euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire Euskal Pampatik

Gaztemundu 2019ko nire esperientzia

2020/07/09

Gaztemundu 2019ko programatik (eta Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarretik) zortzi hilabete pasatxo igaro direnean, COVID-19ren mundu mailako krisiak denok kolpatzen gaituen urte honetan, Gaztemundu 2020ren eta gure euskal etxeetako ekimenetako asko zalantzapean eta ziurgabetasun-zurrunbilo batean dauden honetan, bizi izan ditugun eta aberastu egin gaituzten esperientziek hor diraute indartsu. Eta, hain zuzen ere, geroak ekarriko digunaz ziurgabetasuna nagusi den uneetan, gugan marka utzi zuten oroitzapen eta eskarmentu horietara jo beharra dugu, elikagai izan dakigun, izan ere geroari aurrez aurre begiratzeko.

Gaztemundu 2019ko nire esperientzia

Beroak eman zigun ongietorria 2019ko irailaren 22an Bilbora iritsi ginenean. Aireportura irria ezpainetan heldu ginen eta itxaropenak goiti. Hurrengo egunetan esperientzia gogoangarriak espero genituen, eta bagenekien bizitzen hasi behar genuen hura galtzen utzi behar ez den aukera horietako bat zela.

22 eta 35 urte bitarteko hamabost gazte, Ameriketako Estatu Batuetatik, Uruguaitik eta Argentinako hainbat tokitatik etorriak, geure euskal etxeen alde lan egiteko prest, Bilbon elkartuta. Gutxi edo ez genuen aurretik elkar batere ezagutzen, baina lagunarteko harreman handi batean amaitu genuen bi aste baino gehiago elkarrekin eman ondoren.

Gaztemundu programak ezagupenez, esperientziaz eta anekdotez busti gintuen; interesa piztu zigun gure euskal etxeak euskal kultura sustatzeko erakunde eredugarri bihurtzeko eta hori lortzeko planak egiteko. Eztabaida eta plangintza jardunaldi luzeetan, elkarri entzuten jakin genuen, batere gureak bezalako errealitateak ez zituzten beste euskal etxe batzuen gaurkotasuna ezagutuz, eta horrek aukera eman zigun oztopo horiei aurre egin behar izatekotan tresna berriak izateko. Jolasen bidez, bateratze-lanen bidez, talde-lanen, aurkezpen pertsonalen eta ekintza-planen bidez, hainbat alternatiba landu genituen gure euskal etxeetan jarduerak sortu eta indartzeko, proposamenak biltzeko, bazkide berriei bidea irekitzeko, gure irismena zabaltzeko eta eskualdeko beste euskal etxe batzuekin lotura handiagoa sortzeko.

Programaren osagarri, Eusko Jaurlaritzako kargudunek hitzaldiak eman zizkiguten, eta bisita gidatuak egin genituen Bilboko hainbat lekutara, eta talde irteerak Ipar Euskal Herrira, Nafarroara, Arabara eta Gipuzkoara, irudi orokor bat lortuz horrela, gure Euskal Herri maitea osatzen duten lurralde historikoez.

Urriaren 1ean bat egin genuen Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarreko egitarauarekin, esan nahi baita lau urtean behin munduan euskal etxerik daukaten herrialdeetako ordezkariek euskal etxeen orainaz eta geroaz mintzatzeko Euskadin egiten duten bilerarekin, Iparragirreren jaiotzaren berrehungarren urteurrena betetzeko bezperan Urretxu bere sorterrian izan ginen, ondoren Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoa ezagutu eta Bilbon, Euskaltzaindiak diasporari euskara zabaltzen egindako lanagatik egindako  omenaldian parte hartzeko, eta biharamunean Euskalduna Jauregiko instalazioetan Batzarreko debateak hasi genituen. Lau kontinentetako euskal etxetako ordezkariekin mahaia partekatu genuen, hizkuntza eta kultura desberdinak zituzten pertsonekin. Eskarmentu ederra izan zen niretzat beste herrialde batzuetako diasporek kultur sustapena nola kudeatzen duten jakitearren.

Laudorioak besterik ez ditut esperientziarentzat; dudarik gabe emankorra izan baitzen oso. Diaspora gisa, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dizkigun programa hauek baloratu behar ditugu, gazte gisa trebatu egiten baikaituzte zenbait arlotako kudeaketan; zalantzarik gabe, diasporak egunez egun egiten duen lana balioetsi eta aintzatetsi nahi duten aukerak dira. Azken batean, hori da gure asmoa, gauden lekutik lagundu egiten diogu euskal kulturaren bizitzari, maite dugulako, sentitzen dugulako eta geure egunerokotasuneko parte egiten dugulako.

Pena handia sentituz gaur egungo krisia eragiten ari den ondorioengatik, munduak bere jarduerak geldiarazi behar izan baititu, konfiantza izan behar dugu hau guztia laster konpondu, eta aurtengo Gaztemunduren edizioa nolabaiteko normaltasunez garatu ahal izan dadin, esperientzia zinez interesgarria eta aberasgarria baita.

Ez ditut lerro hauek bukatu nahi eskerrak eman gabe Eusko Jaurlaritzari, hain esperientzia politeko partaide izatearren eta egunez-egun lagun izateagatik. Tomas eta Ainhoa Elorriagari, gure irakasleak izan baitziren kultura-kudeaketa prestakuntzan; eta bidaia zoragarri hau partekatu nuen gainerako gazteei, zalantzarik gabe guztion oroimenean geratuko baita.



Tomás Vicente

Tomás Vicente

Tomás Vicente, vasco-argentino de Macachín, La Pampa, viviendo en Buenos Aires desde 2015, "aunque regreso a casa muy seguido". Con antepasados de Bergara, en Gipuzkoa, se inició desde chico en las actividades del Euzko Alkartasuna macachinense y en 2018 pasó a integrar la Comisión Directiva. Se involucró particularmente en la gestión y organización de eventos, "algo que me apasiona". "Estudiando euskera me enamoro cada vez más de Euskal Herria, de su cultura milenaria y de su gente". "Me encanta viajar, conocer gente, compartir tiempo con amigos y mi familia, aprender sobre otras culturas y leer libros de Historia", confiesa.

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia