euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

[Argentina, Uruguai eta Txiletik, Maizpiden euskara ikasten] Sustraietatik zilbor hestera (en Berria)

06/02/2021

Hego Amerikako 11 euskara ikasle bi hilabeteko barnetegi trinkoa egiten ari dira Lazkaoko Maizpide euskaltegian, gero euskara irakasle lanetan aritzeko.

Enlace: Berria

Jakes Goikoetxea. Sebastian Amayak praka batzuk behar zituen; Lazkaoko (Gipuzkoa) denda batera joan zen asteazkenean, eta dendariari euskaraz eskatu zizkion. Euskaraz izan zuten harreman guztia. «Sinestezina izan zen», Amayaren hitzetan. Sinestezina, Amaya argentinarra baita, jaiotzez Arrecifes herrikoa, eta gaur egun Buenos Airesen bizi da. 2013an euskara ikasten hasi zen Euskara Munduan programaren bidez, baina Buenos Airesen aukera oso gutxi ditu euskaraz aritzeko.

Amayarekin batera, euskal diasporako beste hamar euskara ikasle daude egunotan Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian: Argentinakoak, Uruguaikoak eta Txilekoak. Euskara Munduan programan parte hartzen ari dira guztiak, eta bi hilabeteko ikastaro trinko bat egiten ari dira, urtarrilean eta otsailean. Berez, 2020an egin behar zuten, baina COVID-19aren eraginez atzeratu zuten. Berez, bertako familietan bizi behar zuten, baina COVID-19aren eraginez, Maizpiden bertan bizi dira.

Maizpideko eguneroko martxan txertatu dituzte 11 ikasleak, euskara mailaren arabera. Primeran egiten dute euskaraz; doinu argentinarreko euskara ederra.

Sustraiek lotu zituzten gehienak euskarara. Marcela Inda ere argentinarra da, Tandilgoa, eta Buenos Airesen bizi da. Aita nafarra zuen, baina ez zuen euskaraz hitz egiten (aitona-amonek, bai): «[Francisco] Francoren garaian euskaraz egitea debekatuta zegoelako». 2004an hil zitzaion aita. «Sentitu nuen berreskuratu egin nahi nuela galduta geratu zen zerbait». 2009an hasi zen euskara ikasten, Buenos Airesko Euskaltzaleak euskara eskolan. «Euskaraz maitemindu nintzen».

Amayaren kasuan, birraitonak ziren Euskal Herrikoak. Txiki-txikitatik hasi zen euskal etxeetan parte hartzen, eta nerabezaroan euskara ikasten.

Biek parte hartzen dute Euskara Munduan programan, 2013tik. HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea arduratu zen programaz 2017ra arte; Etxepare Euskal Insititutuaren eskumena da 2018tik. Mundu osoko 70 euskal etxetan baino gehiagotan eskaintzen dira euskarazko eskolak, institutuaren laguntzei esker. 2.000 ikasle inguruk ikasten dute euskara euskal etxeetan.

Irakasle ere bai

Inda eta Amaya ez dira euskara ikasleak soilik; baita irakasle ere: Inda, Euskaltzaleak elkartean; Amaya, Laurak Bat euskal etxean. Euskara eskolak ematen dizkiete euskara ikasten hasten direnei. «Ez pentsa Argentinan B2 edo C1 mailako ikasle asko daudenik», ohartarazi du Indak. Indak eta Amayak B2 eta B1 mailak egiaztatuta dituzte, hurrenez hurren. C1 maila prestatzen ari da Inda.

Maizpidera joandako taldea 2013an hasi zen Euskara Munduan programan. Hogei ikasleko taldea da. Berez, bi hilabeteotako ikastaro trinkoa amaituta, euskara irakasten arituko dira, bakoitza bere euskal etxean.

«Etxeparek, sei urtetik behin, talde berri bat jartzen du abian euskara ikasten hasteko, etorkizunean euskara irakasle izan daitezen», azaldu du Garbiñe Iztueta Etxepareko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak. «Programan sartzen diren ikasleek konpromisoa hartzen dute haiek ikasi dutena zabaltzeko. Euskal etxe bakoitzak hautatzen ditu ikasleak».

Ez da erraza Argentinan, Uruguain eta Txilen euskara ikastea. Internetetik ikasten eta irakasten dute. Hori bai, Euskara Munduan programaren bitartez aukera dute Euskal Herritik Maizpideko irakasle baten tutoretzak jasotzeko. «Eta euskaldun zaharrekin harremana izateko», gehitu du Indak. «Horrek asko laguntzen digu». Amayak, Mintzanet programaren bidez, Euskal Herriko bi mintzalagun ditu, eta haiekin hitz egiten du astean behin.

Euskara ikasi bai, baina, gero, norekin erabiltzen dute? Indak, euskal etxean, urte osoan egiten diren azoketan, maiatzeko Buenos Aires celebra el País Vasco festan (Buenos Airesek Euskal Herria ospatzen du), azaroko euskal astean... «Eguneroko bizitzan oso zaila eta arraroa da». Lagun min bat badu, euskaraz oso ondo egiten duena: «Harekin askotan euskaraz egiten dut. Behin baino gehiagotan joan naiz harekin oporretara, eta hasieratik erabaki izan dugu oporretan euskaraz bakarrik egitea».

Aukera gutxi

Amayak normalean ez du aukerarik Buenos Airesen euskaraz egiteko. «Euskal etxean jende gutxik hitz egiten du, eta edozein aukera baliatu behar dut euskaraz egiteko». Euskal asteko Mintzodromoa aipatu du aukera apurretako gisa. Urtean bi barnetegi ere egiten dituzte, Argentinan bertan.

Maizpiden dena ez dira euskara eskolak. Hitzaldiren bat eta kontzerturen bat izan dute, Gerriko kultur elkartearekin elkarlanean. Herritarrak ere joaten dira, ikasleekin solasaldiak izatera. «Eta hasi gara, esaterako, euskaldun zahar bat eta bi euskaldun berri elkartzen, eta herrian barrena ibilaldiak egiten, euskaraz hitz egiteko», azaldu du Laida Begiristain Maizpideko zuzendariak.

Inda aktorea da; antzoki bateko administrari lanak egiten ditu. Amaya, berriz, Literatura irakaslea da, bigarren hezkuntzan eta unibertsitatean. Urtarrileko oporrak eta baimen bereziak baliatu dituzte Maizpideko egonaldi luzea egin ahal izateko.

Inda «gozatzen» ari da: «Ederra da euskaraz bizitzea. Euskal etxeetan denok daukagu Euskaraz bizi nahi dut dioen bandera, baina han ezin da; hemen bai».



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia