euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

87 lagun inguru batuko dira Euskal Australiarren bazkarian (en Busturialdeko HItza)

11/06/2025

Duela 35 urte Oletan egiten zena berreskuratzeko asmoz antolatzen du Euskal Australiar Elkarteak senidetasun bazkaria 2018az geroztik. Zallo Barrin izango dute hitzordua zapatuan (ekainak 14), 14:30ean.

Enlace: busturialdea.hitza.eus

Ainhoa Astarloa Beotegi / Gernika-Lumo. Bi kultura batzearen alde jarduten du Euskal Australiar Elkarteak 2018az geroztik. Izan ere, Australiaren eta euskal kulturaren arteko harremana sendotzea eta Australiara joan ziren euskaldunen lana ikusaraztea dira elkartearen helburu nagusiak. Hori ardatz, herritarren arteko senidetasun bazkariak antolatu izan dituzte elkartearen sorreratik: “2018an, 2019an, 2022an, 2023an eta iaz, 2024an egin izan ditugu bazkariak”. 2019tik 2022ra bitarteko hutsunea Covid 19-a dela eta izan zela nabarmendu dute, baina, elkartekideek. Aurten, ekainaren 14ean 87 lagun inguru elkartuko dita mahaiaren inguruan, esan dutenez. Zallo Barrin izango dute hitzordua, beraz, 14:30ean.

Duela 35 urte inguru Oletan urtez urte egiten zena berreskuratzeko asmoz antolatzen du Euskal Australiar Elkarteak. Helburua, gainera, argia da: Australian lanean izandakoak, handik etorritakoak, zein Euskal Herriko eta Australiako kulturei buruz jakin nahi dutenak egun berezian batzea. Horregatik, besteren artean, Australiar enbaxadorea, Ziortza Olano Kanpoan den Euskal Komunitatearen Zuzendaria, Asier Areitio Kanpo Harreman eta Organismo Multilateralen Zuzendaria, Amaia Antxustegi foru diputatua eta Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea izango dira zapatuan, foru herrian.

Jakinarazi dutenez, bazkaria baino lehen, Australiar enbaxadorearen helduera dela eta, ongi etorri ekitaldia egingo dio udal gobernuak, udaletxean. Jarraian, herriaren nondik norakoak kontatzeko, herritik zehar bisita egingo dute, Zallo Barrira joan aurretik. Musikak girotuko du, gainera egun berezia, eta horretan asko disfrutatzea espero dute antolatzaileek: “Giro ederra izango dugu, eta ondo jatea eta disfrutatzea espero dugu”. 

Herrian egonkortuta dagoen ekimena dela esanda, etorkizunean ere egutegian markatutako eguna izatea aurreikusten du elkarteak, oro har. “Jendea dagoen artean, eta oraindik badago, aurrera egingo du bazkariak, urtez urte. Gero eta gutxiago dira han daudenak, eta adinean gora ere badoaz, baina euren ondorengoak ere badaude, beraz, bai. Jendea egon bitartean, jarraituko dugu bazkaria antolatzen”.



siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia