euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Kantu baten hegoak (Eneko Bidegain Enbatan)

2020/05/18

Ereserki baten pare hedatzen zen “Eusko Gudariak” kantuaren oihartzuna Euskal Herriko plazetan, manifestazioen bukaeran. “Eusko gudariak” ez zen kantatzen kantu-afarietan, ostatu izkin bateko besta bukaezinetan… Ez. Edo “Gernikako arbola”. Hau ere ez da kantatzen besta baten erdian. Beti ekitaldi politiko edo kultural baten bukaeran. Jose Mari Espartzak oroitarazi berri duen bezala, kantu hori “Euskal Herriko ereserki nazional” bihurtu zuten, Iparragirrek lehen aldiz kantatu zuenean, 1853an.

Lotura: Eneko Bidegain Enbatan

Eneko Bidegain. Espartzak dio hildakoak, zaurituak eta presoak izan zirela kantu hori kantatzeagatik. Eta geroztik ekitaldi anitzen bukaeran kantatu zela, Euskal Herri osoan. 1918an, Lehen Mundu Gerra bururatu ondoan, Baionako karriketan “Gernikako Arbola” entzun zen. Eta beste hainbat gertakaritan ere. Ez ditu batu zazpi probintziak bakarrik; Espartzak dioen bezala, ideologia politiko guztiak bildu izan dira kantu horren inguruan.

Tomas Urzainki historialariaren arabera, Nafarroako konkista gertatu zen garaietan, Nafarroak bazuen ereserki bat, hala nola “Jeiki jeiki etxekoak”.

Baina, gaur egun oraino, Euskal Herriak ez dauka himnorik. Azkenaldian hainbat kantu proposatu dira, eta jendeari galdetu zaio zein izan litekeen himno egokia Euskal Herrirako.

Eta kantu irabazlea, memento honetan, “Txoria txori” da. Aberri Egunean kantu hori kantatu zen, Euskal Herriko balkoietan. Ez da dudarik kantu hori dela, beharbada, Euskal Herriko kantu estimatuena edo estimatuenetako bat, eta Euskal Herritik kanpo gehien hegaldatu den euskal kantua. Zinez kantu ederra da; Joxan Artzeren olerki zoragarri batetik abiatzen da, eta Mikel Laboak doinu ezin egokiagoa eman zion. Askatasuna goraipatzen duen kantu gisa, herri zapaldu batek bere askatasun egarria adierazteko bereganatutako kantu bihurtu zen laster. “Hegoak ebaki” eta “txoria” izatearen arteko gatazka horretan, adierazten da ez bagaude aske ez garela gu. Uler dezakegu herri bat ez badago aske, ez dela gehiago den herri hori, beste zerbait dela. Euskal Herria ezin da euskal herria izan, ez badago aske. Baina Euskal Herria askatu nahi ez duen horrek ez du Euskal Herria maite; Espainiak eta Frantziak berentzat nahi dute, baina ez Euskal Herri gisa, baizik eta bere izaera kenduta. Bikote harremanen ikuspegitik ere uler liteke kantu hori. “Txoria txori” maitasun kantu ezin ederragoa da, maitasun harreman posesiboaren kontrakoa delako eta maite den pertsona den bezala maitatzea ederresten duelako. Eta egiazki maite baldin bada, maitatuaren askatasuna nahi delako, eta ez maitatuaren jabe izatea.

Horiek horrela, Euskal Herriko kantu kuttunena eta ezagunena izateak kantuari mesede eginen ote lioke himno ofizial bihurtuko balitz? Irudikatzen ote dugu edozein bestatan, edozein bazkaritan edo edozein poteotan, lagun-taldeak beren herriko ereserki nazionala kantatzen? “Txoria txori”, hain kantu maitatua eta kantatua ereserki nazional bihurtuko balitz, jarraituko ote luke hainbeste besta girotan eta lagun artean kantatua izaten edo hainbeste abeslarik bertsionatua izaten? Maitasun mota bera eskainiko ote genioke? Berdin maitatuko ote genuke sakralizatuko bagenu? Ez ote genizkioke kantuari hegoak ebakiko? Edo bestela, erran nahi luke gure ereserki nazionala ez daukagula garrantzitsutzat, erran nahi baita ereserkiak sinbolizatzen duena, hala nola gure nazioa eta independentzia nahia. “Gernikako arbola”, “Eusko gudariak” edo “Jeiki jeiki” ez ditugu beharbada hain maite; baina iradokitzen diguten karga politikoa besterik da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia