euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Parisko hiri handian, euskal uharte bat (en Kazeta.eus)

11/06/2026

[POTRETA] Martxoaz geroztik, Juan Salazar Fagoaga da Parisko Eskual Etxeko lehendakari. Bi urte zituela heldu zen hiri handira, baina ez du nehoiz moztu lotura Euskal Herriarekin. Euskal Herriarekiko engaiamendua euskal etxeaz harago doa: euskal presoekiko elkartasun dinamikan buru-belarri dabil.

Enlace: Kazeta.eus

Oier Iriarte Arrondo eta Nina Merle. Donostian sortu bazen ere, bi urte baizik ez zituela heldu zen Juan Salazar Fagoaga Parisera, familiarekin. Ez dira hamarkada guti pasa ordutik, baina 71 urteko gizonak Euskal Herriarekiko lotura azkarra atxiki du: «Nire sustraiak hemen daude».

Tamalez, nahiz eta ama euskalduna izan, etxean ez zuen hizkuntza jaso; eta, gerora, zenbaitetan hartu baditu klaseak ere, ez du nehoiz hizkuntzaz osoki jabetzeko astirik izan. Hala ere, horrek ez dio eragotzi euskal nortasunarekiko atxikimendua izatea; frantziar hiriburuan hazi arren, «erabat naturala» zen beretzat euskal herritarra izatea. Identitate hori borrokarako grina noiz bilakatu zen ere oroitzen du: Burgosko prozesuan: «Une biziki-biziki azkarra izan zen; euskal herritarrentzat, noski; baina baita paristarrentzat ere. Ni gazte paristar bat nintzen garaian. Anitz mugitzen zen garaia zen: 78ko gertakariak... [...] Anitz izan ginen orduan hasi ginenak engaiatzen. Hori izan zen nire engaiamendu militantea askatu zuena».

Heldu eta engaiamendu horri itxura eman aitzin, euskal herritartasunaren bulkada emozionalak mugiarazten zuen: «Gertatu izan zait, biziki-biziki gazte nintzelarik, lizeoko ikasle nintzela, nire aitak jakin gabe, Hegoaldeko lagunek kurtsoko pusketan dokumentuak uztea, ondotik nik Parisen beste batzuei emateko». Euskal Herriarekiko maitasun berak eraman zuen Parisko Eskual Etxera. Eskual, bai; ez euskal; «gehiengoa zuberotarra baitzen». KAZETAri aitortu dio ez dela beti erraza izan eta zenbait une desatsegin bizi izan dituela, bereziki euskal preso politikoak babesteak sortzen zituen tentsioengatik. Geroztik, egoera zeharo aldatu da, bai euskal gatazkari dagokionez, baita euskal etxeko giroari dagokionez ere. Hala, 2019an diruzain postua hartu zuen; eta, azken biltzar nagusian bere buruaren hautagaitza aurkeztu eta, iragan martxotik lehendakaria da. 

«Lan egiten duen jendearentzat zailagoa da denbora aurkitzea; baina, horrela izanik ere, bada asteburuetan edo iluntzetan jarduerak animatzera datorrenik»

Diaspora biziarazten duen etxea

1956an eratu zen Parisko Eskual Etxea, nahiz eta lehenagotik bazen beste elkarte bat, Euskal Gazteak Parisen izenekoa. Duban karrikan hasi zuen ibilbidea, baina 2002an urte luzez erabilitako egoitzari agur erran eta Saint-Ouenera lekualdatu zen, hiriburua utzita. Euskal etxeak egin bezala, Parisko euskal diasporak ere aldaketak pairatu ditu: «Egon zen garai bat zeinean anitz, Iparraldekoak baina baita Hegoaldekoak ere, arrazoi ekonomikoengatik joan ziren, segurtasun arrazoiengatik, arrazoi politikoengatik... nire familia bezala, Hego Euskal Herria utzi behar izan zuena ez baitzuen beste hauturik: tortura edo hori». Egun, haatik, gehienbat ikasketa eta lanagatik joandako jendeak osatzen du bertako diaspora; eta, zehaztu duenez, gehienak aldi baterako doaz, ahal dutelarik Euskal Herrira itzultzen dira.

Orain, ekonomikoki denentzat bideragarria ez bada ere, astebururo Euskal Herrira itzultzeko moduak egon badaude. Salazarren burasoen garaian, ordea, ez hainbeste. Beraz, euskal etxean bildu, eta hortxe ibiltzen ziren, musean, kantuan edo dena delakoan. Bada, zaletasun horiek garatuz joan dira, eta gaur egun euskal etxeak hainbat kultur jarduera antolatzen ditu. Argi du zein den helburua: «[Euskal] kultura biziaraztea». Ez dira guti, partaideekin batera, elkarteak aterpetzen dituen ekintzak: euskara kurtsoak, abesbatzak –misto bat eta gizonezkoen bat–, dantza klaseak... Horrez gain, bada euskal kulturarekin hainbesteko loturarik ez duen aktibitaterik ere: errugbia: «Ez da hain euskalduna, baina hemen garrantzitsua da».

Euskara ikastaroei dagokienez, aurkakoa pentsa baldin badaiteke ere, ikasle guziak ez dira euskal jatorrikoak edo Euskal Herriarekiko atxikimendu handikoak. 70 eta 80 pertsona artean bildu ohi dituzte; eta, erraterako, ikasturte batean Salazar japoniar batekin batera egon zen. «Zergatik ikasten duzu euskara? Lanagatik da?», galdetu zion; eta ikaskideak hala erantzun: «Ez, sekulako hizkuntza iruditzen zaidalako. Interesatzen zait». Gauzak horrela, lau hizkuntza maila ematen ditu euskal etxeak; eta irakasle boluntarioak dituzte, Ipar nahiz Hego Euskal Herritik joan ohi direnak.

Laguntzailez hornitua

Azken biltzar nagusian euskal etxeko kideen errolda berrikusi ondotik, egun 355 direla zehaztu du lehendakariak. Horietatik, 100dik gora ohiko laguntzaile ere badira. Eta eskerrak! Jadanik aipaturiko asteroko jarduera horiez gain, beste hainbat ekitaldi ere antolatzen baititu euskal etxeak. Besteak beste, urtean otordu ugari eta lau sagardotegi egiten dituzte, «jatea garrantzitsua baita euskal herritarrentzat»; kontzertuak ere ez dira falta, iaz, adibidez, Karma edota Kalakanek jo zuten; eta, kulturarekin jarraituz, film proiekzioak ere egin ohi dituzte, hain justu, ondoko hilaren 14ko urteroko bestan 'Jone, batzuetan' emanen dutela. Hitzaldiak, San Tomas, Olentzeroren etorrera... ez dago aspertzeko tarterik.

Dena den, Salazarrek aitortzen du ez dela beti erraza laguntzaile aktiboak atzematea. «Bada egiazko gogo bat, baina boluntariotza antolatu egin behar da». Horretarako, hainbat batzorde sortu dituzte; eta, nahiz eta gaur gaurkoz denetan jendea egon eta zailtasun handiegirik ez izan, adi ibili behar dira. Gainera, ulertzen du kide guziek ez dutela denbora libre berdina: «Aukera izan behar da. Mundu guzia ez dago erretretan, ni bezala. Lan egiten duen jendearentzat zailagoa da denbora aurkitzea; baina, horrela izanik ere, bada asteburuetan edo iluntzetan jarduerak animatzera datorrenik. Ekitaldi bat edo kontzertu bat antolatzen dugularik, jendea behar da ostatuan, kanpoko ostatu bat ere badugu, plantxan egon behar da, taloak egin behar dira... Finean, hemen [Euskal Herrian] besta bat egiten dugunean bezala».

Zernahi gisaz, Pariskoa ez da frantziar Estatuko euskal etxe bakarra, eta beste horietako batzuekin harreman erregularra du. Adibidez, Baionako bestetan urtero elkarrekin bazkaltzeko bildu ohi dira. Baina harreman hori frantziar metropoliko euskal etxeekin baizik ez dutela argitu du; itsasoz haraindiko lurretan ere batzuk baldin badaude ere, hala nola Saint-Pierre eta Mikelunen, horiekin ez du kontaktu handirik. 

«Txalaparta irratia Paris inguruan ziren presoei zuzenduta zegoen, eta astero entzun zezaketen. Lehen zatian, informazioa ematen genuen; eta bigarrenean, presoen senideen mezuak jartzen genituen, zuzenean»

Euskal komunitatea, bizikidetzan

Euskal Herrian zerbaitengatik bada ezaguna Parisko Eskual Etxea, hemendik bertara joaten direnentzako eskuragarri dauden etxebizitzengatik da. Saint-Ouenera mugitu izanak horietako gehiago izatea ahalbidetu dio elkarteari: egun, banakako 21 gela eta binakako sei ditu. Lehendakariak euskal etxearen «rol nagusietako bat» dela dio. 

Pisu horietan bizi ohi diren gehien-gehienak euskal herritarrak dira; eta, hala ez balitz ere, Euskal Herriarekiko lotura azkar bat izatea bada baldintzetako bat. Horrez gain, behar ekonomikoak ere badira beste filtroetako bat. Bertako biztanle gehienak ikasleak edo lehen enplegu bat lortu berri duten gazteak izan ohi dira, eta denbora tarte mugatu baterako besterik ezin dute egon. Hiru laurden ipar euskal herritarrak direla jakinarazi du, baina Hego Euskal Herriko gazte batzuk ere badoaz. Baina ez da bizitoki hutsa: euskal etxeko biztanleek bertako kultur jardueretan ere parte hartu ohi dute: «Beraien interesekoa da, baita gure interesekoa ere». 

Hain zuzen, hori da euskal etxearen diru iturrietako bat, kultur jardueretako irabazi edota dohaintzekin batera. Dirulaguntza publikoak elkartearen aitzinkontuaren –urtean 400.000 euro ingurukoa– %10 baizik ez du estaltzen, eta Eusko Jaurlaritzak baino ez ditu ematen. Euskal Hirigune Elkargoarengandik ez duela deus jasotzen azpimarratu du Salazarrek, Jean-Rene Etchegaray lehendakari ohiarekin anitzetan mintzatu arren. Alain Iriart lehendakari hautatu berriarekin harremanetan sartzeko asmoa iragarri du, ikusteke dago ea hark jaramon eginen dion.

Gatazkaren konponbidean jo eta ke

Erran bezala, Burgosko prozesua izan zen engaiatzeko gogoa piztu ziona, eta ordutik euskal gatazkak eta euskal preso politikoekiko elkartasunak ardaztu du bere militantzia. Hastapenean euskal etxean eztabaidak eragin zizkion horrek, baina tinko eutsi zion konpromisoari. Preseski, Parisko euskal presoen elkartasunezko batzordean egoteaz gain, Txalaparta irratia aurkeztu du luzez Salazarrek, «funtsezko rola izan duen» irratia: «Paris inguruan ziren presoei zuzenduta zegoen, eta astero entzun zezaketen. Lehen zatian, informazioa ematen genuen; eta bigarrenean, presoen senideen mezuak jartzen genituen, zuzenean. Denak zain egoten ziren, bai deitu egiten zutenak, baita presoak ere. Dei horiek biziki momentu azkarrak izaten ziren. Hemen [Euskal Herrian], bereziki Hego Euskal Herrian, topatu dut elkarrizketa horiek kaseteetan gorde zituen jendea. Batzuetan, jendea karrikan gurutzatu eta erran izan didate: 'Zure ahotsa ezagutzen dut. Zu Juan zara!'. Ez zuten nire bisaia ezagutzen, baina bai ahotsa». 1980. hamarkada hasieran hasi zen seinalea igortzen; baina Paris inguruko espetxeetako euskal presoak Euskal Herrira hurbildu edo askatu egin zituztenez, 2024ko irailean irrati emankizuna egiteari utzi zion.

Halaber, presoen familia anitz ezagutzeko parada ere izan du: «Egiazko familia bat da». Gogora ekarri du usu elkartasunean ibili diren horiei omenaldia egin izan dietela, baina haiek «eman» ahal izan dutena bueltan jaso dutena baino «askoz gutiago» dela ziurtatu du. Harreman oso sendoak eraiki ditu, eta horietako batzuekin gaur egun ere elkartzen da, adibidez, Bilboko urtarrileko presoen sostengurako manifestazioa kari.

Gisa guziz, Paris inguruko presondegietan euskal preso politikorik ez egoteak ez dio elkartasun sena eten. Justuki, Harrera elkarteko kide da egun, hil erdia Euskal Herrian ematen duela baliatuz. «Luzez, presoekin eta beren senideekin engaiatua izan naiz. Zoritxarrez, oraindik ez dira denak atera, baina anitz herrira itzuli dira. Horiek ere lagundu behar dira».



siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia