskal musikari eta taldeak kabalkada gisa. Horietako bat, kalejira egiten, Manu Iturregi soinujotzaile berangotarra da "Klaperttarrak" deitu bere bandarekin; beste bat Iturengo Joaldunak, euren joare eta ardi larruekin. Irudian, Iturengo Joaldunak Washingtongo festa honetarako espres eraiki pilotalekuan euren erakustaldiaren egiten (argazkia EuskalKultura.com)

Ekitaldiaren helburua euskal kultura, amerikarrei erakustea eta dastaraztea izanik, zer hobe haur bisitariak Euskal Herriaz jolasean ipintzea baizik, jolas eginez ikas dezaten. Bi aste hauetan Washingtondik pasatzen ari diren haurrek (eta helduek) ez dute seguruenik ahaztuko hain kultura alai, koloretsu, abegikor, aldi berean antzeko eta desberdina... lehenago erabat desezaguna, orain pixkat ezagunagoa (argazkia EuskalKultura.com)

Lerro hauek idazteko momentuan aurrera ari da oraindik "2016 Smithsonian Folklife Festival". Astearte eta asteazkenez atsedena hartuta, ostegunean zabalduko ditu berriz ere ateak bere bigarren zatian, datorren igandean bukatzeko.

Estatu Batuetako gobernuaren baitangoa den Smithsonian erakundea antolatzaile, euskaldunek libertatea izan dute euren burua eta euskal usadio eta ohiturak, euskal molde eta historia, euskara eta euskal kultura, Washingtonera "4th of July" edo Uztailaren 4ko festetara etorri diren bisitarien aurrean agertzeko. Nafarroako Gobernua, Iturengo joaldunak bidalita emendatu zaie, eta Iparraldeak, besteak beste Kalakan eta Mauleko Errecart familia espartingilea ere izan ditu partaide. AEBetako euskaldunak ere zazpi probintzietako ordezkari izan dira.

Eta ikusi ditugu haur amerikarrak Euskal Herri osoko mapa baten gainean jolasten eta euskal gauzak ikasten; helduak, interesaturik euskarari buruz; gazteak kantxan xistera lehenengoz eskuetan jartzen eta ikasten pilotaz; eta jendea loriatzen sukaldaritza tailerretan eta euskal dantzetan dantzari euskal musika taldeen musikarekin. Gozatu dute ikusten, dastatzen, jolasten eta ikasten; eta euskaldunek gozatu dute erakusten zer eta nor diren, zein izan den euren historia eta zer nahi duten, nora doazen, iraganari geroa ematearren ari baitira lanean, Euskal Herrian eta baita Estatu Batuetan ere, bereziki erabakigune diren lekuetan, baina oro har, hala egitea komeni den leku guztietan.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia