euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Kalifornian utzitako arrastoa (en Berria)

21/07/2023

1533an iritsi ziren lehen euskaldunak Kaliforniara (AEB). Ordutik gaur egun arte estatu horri egin dizkioten ekarpenak batzen ditu 'Basques in California' erakusketak.

Enlace: Berria

Gernika-Lumoko (Bizkaia) Euskal Herria museoko eskailerak igo eta hirugarren solairura iristean, hau irakur daiteke: «Kaliforniaren historia txundigarrian barrena bidaiatuko dugu»; esan eta egin. Basques in California erakusketan, 1533tik gaur egun arte euskaldunek Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko eskualde horretan bizitako abentura eta istorioak kontatzen dira, hain zuzen ere.

Munduko potentziekin konparatuz gero, Euskal Herria txikia da tamainaz; handia, ordea, munduan zehar bere kultura eta tradizioak zabaltzeko gaitasuna aztertzen bada. Hala iradokitzen du Basques in California erakusketak. Lehen euskaldunak hara iristean idatzi ziren Kalifornia eta Euskal Herria batzen dituen istorioaren hasierako orriak, 1533an. Euskaldunek hainbat negozio abiarazi zituzten, beren egoera ekonomikoa hobetzeko asmoz. Horrela, hurrengo urteetan, milaka itsasontzik egin zuten Euskal Herria eta AEBak lotzen zituen bidaia. Erakusketak urte horietara eramango du bisitaria; irailaren 3ra bitarte bisitatu daiteke.

Kalifornia inguruan bizi diren euskaldunen bidez jaso dute, «elkarlanean», erakusketako paneletan irakur daitekeen informazioa. Tartean egon da Nancy Zubiri kazetaria, euskal herritarren ondorengoa. Hark azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak. Euskaldunek AEBetako mendebaldeko eskualde horretan izan duten «eragin nabarmena» biltzen dute erakusketa osatzen duten hamar informazio panelek, lau bitrinek eta ikus-entzunezko lan batek. 1533. urtetik gaur egun arte euskaldunek Kaliforniako estatuari egin dizkioten hainbat ekarpen azaltzen dira; batez ere, artzainek arrantxoetan egindako lana nabarmentzen da.

Orain dela urte asko bururatu zitzaien proiektua: «Hasieran, akordio bat geneukan museo batekin, baina, urteak aurrera joan ahala, museo horrek ez zigun adostutakoa eskaintzen. Hori dela eta, beste aukera batzuen bila hasi ginen. Orduan agertu zen Boiseko [Idaho] Euskal Museoarekin elkarlanean aritzeko aukera». «Milaka» euskaldun batu ziren aurkezpen ekitaldian, istorio horiek ezagutzeko asmoz. «Emozio handiko» ekitaldia izan zen, eta jendeari «asko» gustatu zitzaion.

XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan euskal herritarrek egin zituzten itsas espedizioek modua eman zuten merkataritza bide berriak ezartzeko ekialdearen eta mendebaldearen artean, eta Kaliforniako kostaldea gogotik esploratu zuten. Euskaldunen lana eta eragina garrantzitsua izan zen gaur egungo hainbat hiri ezagun estatuko hiri «handi eta nabarmenenetakoak» bihurtzeko prozesuan: San Diego, Santa Barbara, San Jose eta San Frantzisko, besteak beste. Euskaldunak, hiri horietako esploratzaileak eta misiolariak izateaz gain, komandanteak eta gobernadoreak ere izan ziren.

1849. urtean, mundu osotik joandako jendearen egoitza bihurtu zen Kalifornia. Urrea aurkitu izanak izugarrizko immigrazio olatua eragin zuen; tartean, euskaldun asko eta askorena. Hego Amerikako herrialdeetan bizi ziren euskaldun askok jo zuten San Frantzisko inguruetara, urre bila. Halaber, jarraian konturatu ziren dirua arrantxoetan zegoela, eta urrearen bila joandako hainbat eta hainbat euskaldunek abeltzaintza negozioak hasi zituzten. Horrela hasi zen errotzen, beraz, hurrengo hamarkadetan euskal herritar ugari Kaliforniara bizitzera eramango zituen ogibidea.

«Abeltzaintzaren inguruan antolaketa ezin hobeago bat egin zuten. Ostatuak eraiki zituzten hara joandakoentzat, eta inguruetako negozioen jabe bihurtu ziren. Esan daiteke aukera ezin hobeto baliatu zutela», goraipatu du Zubirik. Azaldu duenez, Kaliforniara heltzen zirenek ostatu horietan pasatzen zituzten lehen gauak, eta, gainera, edozein gauza behar izanez gero, ostatuko jabeek egiten zituzten egin beharreko guztiak: «Herri sentimendua eta laguntasuna beste guztiaren gainetik zeuden». Ostatu zerbitzuak eskaintzeaz gain, lana bilatzeko agentzia, pilota jokoetan aritzeko tokia eta gizarte eta kultura zentroak ere baziren.

Euskaldunen izaera

Euskaldunek izaera propioa dutela entzun izan da sarritan: «Langileak, lagunen oso lagunak eta fidelak dira. Ospe hori dute Ameriketako Estatu Batuetan». Hala jakinarazi diete informazioa batu dutenei. «Estimu» hori urteetan egindako lanaren ondorioa dela uste dute han bizi direnek, eta euskal etxeak garrantzitsuak izan dira izaera hori transmititzeko orduan: «Euskal etxeak euskal herritarren balioak ezagutarazteko tokiak dira. Gure tradizioak zaindu eta belaunaldiz belaunaldi pasatzen ditugu. Gainera, hangoei nolakoak garen erakusteko tokiak dira. Ez gara bakarrik euskaldunak batzen».

Euskal herritarren gaineko informazioa batzeaz ez ezik, hura ziurtatzeaz ere arduratu da Zubiri. San Frantziskon jaio zen, ama perutarra du, eta aita euskalduna, eta 1996an «izugarrizko arrakasta» izan zuen A Travel Guide to Basque America liburuarekin. Lan horretan, AEBetan bizi diren euskaldunei buruz hitz egiten du: komunitateak, jaiak, tradizioak, familiak, euskal etxeak eta kultura aztertzen ditu. Liburua idazteko, bostehun pertsona baino gehiago elkarrizketatu zituen, eta, hala, aditu bilakatu zen euskal herritarren historian: «Hainbat elkarrizketa eta liburu irakurri nituen euskaldunei buruz idatzi nuen liburua prestatzeko. Asko informatu nintzen, eta etengabe ikasten aritu. Ikaragarri disfrutatu nuen prozesuaz». Liburuak milaka irakurle izan zituen, eta bigarren edizioa idatzi behar izan zuen.

Aukera izanez gero, erakusketa bisitatu behar dela uste du Zubirik. Haren iritziz, ikusleak «harritu» egingo dira euskaldunek Kalifornian egin dituzten «gauza guztien» berri izaten dutenean. Era berean, esan du aurreko belaunaldiek egindako «lan guztia aintzat hartzeko» ere balio duela erakusketak.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia