euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Goazen oro dantzara!

Euskal kultura, Iparraldearekin bat, Akitanian munduratuz

2015/04/04

Euskararen eta euskal kulturaren eremuko eragileen arteko sarea lantzea izan da hasieratik Etxepare Euskal Institutuaren zeregin eta helburuetariko bat. Alegia, euskara eta euskal kultura nazioartekotze lanean Iparralde eta Nafarroako kideekin lan egitea ezinbestekoa da, eta hori gure eguneroko lanean gauzatzen da gainera.

Etxepare Institutuaren Patronatuan dago bai Iparraldeko eta baita Nafarroako eragileen presentzia, eta oso garrantzitsua zaigu haiekin elkarlanean munduratzea. Baina “munduratu” diogunean askotan begirada ez da gehiegi urrutiratu behar, etxetik gertu ere lan asko baitago egiteko, Akitania adibide. Kilometro gutxi batzuetara kulturalki oso bizia den lurralde honekin loturak sendotzea eta bertako jaialdi eta ekimenekin elkar lan egitea gure helburuetariko bat izan da; horren lekuko Libourneko Fest’Arts kale antzerkiko jaialdiarekin landu dugun harremana, 2011. urteaz geroztik. Eta gainera Euskadi-Akitaniako bulegoa dugu bidelagun elkarlan hau eraikitzen jarraitzeko.

Baina gaurkoan, azpimarratu nahiko nuke Iparraldeko EKE Euskal Kultur Erakundearekin egindako lana. Etxeparek bere hastapenetik burutu ditu egitasmoak EKErekin, etengabeko elkarlanean. Gure Euskara eta Euskal Kulturari buruzko liburu saileko hainbat ale, esaterako, frantsesera ere itzuliak izan dira eta sarean daude nahi duenaren esku, bertsio hiru eledunean:

Musika alorrean EKErekin bat eginik ere, Le Rocher de Palmer, Cenonen, Bordeletik gertu dagoen hirian dagoen musika areto ikusgarriak euskal musikari, arteari eta literaturari leku berezi bat egitea lortu dugu. Joan den urtean hasi ginen haiekin lanean, euskal musikak toki bat izan dezan Akitanian. Eta aurten pozarren esan ahal dugu programazio egonkor bilakatu dela. Lan hau etorkizunerako begiradaz eraiki nahi izan dugu, gainera, musikarien arteko harreman biziak sortzeko bide berriak sortzen ari gara eta. Ziur gaude euskal musikak berezko tokia izango duela Akitanian urte gutxi barru.

Hauek adibide bi baino ez dira: zorionez, beste hainbeste esparrutan ere ildo honetatik ari gara elkarrekin lanean. Eta urte askotarako!



hurrengoa »
Aizpea Goenaga

Aizpea Goenaga

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia