euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Gorka Iribar, Txinan bizi den zumaiarra: «Ia pandemia aurretik bezala gabiltza» (Berrian)

2020/05/06

Herri txiki batetik munduko hiririk populatuenetako batera joan zen Iribar. Shanghaiko euskal etxeko ardura du, baina ez da elkartearen garairik onena. Konfinamendu ondorengo egoera kontatu du.

Lotura: Berria

Iker Tubia. Duela bi urtetik Shanghain (Txina) bizi da Gorka Iribar (Zumaia, Gipuzkoa, 1983). Mondragon Kooperatiban ari da lanean, bezeroekin hartu-emanean. Atzerrian bizi nahi izan du beti, eta aukera sortu zitzaion 2017an: «Lanean eta pertsonalki kateatuta sentitzen nintzen. Emaztearekin sakon hitz eginda, aurrera egitea erabaki genuen».

Zaila izan zen egokitzapena?

Hasieran bai. 24 miloi biztanle dituen hiri batera etortzea gogorra egin zitzaigun: trafikoa, kutsadura, mendia eta itsasoa faltan.

Txineraz moldatzen zara?

Ari naiz ikasten pixkanaka, baina oraindik nahiko berde nago. Ez da hizkuntza erraza; denbora eta dedikazioa eskatzen ditu. Hala ere, nola edo hala ulertzen dugu elkar. Shanghain jende askok egiten du ingelesez, baina, hemendik pixka bat ateraz gero, oso jende gutxik.

Zer ondorio dakar Txinako hiriburu ekonomikoa izateak?

Dudarik gabe Txinako hiribururik internazionalena da. Atzerritar mordoa bizi gara, eta hori ez da kasualitatea. Lanerako aukera asko eta onak egoteaz gain, hiriburu bezala Shanghaik mila aukera ditu: gastronomia, gau giroa, aisialdia... Baina etxebizitzen prezioak oso garestiak dira, baita errentak ere. Bizimodua ere ez da merkea.

Oso ezberdina da Txinako beste hiri nagusiekin alderatuta?

Askotan komentatzen dugu Shanghaik ez dirudiela Txina. Batzuetan pasatzen da jatetxeren batera joan, eta txinatar bat bera ere ez egotea.

Munduko hiririk populatuenetako bat da. Ez zara itotzen?

Bai, eta batzuetan asko. Horregatik, hilean behin mendi irteera bat egiten dugu. Bidaia luzeak dira, mendiak oso urrun baitaude hemendik.

Zerk harritu zintuen gehien hara ailegatzean?

Teknologikoki zein aurreratuta bizi diren ikusteak. Guztia telefonoarekin ordaintzen dute; zur eta lur utzi ninduen. Asko harritu ninduen gobernuak biztanleekiko duen kontrolak ere. Bisa lortzea gero eta zailagoa da, eta, lortuta ere, une oro oso kontrolatuta zaude. Gutxi behar dute zeure herrira deportatzeko.

Euskal etxean ere aritzen zara. Herrimina baretzeko ukendua?

Dudarik gabe, ukendu bikaina da, bai. Txinako burbuilatik atera eta etxean bezala sentitzeko lekua.

Zer jende dago Txinako euskal etxearen bueltan?

Euskarri nagusia hemen dauden enpresa batzuk dira, gehienak Mondragon Korporaziokoak. Haien kuotekin saiatzen gara gastuak ordaintzen. Banakoren bat ere badago. Beraz, enpresa horietan lan egiten dugunak gara normalki euskal etxea erabiltzen dugunak.

Zer rol betetzen du euskal etxeak han?

Txinan dauden euskaldunen beharretara egokitu da urtez urte. Duela zazpi urte, euskaldunek etxean sentitzeko behar handiagoa zuten; beraz, biziagoa zen erabilera. Gainera, gazte gehiago zegoen, ikasleentzako bisak baitzeuden, eta, beraz, partaidetza eta inplikazioa askoz ere handiagoa zen. Orain parte hartzea urriagoa da. Tarteka ekitaldik antolatzen ditugu: Maritxuak, Korrika, danborrada, sanferminak, santomasak... Baina, tristea den arren, Euskal Etxea elkarte gastronomiko bilakatzen ari da.

Txinan hasi zen pandemia. Nola bizi izan duzu hau?

Zortea izan dugu: hasi zenean, Euskal Herrian geunden oporretan. Itzultzean jada hobetzen ari zen egoera. Hala ere, 14 eguneko berrogeialdia eginarazi ziguten. Txinatar askok pentsatzen dute amerikarrek laborategietan sortutako gauza bat dela hau guztia. Beste batzuek nahiago dute horretaz ez hitz egin.

Orain zein egoeratan zaudete?

Ia lehen bezala. Hori bai, maskarekin dabil gehiengoa; jatetxeetara eta leku publikoetara sartzeko derrigorrezkoa da. Tenperatura hartzen dizute, eta telefonoan osasun QR delakoa erakutsi behar da leku publikoetara sartzeko.

Badago erru sentimendurik?

Ezetz esango nuke. Are gehiago, Europan pandemia gogortzen hasi zenean, metroan gindoazela, txinatarren ondoan esertzen ginenean askok jaiki eta ospa egiten zuten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia