Jon Agirre. Idatzia uzten ez dena ahaztu ohi da eta ahoz ahozkoak hainbat gai transmititu baditu, beste asko ahanzturaren bazterretan geratu ohi dira. Hala pasa zen Louisbourg-en euskaldunok utzitako arrastoarekin eta, behin informazioa bilduta eta, nolabait antolatuta, Jauzarrea Elkarteko Xabi Oterok (Iruñea, 1953) 'Euskaldunak Kanata. Louisbourg 1744' (Txoria Errekan) saiakeran. Asmo dibulgatiboan 600 argazkitik gora, oso koloretsuak, gehitu dituzte. Noski, datu historiko eta bibliografikoak ez dira falta, oinarrian lan akademikoa baitago, ez eta garai hura ulertzeko lagungarri diren mapa, xehetasun, kuriositate, edo anekdotak. Nabarmentzekoa ere testu oro lau hizkuntzetan dela irakurgai: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.
Jauzarrea elkartea 2009an sortu zen unibertsitateek euren ikerketekin osatutako historiako hutsuneak betetzeko asmoz. Ekimenen artean nazioarteko kongresuak ere antolatu dituzte, hainbat aditurekin, eta poliki-poliki «euskaldunon kronologia» modukoa osatu dute. Harreman horietatik jaio zen Louisbourg-eko proiektua. «1983an ezagutu nuen nik, Red Bayn baleontziaren indusketa lanetan», oroitzen du Oterok. Ordutik izan du bulkada edo azkura hori, berriki liburuarekin asetu duena. «Ordutik askotan izan naiz han [Louisbourg-en], eta instituzioei maiz insistitu diet zerbait egin behar zela, baina...». «Egiten genuena nolabait jasotzea beharrezkoa zenez 2022an hasi nintzen».
Eta, aipatutako eta kexu den «babes gutxi» hori dela-eta, su moteleko prozesua izan da «Ez dugu kobertura askorik orokorrean eta bizi dugun une honetan gauza mordoa daude, denetarik egiten da: dantza taldeak, musika, aktibitate kulturalak...» zerrendatzen du. «Mila istorio daude eta atentzioa ematea beti ez da erraza». Horregatik, hein batean ere, argazkien aldeko apustua.
Nova Scotia probintzian (Kanada), jatorriz Unama'ki deitua, Cape Breton Island bezala ezagutzen denaren hegoaldean kokatua dago 1744an Louisbourg zena. «Turistek –urtean 150.000 bat omen dira– britainiarrekin lehen gerra izan aurreko uda ezagutuko dute eta kolonia frantses hartan arrantzale euskaldunek –han zirenen %20a, Oterok emandako datuen arabera– presentzia handia zuten. Guztira 90 bat barku zeuden». Horiek ere jasotzen dira 'Euskaldunak Kanata. Louisbourg 1744' liburuan. Osagarri modura jasotzen dira nazioarteko kongresuetan landutakoak garai hura ulertzeko, baina baita euskaldunok bizitakoa ere.
2019tik, han
Aukerak asko ziren, esaterako ikus-entzunezko bat, baina azken hamarkadetan formatuek izan duten bilakaera ikusita eta etorkizunean zer gerta litekeen batek dakienez, liburuena iruditu zitzaion apustu ziurrena. «Gure helburua konstantzia uztea da, egiten dugun lanarena baina, batik bat, urte hauetan deskubritu de guztiaz». Bidean mugarri izan zen Sydneyn (Eskozia Berria) egindako kongresua eta Eddie Kennedyren bultzada. «Asmoa azaldu nion eta programa bat sor genezakeela esan zidan». 2018an lehen zirriborroa aurkeztu eta 2019ko udan jarri zen martxan, bertan den errekreazio historikoan 1744an euskaldunen papera eginez. «Ordura arte bertakoek egiten zuten, baina euskara ez zen azaltzen». Orain, bi euskaldunek 10 aste igarotzen dituzte Louisbourgen.
Errekreazioan funtsezko dira jantziak, bakoitzak ia zortzi kilo ere pisa ditzakenak. «Maritzuli Konpainiak lan handia egin du eguneroko jantzien eta laneko jantzien eredu horiek sortuz, guztiak desberdinak komunitatearen aniztasuna islatzeko. Jantzi izugarriak dira, batzuek 8 kilo pisatzen dute, beste batzuek 4 kilo, eta ziren bezala ehundu dira, oso ondo landuta daude «, zehazten du Oterok.
'Euskaldunak Kanata. Louisbourg 1744' liburuaren ale bat eskuratu nahi duenak liburu-dendetan aurki dezake eta, bestela, txoriaerrekan@gmail.com helbidera idatzi eta Jauzarrea elkarteak helaraziko du.
Enviar a un amigo
Añadir comentario


