euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Legearen bidez diaspora saretu (en Berria)

05/10/2019

Euskal etxeetako ordezkariek euskal gizartearekin «saretzen» jarraitu beharra azpimarratu dute Gasteizen egindako ekitaldian, harremanak helburu dituen legeak 25 urte bete dituen honetan.

Enlace: Berria

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria. Eusko Legebiltzarreko eserlekuetan eusk al gizatalde eta etxeetako ordezkariak eserita daude, Gasteizen. Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarraren amaiera da. Saregintzan lelopean ospatu dute, asteartetik atzora arte. Mende laurdena bete du maiatzaren 27ko 8/1994 legeak; hura omentzeko, euskal komunitateko lagunak elkartu dira. Legearen helburua da Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako euskal gizarteak kanpoko euskal gizatalde eta etxeekin harremanak sendotzea. Hamaika txokotatik iritsitako kideak daude Gasteizen. Legebiltzarkideko osoko bilkuren aretoan entzuten diren hizkuntzak ere hainbat dira; kanpoko euskal komunitatearen hizkuntza aniztasunaren isla izan daiteke. 12:00ak dira, eta ekitaldi instituzionala hastera doa.

Musika lasaiarekin hasi da ekitaldia eta bideo emanaldi batekin. Jauzi egin dute bertaratuek, 25 urte atzera. Legea onartu zeneko irudiak ageri dira Legebiltzarreko pantailetan, eta garaiko legebiltzarkide baten ahotan, Jose Mari Iparragirreren hitzak: «Eman eta zabal ezazu munduan fruitua». Filosofia horrekin egin zuen aurrera legeak: 40 boto alde, eta hiru zuri. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak hartu du hitza ostean, eta esan du legea baliagarria izan dela euskal gizataldeen harremanak sendotzeko: «Legeak ahalbidetu du guztion arteko harremanak jostea, harreman sareak indartzea».

Euskal etxeen ordezkariak

Txalo zaparradaren ostean, Euskal Gizataldeetako Aholkularitza Batzordeko ordezkariek hartu dute hitza. Arantxa Anitua izan da lehena, Hego eta Erdialdeko Amerikako euskal etxeen ordezkaria da argentinarra. «Euskal diasporan komunitatea osatzea lortu dugu, mantendu dugu identitatea gure ezberdintasunetatik harago», esan du Anituak gazteleraz, hunkituta. Eta dei egin du «saretzen» jarraitzeko. Emakumeek urteetan eginiko lanaren aldarriarekin eman dio amaiera hitzartzeari Anituak, eta Unai Lauzirikak hartu du lekukoa.

Asia, Europa, eta Ozeaniako euskal etxeetako ordezkaria da Lauzirika, eta Berlindik (Alemania) joan da Gasteizera. «Legeari esker landu ditugu gure arteko harremanak, hark osatzen du gure arteko elkarlana», adierazi du Lauzirikak euskaraz. Gaineratu du erronka ugari dituztela datozen urteetan, eta euskal etxeak izan behar direla «icebergaren lurrazaleko tontorra». Horretarako, ziur dago elkarlanean aritzea dela bidea.

Hirugarren eta azken ordezkaria Jean Flescher Ipar Amerikako euskal etxeen arduraduna da. Lehen agurrak euskaraz egin ostean, ingelesez hitz egiteari ekin dio. NABO Ameriketako Estatu Batuetako Euskal Elkartearen sorrera izan du gogoan, 1973. urtean sortua: «Helburua zen elkarrekin lan egitea, euskal kultura gainontzeko euskal amerikanoekin elkarbanatzea». Besteak beste, haurrentzako udalekuen, euskara eskolen edota euskal dantzen garrantzia azpimarratu ditu.

Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin amaitu da ekitaldia. Esan du euskal diaspora «osasuntsu» dagoela, eta harremanak «ehuntzen» jarraitu beharra dagoela. Gaineratu du aurrera begira jarri beharra dagoela: «Etorkizunari begiratzen diogu nondik gatozen, eta nor garen ahaztu gabe». Azken hitz horien ostean, Agur, jaunak abestiarekin amaitu dute batzarra.



« anterior
siguiente »

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

Las más leídas

Últimos comentarios

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia