euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Santiago egunean Wyoming-eko Buffalotik idatzia

2011/07/25

Astelehena da gaur, uztailaren 25a, eta jai eguna Hego Euskal Herrian, Done Jakue edo Santiago eguna baita, jai-eguna alegia, Espainiako estatuan. Mementu honetan Euskal Herritik kilometrotan urrun gaudenontzat urrun gelditzen zaigu baita ere jai-eguna izate hori, hemen, Wyoming-eko Buffalon inor gutxik baitauka gogoan halakorik. Aldi berean, jai eguna izango da, baina EuskalKultura.com plazaratu da, astegun guztietan bezala.

Bi lerro nahi ditut idatzi teorian jai-eguna den honetan. Batetik, esan joan den asteburu honetan, Estatu Batuei dagokienez, bi euskal jai nagusi ospatu direla: batetik, Reno-Nevadako euskal jaiak, Donostiarekin senidetua den hiri horretako erdigunean, Wingfield Park-en. Bestetik, Estatu Batuetako 2011ko elkarretaratze nagusia ere joan den asteburuan egin dela, une honetan nagoen Buffalon.

Lehenari buruz, Renokoari buruz, behar dut esan urtero bezala gauzatu dela. Gauza berezi bakarra, Renoko Euskal Etxeko lehendakaria, Kate Camino, ez dela Renoko piknik edo festan egon, izan ere omenaldia egin behar baitzion NABO Ipar Ameriketako Euskal Erakundeen federazioak Buffalon.

Kate, sortzez buffalotarra, Renon bizi da azkeneko hamarretik gora urteetan, eta aurretik Buffalon bertan egin zuen lan ona, Renon bizi denez geroztik Renon segitu du. Buffalon, bertako euskal etxeko lehendakari eta dantza-taldeko buru izan bazen, gauza bera egin du Renon, urte askotan Renoko dantzarien buru izan baita, eta baita lehendakaria ere, eta azken postu honetan segitzen du gaur egun.

Gauza da, aurten, Buffaloko NABO 2011 festetan, bi wyomingdar ohoratu dituztela: Kate Camino bera eta Martin Goikoetxea, hau ere euskaltzale handia, eta bertsolaria, Wyoming-eko Rock Springs herrian bizi dena, gorritiarra (Nafarroa) izanik gaztetan etorri baitzen Wyoming-era eta hemen sortu baitu familia.

Ez dut gehiegi luzatu nahi, aste honetan zehar izango baitugu EuskalKultura.com-en 2011ko Buffaloko NABO Convention eta euskal jaiak hizpide eta ikusgai hartzeko parada, argazki-sorta bat eta bideo batzuk medio, egunotan bildutako informazioa prozesatu ostean.

Aurrerapen gisa, esan dezadan oso asteburu polita izan dela. Buffalo, Oeste peto-petoan dagoen herria da, baina bere ezaugarrien artean, oestekotasun hori euskalduntasunarekin partekatu izana dauka: erabat amerikarra, estatubatuarra eta Oesteko herria izanik, hortxe, ezaugarri horietan zinez txertaturik dauka euskaltasuna.

Ikusgarria izan da ikustea joan den astean zehar herri osoa lotu zaiola euskal festari eta, besteak beste, aski zela Buffaloko kale nagusian sartzea, ikurriñak ezker-eskuin eta kale luze honetan zehar nonahi harrapatzeko. Buffalo, arrunt euskal herria izan da joan den astean: euskalduna bere euskal jatorrizko biztanleei zein jatorri ez-euskaldunekoei dagokienez.

Beste behin esango dut --eta nire hauek segitzen dute hitzak baino ez izaten-- baina nire ustez gauza argia da Diasporako hainbat gauza bertara etorri eta bertatik bizi eta sentitu arte ez direla aise konprenitzekoak Europako euskal herrietatik. Hori sentitu dut joan den astean Buffaloko euskal festetan, errotik amerikanoak eta cow-boy tradiziokoak diren zenbait familiaren aurrean, errotik amerikanoak izanik ber denboran zinez euskaldunak diren familiekin alegia, hizkuntzaz, tradizioz eta sentimentuz.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia