euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Teresa Zavaleta: “Euskararen bidez Euskal Herriko egoera politikoa ulertu nuen” (en Argia)

19/06/2025

Argentinarra da, baina sustraiek errotzen dute. Euskararekin maiteminduta dago, 25 urterekin ikasten hasi zenetik. Arbasoetako batzuk Euskal Herrikoak zituen, Soraluzekoak eta Azagrakoak, eta bizpahiru urterekin hasi zen Arrecifeseko Euskal Etxera joaten; arbasoa sortzaileetako bat izan zen, eta familiak bertan parte hartzen zuen duela 103 urte zabaldu zenetik. Dantzaren bidez euskal soinu eta erritmoek gorputza laztandu zioten, baina euskararen bidez sakonago ulertu ahal izan zuen Euskal Herriaren historia, kultura eta politika. Maiatzaren hasieratik Lekeition egon da hilabetez, jubilatu ondoren euskaran eta euskal munduan murgilketa egiteko eta ikasten jarraitzeko.

Enlace: Argia

Garazi Basterretxea. Nola heldu zinen euskarara, edo nola heldu zen euskara zugana?
Unibertsitatea bukatu nuenean hasi nintzen euskara ikasten. Gurasoek ez zekiten euskaraz. Aitak hitz zikinak, beste hitz gutxi batzuk eta pare bat abesti baino ez zekizkien. Politikaren aldetik ere ez genuen askorik ulertzen. 25 urterekin euskaraz ikasten hasi eta identitatearen eta independentziaren nahia ulertzen hasi nintzen. Euskararen bidez Euskal Herriko egoera politikoa ulertu nuen. Euskararekin maiteminduta nago. Euskalduna bazara sakonago ulertzen duzu Euskal Herria, ikasleen artean ere konturatzen naiz. Lehenago dantzariaren esperientzia nuen, ikurrak ezagutzen nituen, baina beste kapa asko falta zitzaizkidan: kultura eta hizkuntza. 

Dantzaria zinenean eta oraindik euskaraz ez zenekienean zer pizten zizuten gorputzean doinu eta erritmo horiek?
Ikurrina ateratzean eta Euzko Gudariak abestean maitasuna pizten zitzaidan, eta oraindik ere gertatzen zait. Dantza izaten da askotan medioa euskal etxearekin harremana izateko, baina euskara beste pauso sakonagoa da. Euskarak kulturan sartu ninduen eta askotan beldurra ematen dit jendea hor bakarrik geratzea: folklorean. Ez da erraza dantza taldeetan dagoen jendea euskara ikastera animatzea, poliki-poliki ari gara, ez ikaratzeko. Erronka handia da.

Lekeition egon zara maiatzean. Dantzari Eguna bizi izan zenuen bertan…
Eta dantzatu genuen. Ilobak etorri ziren Argentinatik; ahizpa urtearen hasieran hil zen eta omenaldi bat egin nahi genion, bera ere dantzaria zen eta ilobak ere bai. Une batean 30 kaxarranka ikusi genituen! Oso berezia izan zen niretzat bertan egotea eta ilobekin eta herriko jendearekin plazan dantzatzea, guztiok elkarrekin. Gure Euskal Asteaz gogoratu ginen, igandez festa erraldoia egiten dugu eta ederra da, jendez betetzen da, eta dantzatzeko gogoa pizten dizu.

"Kulturak, historiak eta antropologiak asko laguntzen dute euskara ikasten"

Arrecifeseko Euskal Etxekoaz gain, Buenos Aireseko Euskaltzaleak izeneko Euskal Etxearen parte ere bazara. Zergatik aukeratu zenuen espazio hori Buenos Airesera bizitzera joan zinenean?
Klaseak ematen hasi nintzenean, orain dela 33 urte, Euskaltzaleak beste leku batean zegoen, Laurak Bat Euskal Etxearekin. Baina 2005ean handik alde egin genuen desadostasunak izan genituelako, eta zazpi urte geroago espazio bat erosi genuen klaseak eman ahal izateko. Txikia da, baina jende handiz beteta dago, lagun taldea gara eta euskara zabaltzea da gure helburu nagusia. Hori egiteko hainbat ekintza egiten ditugu, adibidez, zine topaketak, hitzaldiak, dantzak eta abesbatza. Adin guztietako pertsonak gaude, lehen jende heldu gehiago zegoen, arbaso euskaldunak zituzten haiek. Orain unibertsitateko jendea ere etortzen da, hizkuntza aurre-indoeuroparra izateak jakin-mina sortzen dielako, adibidez. Euskaltzaleak-eko jendearekin nagoenean nire kuadrilla direla sentitzen dut, oso eroso sentitzen naiz, etxean bezala. Eta lantzen ditugun gaiak beti izaten dira gai sozialak. Gatazka askotarikoek lekua dute euskal etxean. Gaixorik zeuden preso politikoei ere idatzi genien, ikasleekin batera. Postalak egin genituen espetxeetara bidaltzeko, adibidez, postal batean 'askatasuna' hitza idatzi genuen euskaraz zein Argentinako jatorrizko hizkuntza guztietan. Oso hunkigarria izan zen sortu zena, bai idaztean, baita erantzunak jasotzean.

Azalduko diguzu zer den Argentinan euskaraz programa?
Duela 35 urte Eusko Jaurlaritzak Macachínen abian jarritako egitasmoa da. Bi irakasle bidali zituzten barnetegi bat egiteko. Bi hilabete eta erdi egon ginen. Urteak pasa ahala handik sortu zen Euskara Munduan proiektua, eta ondoren mundo osora zabaldu zen. Hemengo erakunde batekin bideratu zen hasieran: Aurten Bai. Gero HABEk eta FEVAk [euskal etxeen federazioa], eta gaur egun Etxepare Institutuak bideratzen du, beti FEVArekin, noski. 
Barnetegi horietan bildu gintuzten eta formakuntza jaso genuen. Garai hartan ez zegoen Internetik. Nik A2 inguruko maila izango nuen. Ondoren, Lazkaora joan ginen eta bertan formakuntza jasotzen jarraitu genuen. Eskolak hartzen genituen udako oporretan eta neguko bi astetan, eta urtean zehar eskolak ematen genituen. Hasieran Miren Josu Uriarterekin materiala prestatzen genuen.

Uriarte Macachíneko bi irakasle horietako bat da, ezta?
Bai. Ordiziako Gurutze Arrieta ere joan zen eta lehen barnetegia antolatu zuten. Miren Josu bi urtez aritu zen klaseak emateko materiala eta beste antolatzen, gure laguntzarekin, eta ondoren, HABEk hartu zuen proiektua. Geroago Lazkaoko irakasle batek, Jon Urdangarinek, materiala prestatu zuen eta Euskara Munduan sortu zen. 

Materialaren kontua oso garrantzitsua zen. Euskara ikasten eta irakasten sei urte neramatzanean krisi bat izan nuen, ikusi nuelako jendeari asko kostatzen zitzaiola. Historia irakaslea naizenez, euskara ikasteko materiala historiako kontuekin batu eta material berria sortu nuen. Kulturak, historiak eta antropologiak asko laguntzen dute euskara ikasten, jendea ez aspertzen eta askotariko gauzak ikasten. Argentinan jende asko hasten zen ikasten arbasoei zieten maitasunarengatik, baina gero uzten zuten, ez zutelako denborarik. Nik, batez ere, niretzat prestatu nuen materiala, eskolak interesgarriagoak izateko. Gaur egun Euskaltzaleak-en erabiltzen ditugu.

Orain ikasle asko dago? Zelakoa da egoera?
Arrecifesen eta Euskaltzaleak-en ematen ditut eskolak, bi lekuen artean bizi naiz, eta online ere aritzen naiz; orain, Euskal Herrian nagoenez, goizeko ordu biak arte. Talde ederra dugu Euskaltzaleak-en, bost irakasle gara, eta gutariko hiruk (Irenek, Cecik eta hirurok) 35 urte daramatzagu, Macachíneko talde horretakoak gara. Harrigarria da mantentzea. Garrantzitsua da, nire ustez, maila duen jendeak jarraitzea ikasten eta animatzea irakasle izateko. Ikasketa-prozesua bete ondoren jende askok uzten du eta garrantzitsua da erabiltzen jarraitzeko espazioak mantentzea eta jakintza hori transmititzea, katea ez etetea.

Nola sentitzen zara egiten duzuen lana kontatzen duzunean?
Oso harro sentitzen naiz eta oso baikorra naiz, gero eta jende gehiago ari delako euskara ikasten eta jende askok ikastaroetatik atera eta euskal etxean parte hartzen duelako. Adibidez, gehien parte hartzen ari diren batzuk Itziar Ituñoren jarraitzaileak dira. Talde handia hasi zen duela bost urte, boom-a izan zen. Euskal jatorririk ez duten pertsonak dira, maila handia lortu dute euskaraz, dantza taldeetan daude, elkartean laguntzen dute… Bat, adibidez, irakasle izango da orain. Trikipoteoak ere jende asko erakartzen du, batzuetan 200 pertsona inguru biltzen gara Buenos Aireseko San Telmo auzoko Alde Zaharrean eta badirudi Euskal Herrian gaudela. Oso garrantzitsua da jende horrek etxe sentitzea espazio hau. Oso giro atsegina sortzen da.

Online ikastaroak ere asko maite ditut; Arrecifeseko online kurtsoan badaude leku askotako ikasleak: Bariloche, Trelew, Paraná, Puerto Madryn, La Pampa, Santa Fe… Pandemiaren ondoren hasi ginen. Euskal etxeetako jende asko dago eta saiatzen dira gero eta gehiago sartzen euskara euren espazioetan. Gauza horiek maitemintzen naute eta indarra ematen didate honetan jarraitzeko.

"Trikipoteoak jende asko erakartzen du, batzuetan 200 pertsona inguru biltzen gara [Buenos Airesen] eta badirudi Euskal Herrian gaudela"

Historia irakasle izan zarela esan duzu. Nabaritzen da gustatzen zaizula irakastea.  
17 urte nituenean hartu nuen historia ikasteko erabakia. Militarrek Malvinetako gerra hasi zuten ingelesen aurka. Eskolako azken urtean nengoen eta nire adineko mutilak ikusten nituen gudara joaten. Behin historia irakaslea egunkaria eskuan sartu zen ikasgelan, eta egun hartan oso gauza garrantzitsu bat ulertu nuen: gaur egungo egoera ulertzeko aurrekoa ezagutu behar dela. Horrek asko hunkitu ninduen, flash bat bezala izan zen. Eta historia ikasi nuen. Gero konturatu nintzen irakastea nire bokazioa zela, etengabe ari nintzen gauza berrien bila, eta oraindik ere gertatzen zait euskararekin. Euskal Herrian egon naizen hilabete honetan ere gauza pila bat prestatu ditut. 

Diaspora hitza noiz sortu zen?
Lehen ez genuen erabiltzen, “euskal migrazioa Argentinan” edo “euskal komunitatea Argentinan” deitzen genion. Duela hogei urte inguru diasporaz hitz egiten hasi ziren eta gaur egun erabiltzen da. Eusko Jaurlaritzak hautatu zuen irailaren 8a diasporaren eguna ospatzeko, Elkanok mundu bira amaitu zuen eguna, hain zuzen ere. Ni ez nengoen oso ados egun hori hautatzearekin, baina munduko euskal etxeetan galdetu zuten eta hori geratu zen. Arreta ematen dit egun hori euskal etxeetan ospatzen dela eta Euskal Herrian ez hainbeste, uste dut hemen ere ospatu beharko litzatekeela, eta kanpoan egiten dugun lana ezagutarazi eta aitortza egin.

Nola sostengatzen dira Euskaltzaleak eta Arrecifeseko Euskal Etxea? 
Desberdintasunak daude beraien artean, baina orokorrean kideek kuota ordaintzen dute, ekintzak prestatzen dira, eta aretoak alokatzen. Eusko Jaurlaritzaren laguntza oso garrantzitsua da. Euskara klaseetarako urtero diru kopuru bat bidaltzen digu, eta FEVAk banatzen ditu baliabide horiek. Gainerakoa guk lortzen dugu pintxoak, kamisetak eta bestelakoak eginez. Hasieratik guretzat oso garrantzitsua izan zen irakasleei ordaintzea, baina militantzia lan handia dago. Ikasleei bekak ematen dizkiegu. Ikasle jubilatu asko ditugu eta bekak behar dituzte ikasi ahal izateko.

Jubilatuen egoera zaila da une honetan Argentinan.
%50 galdu da erosteko ahalmena, inflazioa dago, baina jubilazioak izoztuta daude; eta gero eta zailagoa da jubilatzeko baldintzak betetzea. Lehen doakoak ziren sendagai batzuk orain ordaindu egin behar dituzte. 300 euro baino gutxiago kobratzen dute jubilatu gehienek eta inflazioaren eraginez orain garestiagoa da Argentinan janaria erostea Euskal Herrian baino. Azken urte eta erdian izugarria izan da: jende asko kalean geratu da, alokairua partekatu behar izan dute… Gobernua murrizketak alderdirik ahulenetan egiten ari da. Asteazkenero kalera ateratzen dira jubilatuak eta beste sektore batzuk batzen ari zaizkie. Errepresio handia dago. Pablo Grillo argazkilariak, adibidez, hilabete eta piko darama ospitalean, Poliziaren pilotakada jaso ondoren. Diktadura ekartzen dit gogora gertatzen ari denak: politika neoliberalak, kolpeak, errepresioa… 

Buenos Aires hiriko hauteskundeak izan ziren maiatzaren 18an eta La Libertad Avanza alderdiko kideak, Manuel Adornik, irabazi zuen. Zer pentsatzen duzu horri buruz?
Buenos Aires hiriko biztanleriaren profila oso jakina da; pentsatu nahi dut herrialdean desberdina izango dela. Hala ere, inoiz egon den abstentziorik altuena izan da eta ez dakit zergatik, agian ez-jakintasunagatik edo etsipenagatik. Hurbileko jende asko oso gaizki dago. Nik uste nuen Macri txarrena zela, baina hau askoz txarragoa da. Egunero harritu egiten gaitu presidenteak, mespretxu handia erakusten du eskubideen alde egin den lan guztiarekiko. Presidenteak izugarrikeriak esaten baditu, badirudi edonork esan ditzakeela. 

Netflixeko Eternauta (2025) telesail argentinarraren "Lo viejo sirve” (zaharrak balio du) esaldia bere egin dute jubilatuek, eta, esan duzun bezala, gero eta gorputz gehiago ari dira jubilatuekin batera kaleak betetzen. Argitasunik ikusten duzu tunelaz bestalde?
Telesaila oso ondo etorri zaigu, ilusioa piztu du, 1985 pelikularekin gauza bera gertatu zitzaidan. Jendeak gauzak uler ditzake beste leku batetik, fikziotik. Duela gutxi, Ricardo Darín, telesaileko aktore nagusia, telebistara gonbidatu zuten Mirtha Legranden saiora eta inflazioa kritikatu zuenez, orain bere aurka egiten ari dira sareetan. Gobernu honek badaki zelan mugitu sareak. Oso arduratuta nago eta ez dakit norantz goazen, gero eta jende gehiago dagoelako gero eta baliabide gutxiagorekin. Jubilatuekin batera, jende asko ari da kalera ateratzen, baina errepresioak beldur handia ematen du, zaila da kalera ateratzea, bertigoa sentitzen duzu. Oso onak dira erreprimitzen. 



siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia