euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Diasporako kusiak

Diasporan: atzoko eta gaurko komunikazio kanaletan barna

2022/08/04

Duela 70 urte Euskal Herritik Nevadara igorritako postalari argazkia atera, WhatsApp-ez Euskal Herrira igorri eta erantzuna berehala jasotzeko une hori… Hiru segundoko tartean gelditu zen garbi komunikazio kanalen eraldaketa. Ipar Ameriketako euskaldunen eta Euskal Herriko haien ahaideen eta lagunen arteko komunikazioa ikertzera joan nintzen Renora, 2021eko udazkenean, Etxepare Euskal Institutuak eta Nevada-Renoko Unibertsitateko Center of Basques Studies (CBS) zentroak emandako katedra baten harira.

Hegazkinetik Groenlandiako izotz mendiak xarmanki ikusirik heldu nintzen San Frantziskora, eta hango karrikak eta auzoak zoko-moko kurritu ondoan, autobusez joan nintzen Renora. Unibertsitatea eta inguruak ezagutzea izan zen ene lehen zeregina, han iragan behar bainituen ondoko bi hilabeteak. Lasaitasuna, bake giroa, lanerako patxada. Hitz horiek laburbilduko lukete hango egonaldia eta CBSren egoitza. Hantxe hasi nintzen, lehenik, liburutegiko apalak arakatzen, hainbat liburu kontsultatzen eta irakurtzen eta, bigarrenik, artxiboko kutxak irekitzen, altxorrak balira bezala.

Kutxa horietan badaude euskal diasporako bigarren edo hirugarren belaunaldikoek Europara egindako bidaien kronikak, eta horietako batean hegazkinetik Groenlandiari ateratako argazkiak… Eta, bereziki, gutun andana bat. Laxalt familiaren kutxak dira mamitsuenak. Sweet Promised Land irakurtzean ia etxeko bihurtu zaizkigun pertsonaien eskutik idatzitako gutunak edo haiei helarazitakoak esku artean edukitzeak emozio berezia eragiten du. Hor daude bidaia hartatik Dominique Laxaltek alabari igorritako postala, Zuberoako arrebek Dominiqueri bidaia bururatu eta berehala idatzi zizkioten gutunak, eta ondoko urteetako gutun andana… Kutxa haietan frogatzen da 1953ko bidaiak zer nolako eragina izan zuen familiaren loturak trinkotzen.

Baina dena ez zen bidaia hartan hasi. Hor daude, halaber, XX. mende hasieran idatzitako zenbait gutun, Dominiquek Kaliforniako Pete anaiari igorritako gutunak, Euskal Herritik Dominiqueri bidalitako batzuk eta Robertek aitari idatzitako gutunak, zeinetan adierazi zuen Euskal Herriko familia ezagutzeko gogo handia zuela… 1953ko bidaia baino hamar bat urte lehenago.

Gutun-azalak eskuetan irudikatzen dugu zenbat denbora behar zuten gutuna eskuz idatzi ondoan, herriko postontzira eramateko, eta herritik zer bidea egin behar zuen Ameriketako postontzira heltzeko… Hori irudikatzen nuen, WhatsApp-etik hitz bat bi segundotan igortzen nuen bitartean edo bideo-deia egiten ari nintzen bitartean Euskal Herriko familiarekin…

Gutun horietan badago komunikabideen bilakaeraren lekukotza: Ameriketatik argazkiak jaso izanaren poza eta harridura aipatu zen lehenik; geroago, Kodak bat eskuratu zutela idatzi zuten, eta horrekin ateratako argazkiak igorri. Eta argazkia ateratzearen beraren xehetasunak kontatzen ziren. Zinez ohiz kanpoko zerbait. Geroago, telefonoz entzun izanaren magiaz aritu ziren.

Gaur egun 70 eta 90 urte bitartean dituzten hainbat euskaldunekin ere elkartzeko parada izan nuen, eta haien ahotik entzun ahal izan nuen hastapenean gutun bidez baizik ez zutela komunikatzen (bazen bat, ordea, gutunak idaztea gustuko ez zuena eta zinta batean grabatzen zuena bere solasa; zinta hark Amerika eta Atlantikoa hamaika aldiz zeharkatu zituen alde batera eta bestera, zinta berean grabatzen baitzituzten beren berriak, aitzinekoen gainean). Zer hizkuntzetan idazten zuten galdetu nien, CBSko artxiboko kutxetako gutun franko frantsesez idatziak zirela baina beste anitz euskaraz zeudela ohartua nintzelako. Baziren euskaraz idazten zutenak, frantses guti ikasi zutelako edo derrigorrezko eskolaren ondotik, seroren formazio zentroetan ikasi zutelako euskaraz idazten…

Euskara, euskara batua, bizkaiera… solasgai izan genituen hainbat aldiz; besteak beste Rocklineko euskal piknikean. Han zeuden anitz Ameriketan bizi dira euskara batua sortu baino lehenagotik! Aitortu zuten euskara batua ulertzea kostatzen zaiela, baina, aldi berean, ezinbestekoa izan zela euskara batua sortzea, bestela Euskal Herrian euskara desagertuko zelako. Belarriak zut-zuta egoten nintzen hango euskaldunen solas guztiak entzuten: euskalki izoztu bat ingeles maileguz betea. Zinez interesgarria! Eta hunkigarria, han baitzeuden ene urruneko kusi franko. Amatxiren aldekoak.

Ondoko asteburua Elkoko eta Boiseko euskaldunak ezagutzeko erabili nuen, Winnemucca, Battle Mountain, Jordan Valley eta McDermitt-etik ere pasaturik, garai bateko euskal artzainek zapaldu zuten lurretan barna. Jende maitagarria han ere (batzuk lehenagotik ezagutzen nituenak), Elkoko Ogi Deli eta Star Hoteleko giroan lehenik, Boiseko Euskal Etxean gero, denak borobilean, kalaka goxoan. Lehen belaunaldiko zaharrak eta gazteagoak, hirugarren eta laugarren belaunaldiko gazte batzuk… Hainbat elkarrizketatu nituen. Gaur egun komunikazioa anitzez errazagoa, merkeagoa eta berehalakoagoa da. Baina ez bakarrik bideo-deiei edo WhatsApp-eko mezuei esker. Euskal Herriko berri ere aise eta laster jasotze dute Internetetik. Eta musikako joera berrienak ere ezagutzen dituzte, Spotify-ren bidez. Eta Boiseko Taupada irratsaioari esker.

Hurrengo asteburua Chinoko euskaldunen artean iragan nuen, Mike Bidarten eta bere familiaren harrera ezin hobeari esker. Eta hantxe ezagutu nuen lagun talde bat, igande eguerdiro elkartzen dena Centro Basco ostatuan, Euskal Telebistako pilota partidak zuzenean ikusten. Gero, hileroko bazkaria zegoen Euskal Etxean, COVID-19arengatik bi urtez antolatzeko debekua izan ondoan, lehen aldikoz. Aitatxiren aldeko ahaideen arrastoan gaindi ibili nintzen, eta kusi bat ezagutzeko parada izan nuen. Une hunkigarriak, haiek ere.

Bidaia baliatu nuen inguruko bazter miresgarriak bisitatzeko ere, parke nazionalak bereziki. Eta hango bideetan ere baziren euskaldunek zapaldutako lurrak: Ely, Eureka…

Azken geltokia, berriz ere San Frantziskon. Hango euskal etxean izan nintzen hainbat aldiz, elkarrizketa formalak eta informalak egin nituen euskal etxean ibiltzen den jendearekin, familiako batzuekin afaldu ere bai…

Baina azken hitz gisa, lehenbiziko elkarrizketa sortetako bat aipatu nahi dut. Gardnervilleko JT ostatuaren bisita eta bazkaria eskertzekoak izan ziren, baita ere herri hartako zenbait euskaldunekin izandako solasa. Horietako baten irri gozoa eta oroitzapenek pizten zioten begitartea aipatu nahi ditut. Grace (Etcheverry) Berhan zen. Hilabete gutiren buruan heldu zitzaidan haren hil berria, euskalkultura.eus webgunearen newsletterretik.



Eneko Bidegain

Eneko Bidegain

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia