euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Arantxi Padilla: “Ez da korrespontsalia lasaia, baina trukean, edukiz aberatsa” (en Aiurri)

13/07/2021

Arantxi Padilla billabonatarra EITBko korrespontsala da, Latimoamerikan. Bigarren zikloa du Kolonbiako hiriburuan, Bogotan, Hego eta Erdialdeko Amerikako aktualitatea helarazten Euskal Herrira.

Enlace: Aiurri

Andoni Urbistondo. EITBko kazetari ezaguna da Arantxi Padilla (Amasa-Villabona, 38 urte). Gai sozialak ditu gustuko, maiz segurtasuna eta gatazkarekin zerikusia duten gaiak aztertu behar baditu ere. Herri mina pixkanaka apaltzen ari zaiola dio, urteen joan etorrian, eta urte asko egin nahi lituzkeela Kolonbian korrespontsal jardunean.

Zure azken urteei errepasoa egiteko moduan?

2011n iritsi nintzen Kolonbiara, ia sei urte 2016ra arte. Hiru urte egon nintzen ondoren Euskal Herrian, eta 2019an bueltatu nintzen hona. Orotara zortzi urte ia dagoeneko hemen. Deustun ikasi nuen Giza Zientzien Komunikazioa, eta musikako ikasketak egiten nituen bitartean. Karrerako azken urtean praktikak egiten hasi nintzen Herri Irratian, bi urtez. Gero casting bat egin zuten EITBn, eta 2008an hasi nintzen lanean erredakzioan. 2011n Kolonbiara joateko proposamena iritsi zitzaidan, eta bizitza berri bati ekin nion.

Korrespontsalia Kolonbian dago, baina Hego eta Amerika Erdialde guztia jarraitzen duzu informatiboki.

Hala da, bai. Bogota txoko guztietatik nahiko gertu dagoela esan genezake, hemen distantziak ikaragarriak badira ere. Esan nahi dut, korrespontsalia Argentinan edo Mexikon balego, mugitzeko denbora askoz handiagoa  litzateke, mutur batetik bestera. Bogotatik hegazkinean nahiko eskura ditugu herrialde guztiak, mugitzeko beharra edukiz gero.

Atzerrira joateko erabakia erraza izan al zen?

Euskal Herrian oso bizitza erosoa neukan. Erredakzioan lana, Tolosako musika eskolan klaseak eman… Errutina bat neukan, telebista eta musika uztartuz, eta Kolonbiara etortzeko proposamenak horrekin haustea zekarren, baina berehala baiezkoa eman nuen, ez nuen zalantza handirik eduki. Urtebeterako konpromisoa hartu nuen, eta gaizki moldatzen banintzen, beti neukan etxera bueltatzeko aukera, zortea edo pribilegioa, itzultzeko eta etxean lanean jarraitzeko pasaportea baitaukagu, zorionez.

Nolakoa da zure lana, zure egunerokoa Bogotan?

Oso desberdina. Zuek, telebistan, zuzeneko edo bideo bat ikusten duzue, baina erreportajeak askotan ordu gutxi batzuk lehenago edo batzuetan bezperatik ere egin behar dira. Hara eta hona joan behar da, lana oso mugitua da. Ez da bulegoko lana, egunero aldatzen da. Aurreko astean Perun egon ginen, orain hemen, Kolonbian, hurrengo astean batek daki. Gerta liteke bizpahiru egunetan sekulako ordu piloa sartu behar izatea, eta hurrengo egunetan ba lasaixeago aritzea. Telebistan agertzen ez banaiz ere, minutu bateko pieza egiteko atzetik lan ordu asko daude. Minutu edo minutu eta erdi ikusten dute ikusleek, baina lana handia dauka horrek. Zer esanik ez hegazkin bat hartu eta hara edo hona mugitu behar baduzu.

Agenda informatiboa zuk markatzen duzu, edo Euskal Herritik agintzen dizute zer egin?

Askatasuna dugu. Guk gaiak proposatzen dizkiogu gure arduradunari. Azkena, adibidez, El Salvador-eko emakume bat kartzelatik atera dutela, abortu bategatik 30 urteko kartzela zigorra jarri ondoren. Hori landu behar genuela esan nion nire arduradunari, eta baiezkoa eman zidan. Gero berak, editoreek, edo arlo buruek ere gaiak proposatu edo eskatzen dituzte, eta guk egin. Nikaraguan sortutako berri baten inguruan zuzeneko bat egin behar genuela eskatuz idatzi zidaten, goizeko bostetan. Ba prestatu bizi-bizi, hemendik notizia landu eta kontatzen da. Gaiaren garrantziaren arabera, jarraipena Kolonbiatik edo herrialde horretatik ematen zaio. Latinoamerikako korrespontsala izanik, nire ardura da gurean gertatzen dena kontrolatzea eta nire arduradunarekin, editore eta koordinatzaileekin harreman zuzena eta azkarra izatea. Gero beraiek erabakitzen dute albistegian nola sartu eta ze formatutan eman. Talde lana da.

Eta eguneroko zurrunbilo horretatik ihes egiteko aukerarik baduzu?

Bai. Hemen jai egunak astelehenera pasatzeko joera dute, Amerika osoan, eta aukerak izaten dira. Perutik itzuli berria naiz, lan ordu asko jarraian han, lo gutxi eta arduradunari esan diot: ‘Bi eguneko pausa bat egin behar dut’. Arazorik ez. Atseden hori hala moduzkoa da, guardian egon behar duzulako, zer gerta. Zerbait gertatzen bada, atsedena bukatzen delako. Ohitu egiten zara, urteen joan etorrian, martxa horrekin.

Kolonbiak, lehen kolpean, arriskua, edo lan egiteko toki zaila dirudi, han bizi den egoeragatik. Hala al da?

Beno, hemen azkar ikasten duzu, badaudela kontrolatu ezin dituzun edo ezingo dituzun hainbat egoera. Kalean arriskua, sumatu, sumatzen duzu, eta lanean, azken hilabete honetako Kolonbiako kale istiluetan balen aurkako txalekoa eta kaskoa eraman behar izan ditugu, eta noski, ez nago ohituta. Azken bi urtetan Txile, Ekuador, Bolivia eta Kolonbiako protestak bizi izan ditut, besteak beste. Ez da korrespontsalia lasai bat, Europako herrialde batekoa bezalakoa adibidez. Segurtasun falta egon badago, baina barneratzea da kontua. Badakizu non zauden, eta zerbait gerta litekeela.

Eta zer gertatzen ari da Kolonbian, ez jakinak garenok ulertzeko moduan?

Azken hilabeteetako protestetan ikusten da egoera oso arriskutsua dela, segurtasun indarrak erakusten ari diren polizia indarkeria bortitzagatik. Manifestarien aurka egiten dute gordin-gordin, kolonbiarren eskubideak defendatzen edo aldarrikatzen ari den jendearen aurka. Izan osasun erakundeetako boluntarioak, kazetariak… Makinak bezala ari dira jokatzen poliziak. Kolonbiako gatazka, gainera, landa guneetatik hirietara aldatu da, eta sakelakoei esker egun lehen ikusten ez ziren gauzak ikusten dira. Alegia, lehen segurtasun indarren inpunitatea ezkutuan geratzen zen, baina orain ezinezkoa da. Poliziak hil edo desagerrarazten duen jende kopurua ikusi, jakin egiten da, eta horiek ez dira bizirik agertzen. Horrek hotzikara sortzen du. Guk, komunikabide gisa, erakutsi eta salatu behar dugu egoera hori, eta gatazkan sartzen zaren neurrian jabetzen zara errealitatea ez dela kontatu dizuten bezala. Kolonbian herritar askok ez du guk Euskal Herrian dugun oinarrizko eskubiderik. Ikasteko aukera, edo egunean hiru otordu egitea, adibidez. Eskubide horiek eman egin zaizkigu guri, baina Kolonbian jende askok ez du halako eskubiderik. Bertako telebistek bandalismotzat jotzen dituzte protestak, baina guk bestelako egoera ikusi dugu. Injustizia sozial agerikoa dago. Aberatsak geroz eta aberatsagoak dira, pobreak gero eta pobreagoak, eta ezer ez dutenek euren eskubideak defendatu edo lortzeko egiten dute protesta. Zein da erantzuna? Indarkeria poliziala.

Kolonbia aspalditik izan da eremu arriskutsu edo ez ziurra turismoarentzat… hala izaten segitzen al du?

Beno, nik uste Bake Akordioa sinatu zenetik turismoa asko sustatu dela. Bisitan etorri zaizkidan lagun edo senitartekoek ez dute inoiz arazorik izan. Lasaitu da, edo zen egoera, baina pandemiarekin akaso bai handitu da arrisku sentsazioa. Liman egun batzuk egin berri ditut hauteskunde presidentzialak jarraitzen, eta askoz ziurrago sentitu naiz bertan, Bogotan baino. Bogotan tentsio hori, ziurtasun falta sumatzen duzu. Txip bat daukazu sartuta gorputzean, eta ordu batzuetan ez zara toki batzuetara joaten, ez duzu sakelakoarekin hitz egiten kalean  zoazenean… Ni neu kontziente naiz, edo onartzen duzu, halako sustoren bat eduki dezakezula. Gerta liteke, onartzen duzu eta aurrera. Hara edo hona mugitzeko ere segurtasun baldintza jakin batzuk dauzkazu. Berez, Kolonbiak zeukan hainbesteko fama txarra itzaltzen doala esango nuke, baina oraingo protestek erakutsitako irudi gogorrek nazioarte osoa beldurtu eta sumindu dute.

Perutik bueltatu berri zara, Pedro Castillo ezkerreko hautagaiak irabazi ditu hauteskundeak, baina impasse egoera batean dago herria: inpugnazioak, ustelkeria… Ze pasako da Perun, zer ikusi duzu han?

70.000 bozkako aldearekin irabazi du Castillok, oso alde txikia. Ikusi dudana da Keiko Fujimorik botere gose handia daukala. Hirugarren aldia da aurkezten dena, eta ez du garaipenik lortzen, baina hor segitzen du, presidente izan nahian. Fujimorik ez du bere porrota onartzen, emaitzak inpugnatu ditu, eta Castillo garaile izendatzeko prozesua atzeratu egingo da. Irudipena daukat perutarrek ez zutela, ez bata, ez bestea nahi. Ez dituztela gustuko ez Fujimori, ezta Castillo ere. Castillo landa eremuko maisu bat da, baina bere zenbait ideia atzerakoiak dira nire ustez. Generoaren ikuspegiari dagokionez, abortuaren aurka dago, ezkontza homosexualen aurka...Hego Amerikan ezkertiarra izateak badu halako konnotazio negatiboa, eta halako pentsamenduek beste herrietan ere eragina izan dezakete. Adibidez Kolonbian. Castilloren ideia horiek akaso kaltea egin diezaiokete Kolonbiako ezkerreko alderdiei. XXI. mendean abortua, homosexualitatearen aurka egotea, eta zure burua ezkerrekotzat jotzea  deigarria egiten zait. Ze pasako den Perun? Batek daki, baina bertako aberatsek, oligarkiak ere ez du oso gustuko izango Castillo, eta oztopoak jarriko dizkiotela seguru. Boterean irauten utziko dioten ere ez dago argi, eta etorkizun onik ez dauka Peruk.

Ze asmo duzu udan? Etxera, Amasa-Villabonara bueltatzeko asmorik bai?

Ez. Gabonetan egon nintzen, eta Gabonak izango dira berriro bueltatzerako. Ikusiko dut. Etxera bueltatzeak pixka bat estresatu egiten nau, ze mundu guztiarekin egon nahi izaten dut bizpahiru astean, eta dena ezin da. Ez daukat lasai egoteko aukerarik apenas. Herri mina badut, baina urteekin herri min hori apaldu egiten da dezente. Ez dut fisikoki herrian egoteko hainbesteko beharrik, nire jendearekin etengabe kontaktuan nagoelako.

Eta profesionalki zer? Gustura zaude edo aldaketaren bat egingo zenuke?

Ni oso gustura nago hemen, herrialde batetik bestera mugitzeko aukera dudalako eta gai sozial asko lantzeko aukera. Urte luzez hemen jarraitzea gustatuko litzaidake, etxera urtean behin edo bueltatuta, baina nork daki. Izan nintzen Euskal Herrian bizpahiru urte, 2016an, baina ez nintzen moldatu erredakzioko lan horretara. Egunero gauza ezberdinak egiten ditut hemen, Kolonbian, eta han egun gehienak antzekoak ziren. Hemen tentsioa, adrenalina handia daukat berriemaile bezala, baita eguneroko bizitzan ere, eta izugarri disfrutatzen dut.



« anterior
siguiente »

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

Las más leídas

Últimos comentarios

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia