euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

«Ni zortzi seme-alabarekin Argentinan utzita joan zen Joxe Mari Euskal Herrira» (en Berria)

30/07/2023

Angela Kerexetak eta Jose Maria Iparragirrek Tolosan ezagutu zuten elkar. Amoratu, eta Amerikara bidea hartu zuten 1859ko agorrilaren 29an. Handik berrogei urtera, familia Argentinan utzi eta Iparragirre Euskal Herrira etorria ordurako, 'La Vasconia' aldizkariaren erredakziora joan zen Angela Kerexeta, eta hitz egin zuen Frantzisko Grandmontagnerekin...

Enlace: Berria.eus

Miel A. Elustondo

bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik

Zer ari zinen La Vasconia-ren erredakziora Buenos Airesera joanda? Hiriburutik aparte bizi zinen, Mercedesen, ekialdean.

Esango dizut. Mercedesen bazen euskaldun bat Enbeitia izenekoa, eta berak esan zidan Gipuzkoan bazela diputatu bat Duclos izena zuena, pezkitza batzuk egin zituena niri pentsio bat emateko, pobre bizi ginela jakinda. Enbeitia hark akuilatuta, La Vasconia-ra joan nintzen, laguntzeko esatera, Duclos haren asmoa ez zedin alferrik galdu. Eta La Vasconia-ra joan eta dena kontatu nion hango jaun hari [Frantzisko Grandmontagne], nire bizimodu lastimosoa. Joxe Mari eta biok pobre bizi izan ginen gure bizi guztian, zortzi seme-alaba izan genituen, eta denak aurrera ateratzea ez zen lantegi erraza izan, eta pentsio hura behar nuen.

Txikienak hilabete batzuk zituela, Euskal Herrira itzuli zen zure gizona, zuek han utzirik…

Joan zen, bi edo hiru karta eskribitu zizkidan, eta gero ezer ez. Ez nuen besterik jakin. Mercedesen bizi ginen, eta hantxe bizitu ginen beti Joxe Mari defuntua joan zenetik ere. Gazterik hasi nintzen lanean, eta lan egin nuen Amerika honetan ere. Jan nahi izanez gero, ez dago besterik, eta gurean denek jan nahi zuten. Lan egin nuen, ahal zen gauzetan: auzoen arropa lisatzen, josten, besteren umeak hazten laguntzen... Neuk bakarrik atera behar izan nuen aurrera familia, ze honezkero badakizu nolakoa zen Joxe Mari.

Askorik ez. Zuk bezain ongi ezagutu zuenik ez da munduan.

Ai, Jesus! Tolosan ezagutu nuen, Frantzian, Ingalaterran eta ez dakit non ibili eta gero, itzuli zenean. Ni Alegian jaio nintzen, baina, gazterik, larunbatetan Tolosara lanera joaten hasi nintzen. Lehengusu bat nuen taberna batean zerbitzen, eta laguntzera joaten nintzaion. Eta, egun batean, hantxe sartu zen Joxe Mari, kantari... Egia esango dizut: mutil ederragorik ez zen! Alegrea, inor ez bezalakoa. Zortziko bat kantatu zidan, pretenditzen ninduela aditzera emanez. Ai, Jesus! Ez nion orduantxe bertan baietzik esan, baina egun batzuk pasatzen utzi nituen. Erraz arreglatu ginen... baina gurasoek ez zidaten utzi nahi Joxe Marirekin ezkontzen. Ni, ordea, zeharo amoratuta nengoen, burutik oinetaraino gustatzen zitzaidan. Mutil ederra zen! Bizarra, ederra. Gorputza, ederra. Bertsolaria, ederra. Bihotzez, ona. Gitarra zahartxo bat det... Akordatzen zara?

Grandmontagneri kantatu omen zenion, malkotan…

Nahigabe handia neukan, pesadunbre handia, eta zure jaun horri kantatzen hasi eta negarra etorri zitzaidan!...

Erraz arreglatu zinetela esan duzu…

Tolosara bizitzera etorri zen! Baina laster zen hura berriz ere herriz herri, kantari beti. Handik egun batzuetara, karta egin zidan Donostiatik, ni bertara joateko, agorreko jaietan elkarrekin egoteko. Eta, jakina, ni joan! Oinez. Donostian, bere lehengusina baten etxean eduki ninduen Joxe Marik. Eta festak bukatu zirenean, berarekin batera Amerikara joateko esan zidan, Buenos Airesen ezkonduko ginela, Euskal Herrian ez zegoela gu ezkontzeko modurik, apaizek nahi beste paper zahar eta agiri eskatzen zizkiotela, ez zekitela ordurako ezkondua zen, ez zen. Hainbeste herritan eta naziotan ibilia zela eta ez zeukatela jakiterik! Hura amorrazioa! Zer konfiantza gutxi apaiz haiek! Joxe Marik inor engainatu? Esperantza! Lehenago hilko zen goseak! Eta, apaizen kontra amorra-amorra eginda, Joxe Mariri esan nion munduaren azkeneraino joango nintzela berarekin, itsu-itsuan sinesten niola, konfiantza osoa ematen zidala!

Baina…

...Ikusi egin behar zenuen nik hori esan eta zer zera sartu zitzaion Joxe Mariri orduan... Begiak busti zitzaizkion, eta sakon hartu zuen arnasa, luze... Ni ume bat nintzen artean, hamazazpi urte neuzkan, eta berak, berriz, hogeita hamasei, baina ez zuen ematen, garai hartantxe zegoen ederrena. Alegia, esan nahi dut ni inuxente-inuxentea nintzela garai hartan, eta fede itsua niola. Ona baino hobea iruditzen zitzaidan, pentsatzen nuen ez ninduela sekula abandonatuko. Baina foruak kendu zituztela jakin zuenean, Euskal Herrira joan behar zuela sartu zitzaion buruan, eta ez zegoen besterik. Foruak berriz irabazteko gerra egingo zela uste zuen, eta joan zen horra. Bi edo hiru karta egin zizkidan, eta ez nuen besterik jakin, hil zela jakinarazi zidaten arte.

Argentinarako barkua hartu zenuten 1859ko agorrilaren 29an.

Baina barkua hartu baino hamar egun lehenago batere sosik gabe zegoen hura Donostian, eta Tolosan zerbitzen irabazitakotik lagundu behar izan nion. Berak ere kontzertu batzuk egin zituen Donostia aldeko herrietan, eta bildu zuen apurrarekin, lagunek eman ziotenarekin, eta nik gordea neukanarekin, Baionara joatera obligatu nuen, barkua hartzera. Joxe Marik dena gastatu baino lehen, halakoxea zen-eta defuntua. Barkuak izena zuen Angelita, eta Joxe Mari oso poztu zen nire izen bera zeukala ikusita. Faborez! Hori sinplekeria!

Eta bidaia?

Zoragarria... Brasileko kostaraino, ze han ia naufragatu genuen, denboraleagatik. Ai, Jesus, haiek olatuak! Gure barkuak txori-luma bat ematen zuen, hegan, bateko olatu-tontorren eta besteko lainotzar beltzen artean! Beldur galanta pasatu nuen! Joxe Mari defuntua, berriz, egundo baino lasaiago, esku batean gitarra, eta bestean ni, erori ez nendin. Eta kamarotean ginenean, olatuen hotsa aditu, eta esaten zuen: «Hauxe da gauza ederra! Itsasoa beti gazte, itsasoa beti mutiko!». Itsasoa bare zegoenean, eguraldi argia egiten zuenean, barku gainean kantari pasatzen zuen eguna. Gazteak ginen, eta alegrantzian bizi ginen.

Buenos Airesera heldu zineten, itsasoan 62 egun egin eta gero.

Eta kantuan beti, Joxe Mariren zortzikoak kantatu eta kantatu! Gitarra zahartxo bat, Ume eder bat, Adio Euskalerriari,... Oraintxe ere kantatuko nizkizuke... Agur nere bihotzeko, amatxo maitea / laster etorriko naiz kontsola zaitea... Zenbat aldiz kantatu ote genuen! Eta Gernikako arbola?... Jesus! Egunean hogei aldiz bai, gutxienez!... Ai, Jesus! Joxe Mari gizajoa! Eta gure barkua portura sartu zenean, Joxe Marik eta biok txalupa bat hartu, eta errioan barrena kantari segitu genuen. Hura alegrantzia, Jainko maitea! Gu beti kantuan, eta mollan euskaldun mordoa gure zain! Joxe Mariren zain, esan nahi dut, ze ni ez ninduten ezagutzen.

Han al zen Frantzisko Mendia?

A! Patxiku! Ez, ez zen han, baina laster joan ginen harenera. Mollan barrena joan, Victoria plaza gurutzatu, eta Moreno kaleko ostatu batera eraman gintuzten. Sartu, nagusiak [Frantzisko Mendia] Joxe Mari ikusi, eta aitaren eta semearen, haren poza: «Iparragirre! Alajainkoa!?». Patxikuren eta Joxe Mariren poza, biena! Joxe Marik ere ikusi orduko ezagutu zuen Patxiku. Gerran foruen alde elkarrekin ibilitakoak ziren, karlistekin, batailoi berean. Eta hantxe hasi ziren, gerrako kontuak esaten: Zumalakarregi, batailak, min hartutakoak, hildakoak... Eta jendea biba eta txalo. «Biba Iparragirre!».

Eta zu?

Ni hantxe, mutu eta geldi. Halako batean, horratik, txalupan bezala egin zuen Joxe Marik: ni eskutik hartu eta Patxiku aurkeztu zidan: «Neskatxa hau andregaia dut, berarekin ezkontzeko asmoa dut!». Fina zen, gero, Joxe Mari! Eta Patxikuk, orduan: «Ni izango naiz aitabitxi, eta amabitxi izango da nire andrea». Eta halaxe izan zen, eta handik egun batzuetara ezkondu ginen, San Ignazio elizan, Joxe Marik apaiz euskalduna inguratu zuenean. Gero, Patxikurenean egun batzuk igaro, eta Joxe Marik bere osaba baten etxera eraman ninduen, Buenos Airesen bertan, eta bera Nueva Palmirara [Uruguai] joan zen, lehengusuarenera. Izena zuen [Domingo] Ordeñana [Iparragirre], eta haren estantziak, berriz, Casa Blanca. Ardiak utziko zizkiola esana zion, nonbait, Joxe Mariri, baina lehengusuak bere hitza jan-edo, ardirik eman ez, eta orduan Joxe Mari Doloresera [Argentina] joan zen, eta handik Mercedesera [Argentina], ea inork artalderik uzten ote zion.

Batetik bestera Joxe Mari, artalde eske, artzain lanerako.

Eta, Mercedesen, Durañona medikuak, Zubeldia botikario nafarrak eta Santiago Irazabal mexikarrak mila ardi erosi nahi izan zituzten Joxe Marirentzat. Tratua zen guk artalde handi hura zaintzea eta poliki-poliki pagatzea. Nola ez dakidala, lehengusuak ere Ordeñanak, alegia, jakin zuen hori, eta Joxe Mariri esan zion baietz, utziko ziola berak artaldea. Aurreko Durañona eta haien tratua hobea zen, baina Joxe Marik Ordeñana lehengusua zuenez, senidearen artaldea zaintzea onartu zuen, Orduan, Joxe Mari bila etorri zitzaidan Buenos Airesera, eta Ordeñanaren lursailetara joan ginen. 200 ardi eman zizkigun lehengusuak, eta Casa Blancatik urruti bidali gintuen, hiru legoatara, munduaren azkenera, inor bizi ez zen tokira, ezer ez zegoen lekura. Eta bion artean jaso behar izan genuen txabola ere, lastoz eta belarrez eta ahal izan genuen moduan.

Atarramentua!

Atarramentu onik ez! Joxe Mari ardiak zaintzen hasi, eta beti galtzen zituen batzuk. Lapurtu ere egiten zizkioten, edo beste artalde batekoekin ere nahasten zitzaizkion, garai hartan alanbre-garrotxarik ez zegoen-eta. Desesperatu egiten ninduen haren ganora ezak: «Hamabost buru falta zaizkizu, Joxe Mari!», esaten nion, desespero osoan, eta berak: «Trankil, Angelita, etorriko dira bihar. Eta etortzen ez badira, Angelita, da beste nonbait hobeto daudelako, libertatea nahi dutelako, eta nik ardiek ere foruak izatea nahi dut». Horixe esaten zuen, ardiek ere libertatea behar zutela, foruak! «Biba libertatea!». Halakoxea zen Joxe Mari defuntua. Arrantxora etorri, gitarra hartu eta esaten zidan: «Etorri Angelita, utzi ardiak bakean eta etorri, kanta dezagun Gernikako arbola».

Noiz arte bizimodu hura?

Hiru urte egin genituen han, orain Trobadorearen Postua izena duen lekuan, Joxe Marik hantxe jarduten zuen-eta bertsoak-eta jartzen. Gero, istilu gorria izan genuen, gure ardiak eta Ordeñanaren iloba batenak nahastu egin zirelako. Haserretu eta borrokan egin zuten Joxe Marik eta Candido Garciak —izen horixe zuen-eta Ordeñanaren iloba hark—, eta Ordeñanak, gure Joxe Mariren batere esplikaziorik aditu gabe, ilobaren alde egin zuen. Joxe Mari Casa Blancara joan zitzaion Ordeñanari, urak eta suak hartuta, eta «kitto!» esan zion, ez zuela harekin ezer jakin nahi. Eta alde egin genuen, goian zerua eta behean lurra, egundo baino pobreago, eta hilabete batzuetako umea altzoan, Benigno.

Joan beharrean nago, Angelita, baina itzuliko natzaizu, agintzen dizut. Hurrengo bisitan, Montevideo Gernikako arbola tabernarena kontatu behar didazu, eta ondoko ibilera makurrak ere bai…

Dena kontatuko dizut, etortzen bazara... Ez Joxe Marik bezala egin, alde egin, eta adio betiko! Esan dizut, foruak kendu zituztela jakin zuenean, haiek berriz irabaztea besterik ez zeukan buruan, gerra egitea pentsatzen zuen. Umorea garraztu zitzaion zeharo. Ai, Jesus! Horra joaten tematu zen, eta Buenos Aireseko Laurak Batekoek bi mila peso bildu zituzten, Joxe Mari Euskal Herrira joateko. Nik, berriz, bertan gelditzeko esaten nion, diru harekin artaldea erosi eta berriz hasiko ginela, baina berak kasurik ez: «Ez, Angelita, joan egin behar dut, ez dago beste erremediorik!». Bai joan ere, ni zortzi seme-alabarekin hemen utzita! Hamabost urte zituen zaharrenak. Ai, Jesus! Mercedesen despeditu ginen, eta harrezkero ez nuen bizian berriz ikusi.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia