euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Suchetha Satish, musikaria Dubain: munduko 120 kantu, bakoitza hizkuntza batean, kantatu ditu, bat euskaraz (en Berria)

28/08/2021

«Oskorri taldearen abestia oso polita da». Satish munduko errekor bat hausten saiatu da Dubain, 120 abesti kantatuz, bakoitza hizkuntza batean. Horietako bat euskaraz abestu du: Oskorri taldearen 'Kanuto' kantu ezaguna.

Enlace: Berria

Ane Markina Auzmendi. Suchetha Satishek (Kerala, India, 2005) munduko bi errekor lortu zituen 12 urterekin: kontzertu batean abestutako hizkuntza gehienena eta haur batek egindako zuzeneko abestien kontzerturik luzeenarena. Orain, 16 urterekin, beste errekor bat lortzear dago, aste honetan bertan 120 abesti abestea lortu ostean, bakoitza hizkuntza batean. Horietako bat euskaraz abestu du.

Zergatik aukeratu duzu 120 abestietatik bat euskaraz abestea?

Nire ama izan zen Europako hizkuntza zaharrenetakoa euskara zela jakin zuena, eta, euskarazko abestiak bilatu zituenean, Oskorri taldearen Kanuto abestiarekin topo egin zuen. Abestia entzun nuenean, oso interesgarria iruditu zitzaidan. Musika eta doinua asko gustatu zitzaizkidan. Horren ostean, Oskorriren abesti gehiago entzuten hasi nintzen.

Nola praktikatu duzu euskarazko ahoskera?

Jatorrizko abestia askotan eta arreta handiz entzunez ikasi nuen. Inork ez dit lagundu zuzen ahoskatzeko. Zorte handia izan da hizkuntza gehienetan zuzen ahoskatzea.

Lehenagotik ezagutzen zenuen Euskal Herria?

Bai, lehenago ere entzun izan dut nire aita Euskal Herriaren inguruan hitz egiten.

Noizbait entzun duzu norbait euskaraz hitz egiten?

Bai, duela gutxi euskal irrati bat entzun nuen, eta euskara oso hizkuntza berezia eta interesgarria dela iruditzen zait.

Nola bururatu zitzaizun kantatuz Guinness errekorra lortzea?

2018an, 12 urte nituela, 6 ordu eta 15 minutu baino gehiago eman nituen 102 hizkuntzatan abesten. Miamin [AEB] dagoen Munduko Errekorren Akademiak eman zidan errekor hori. Guinness-ek ez die uzten 16 urtetik beherako haurrei errekor horietan parte hartzen. Horregatik, Guinness errekorraren saiakera ofiziala egitea erabaki nuen 16 urte bete eta berehala. Gainera, aurten ez gaude udako oporretan Indiara itzultzeko moduan, eta, beraz, zerbait berezia egitea pentsatu nuen.

Hizkuntza gutxituak abestu nahi izan al dituzu bereziki?

Mugaz haratago dagoen musika izan da nire bizitzako leloa. Hizkuntza gutxituetan ere abestu nahi nuen, mundua haien existentziaz jabetu dadin. Horregatik, hizkuntza gutxitu batzuk aukeratu nituen: euskara eta aromaniera, besteak beste.

Norbaitek lagundu dizu hizkuntzak hautatzen?

Gurasoek lagundu zidaten abesti eta hizkuntza bereziak eta berriak hautatzen.

Zein da zure hizkuntza, eta zein kanta aukeratu zenuen zure hizkuntzan abesteko?

Nire ama hizkuntza malayalama da. Indiako hegoaldeko estatuan, Keralan, hitz egiten da. Errekor saiakerarako, hizkuntza horretan sehaska kanta oso fin bat kantatzea aukeratu nuen, abestiak lasaitasuna transmititzen duelako.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia