euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

[New London NABO Convention 2022] Connecticut, Ipar Amerikako euskaldunen topaleku (en Berria)

30/08/2022

AEBetako euskal elkarteak biltzen dituen NABOren urteko biltzarra eta jaialdia egin dute New London hirian, ekialdeko kostan. Ipar Amerikako bazter guztietako euskaldunak elkartu ditu.

Enlace: Berria

Urtzi Urrutikoetxea. Ikurrina portuan, traineru bat plazan, kalea moztuta herri kiroletarako, eta euskal labeldun garagardoa, txakolinarekin batera. Paella, txistorra, sagardoa, mus lehiaketa eta kanta eta dantza. Euskal Herriko kostaldeko herri bat izan zitekeen, baina Atlantikoaren beste aldean izan da jaia, New Yorketik bi ordura dagoen New Londonen.

Boiseko euskal jaialdi ezagunak 2015ean izan zuen azken ekitaldia. Pandemiak eragotzi zuen 2020koa, eta, ikusita 2021ean ere ezingo zela egin, 2025era atzeratzea erabaki dute. Estatu Batuetako gainerako euskal elkarteak, baina, buru-belarri ari dira berriz ere lanean, pandemia aurreko jardunak antolatzen eta berriak prestatzen. Hala, udaberri amaieran Nevada, Kalifornia, Idaho eta beste zenbait estatutako elkarteek antolatzen dituzten piknik edo euskal jaiak indarrez itzuli dira aurten. Estatu Batuetako ekialdean horrelako gutxiago izaten dira, baina, joan den asteburuan, New England Basque Clubek (Ingalaterra Berriko Euskal Kluba) Ipar Amerikako bazter guztietako euskaldunak elkartu ditu New London hirian, New Yorketik bi ordura.

Connecticut estatuko itsas hiri horretan egin du biltzarra, izan ere, NABO Ameriketako Estatu Batuetako Euskal Elkarteak. Bilera garrantzitsua izan da, besteak beste datorren urtean 50 urte beteko direlako erakundearen sorreratik: «Elkarte gisa geroago erregistratu zen, baina garrantzitsuena euskal elkarteak lehen aldiz batu zirenekoa da; ordura arte, bakoitzak bere aldetik ahal zuena egiten zuen. 1973an izan zen bilera hori; beraz, mende erdi izango da datorren urtean», dio Philippe Acheritogarayk; berriz ere NABOko lehendakari hautatu dute aurten.

Urtez urte handituz joan da elkartea, baita antolatzen dituzten programak eta ekitaldiak ere. Aurten, bertso saio berezia egin zuten San Frantziskon, joan den martxoan, eta orain bertsolaritza lantzeko egitasmoa landu eta onartu berri du. Boiseko euskal etxeko Todor Azurtzak diseinatutako programaren arabera, urtero nazioarteko ekitaldi bat eta lekuan lekuko saioak egitea aurreikusi dute, baita bertso eskola bat sortzea ere. Boisen egingo dute, eta, Idahoko hiriburuko euskaldunekin batera, online ere parte hartu ahalko dute gainerako lekuetako euskaldunek.

Euskal jaia

Bileraren lehen egunaren ostean, topaketaren bigarren eguna euskal jaiak hartu zuen. Elkarrengandik bost mila kilometrora daude Kalifornia eta Quebec, baina parez pare aritu ziren bateko eta bestekoak musean. Amerikanuak taldeko musikariak Utahtik iritsi ziren. «Oso giro ona dago hemen; zertxobait desberdina da AEBko mendebaldean, Utahn, Nevadan edo Kalifornian esaterako egiten ditugun jaialdien aldean, baina ederto gaude», esan zuen Jean Flesher taldeko buruak, bizkaierazko ukituak dituen behe-nafarrera batean. «Ezterenzubin du familiak jatorria, baina gure inguruan bizkaitarrak dira gehienak», adierazi zuen barrezka.

Herri kirolen txandan, euskaldunek eta amerikarrek oihu artean egin zieten txalo aizkolariei. Juan Mari Aramendi pilotari ohiarekin ziren Darcy Rose, Eric Piazza eta Richard Jordan; euskal jatorririk gabe, aizkorak ekarri ditu euskal kiroletara. «Hemen inguruan ere lehiatzen gara, eta nazioartean ere ibili naiz. Australian, esaterako, bazen euskaldun bat: sekulako egurra eman zien denei», esan zuen Darcy Rosek.

Segidan, txingak eroateko txanda izan zen. Kirol guztiak ez ziren lehorrean izan, horratik: New Londonek, ezin bestela, Thames (Tamesis) izeneko ibaia dauka, eta hantxe ibili ziren arraunean Quebecetik ekarritako traineruan. Ez zuten lehen aldia Montrealekoek Connecticuten, baina oraingo honetan ezustekoa izan dute, Beñat Urrutia euskara irakasle uztariztarrak gogoratu bezala: «Estatu Batuetako mugara iritsi garenean, bihurgune moduko bat zegoen mugazainaren etxolan, eta hor blokeatuak geratu gara. Polizia urduri jarri da, gauez zen, traineruan begira, eta sekulako auto ilara hasi da sortzen», gogorarazi zuen, pasatakoan barrez baina une hartan gaizki pasatu zutela aitortuz. «Azkenean, autotik jaitsi, eta traineruari bultzaka igaro dugu muga. Mugazainari esan diot bihar itzuliko garela trainerua Quebecera ekartzeko».

Euskal tradizio ugari

Ameriketako Estatu Batuetako zortzi talderekin abiatutako ibilbide horretan 40 elkarte baino gehiago dira; egun, Kanadan, Quebeceko kideak ere biltzen dira NABOn, baita Ternua parean Frantziaren menpe dagoen Saint Pierre eta Mikelune uharteetakoak ere. Azken lurralde horretako eta Quebeceko kideen presentzia nabarmena izan da Connecticuteko bileran, eta euskararekin eta ingelesarekin batera frantsesa ere entzun da New Londongo kaleetan.

Hala, Saint Pierre eta Mikeluneko ordezkariak abuztu erdialdean ospatutako haien jaialdia amaitu berritan iritsi ziren Connecticutera. Lapurdiko kostaldean dute jatorria gehienek. Edith Urtizberea elkarteko presidenteak, Txingudin, baina mugaz beste aldean, Irundik iritsi baitziren arbasoak. Egun, dantza taldea, abesbatza eta arraun elkartea ere badituzte, traineruarekin uretara astean behin irteteko.

Lehen aldia jaialdian

Benan Oregik, bi jaialdiak uztartzeko asmoz joandako Eusko Jaurlaritzaren Euskal Komunitateen zuzendaritzako ordezkariak, berriz, ezbeharra izan zuen: NABOko bileran COVID-19an positibo eman, eta hoteletik jarraitu behar izan zion jaialdiari. Unai Telleria Jaurlaritzaren AEBetako ordezkaria izan zen hasiera ekitaldian. «Lehen aldiz izan dut aurrez aurre parte hartzeko aukera, bilera gehienak mendebaldean direlako, eta oso aukera ona da denen errealitatea ezagutzeko, zer plangintza daukaten, eta nola ari diren euskara eta euskal kultura bultzatzen Estatu Batuetan eta Kanadan. Oso pozgarria da ikustea bai NABOk oro har, bai hemengo euskal etxeak berriz ere martxa hartu dutela».

Telleria Michael Passero New Londongo alkatearen aldamenean izan zen hasiera ekitaldian. Auzapezak bisitariei galdetu zien zenbat zeuden lehen aldiz bere hirian, eta pozez ikusi zuen zelan jasotzen zuten gehienek eskua. Whale Tail Fountain edo Balea Buztanaren Iturriaren aldamenean egin zuten irekiera ekitaldia, eta haren aldameneko plazan jaialdia. «Alkatea hasieratik izan dugu ondoan gure ekitaldiak antolatzeko», adierazi zion BERRIA-ri Ander Caballero Ingalaterra Berriko Euskal Klubeko presidenteak. «Pilotariak dira elkarteko kide gehienak; hemen familia sortu zuten, eta euskal kulturari eutsi diote. Eta alkatea beti egon da prest ondare hori ere zabaltzeko; besteak beste, Balea Buztanaren plazak erakusten duenez, hemen ere balearen inguruko kultura aspaldikoa delako».



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia