euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Euskal Herriko historia, a zer abentura (Argian)

2020/02/09

Liburua, ipuinak eta orain pelikula: Lur eta Amets proiektuak hirugarren buelta emango du eta pantaila handian murgilduko da otsailaren 7tik aurrera. Denbora luze baten ondoren, haurrei zuzenduriko euskarazko animazio-film hezitzaile bat zinemetan estreinatuko da.

Lotura: Argia

Gorka Peñagarikano Goikoetxea. Anai-arreba bikiak dira Lur eta Amets. Asteburua heldu eta amonarenera joango dira, asteburu pasa, gurasoek ezkontza batera joan behar dute-eta. Amona Andereren eta honen katu Baltaxarren botere eta gaitasunei esker, asteburu arrunta zirudienak ez du ohikotik askorik izango. Bidaia batean murgilduko dira, eta garai historiko eta sasoi ugaritatik pasako dira, une gozo eta ez hain gozoak biziz. Tira-birak izango dituzte erromatarrekin, parte hartuko dute Nafarroako Erresumaren sorreran eta Zugarramurdiko sorginekin suaren inguruan dantzan arituko dira. Sorgin-ehiza ez zaie, baina, batere samurra izango; ezta Karlistadak eta Frankismoa ere. Adiskideak egingo dituzte, baina baita etsaiak ere. Ihes egingo dute, borrokatu, dantzatu, ikasi eta disfrutatu.

Duela bost urte jarri zuten martxan Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia proiektua Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historiaren irakurketa euskaldunen ikuspuntutik berreraiki eta haur eta familientzat eskuragarri jartzeko helburu argiarekin. 2015ean kaleratu zuten proiektuaren ezagutza liburua, eta jarraian etorri ziren haurrei zuzenduriko bederatzi ipuin sortak eta galdera-erantzunen mahai jokoa. Aipatutako liburuetako ilustrazioez Lotura Films arduratu zen orduan eta, orain, behin ekoiztetxea proiektuaren bazkide egin eta bertan murgilduta, pantaila handira pasatzeko hautua egin dute. Pelikula 2017an hasi ziren ekoizten, eta iaz amaitu zuten, urte honetan nonahi proiektatzeko. Emaitzarekin gustura geratu dira ekoizleak, eta otsailaren 7tik aurrera Euskal Herriko zinema eta areto guztietatik pasa nahiko lukete, haur eta familia guztiengana heldu asmoz.

Erakutsi egin nahi du filmak, irakatsi baino gehiago: Euskal Herriko historia sakonago lantzea hezkuntza sistemari dagokiola uste du Miren Berasategi filmaren ekoizleak

“Euskal Herrian ez diegu inoiz gazteenei gure historia kontatu; hutsune horri erantzunez sortu zen proiektua, eta hori are gehiago lantzera dator filma”, dio Miren Berasategi filmaren ekoizleak. Historiaren berri emateko modu hezitzailea eta aproposa dela uste du, erraz eta era egokian hartzaileari iristeko modukoa, baina azpimarratu du film “historiko” bat baino, abentura istorio bat dela: “Garai ugaritan bizituko dituzte abenturak, baina guk azaldu ordez zein garaitan dauden, ikusleak berak kokatuko ditu horietan”. Haurrei ulergarri egiteko eran beti ere, testuingurua gehiegi sakondu eta zehaztu gabe, baina horien zantzu nabarmen eta aipagarri batzuk emanaz.

Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute ordu eta hogei minutu irauten duen ikus-entzunezkoa, eta denbora luze baten ostean haurrei zuzenduriko lehen euskarazko filma izango da. Hutsune horretaz mintzatu da Berasategi, eta adierazi du Lotura Films ekoiztetxeak bazeramatzala hamar urte inguru Elkar argitaletxearekin hitz egiten halako animaziozko film bat egiteko asmotan. Funtsezkotzat jotzen zuten haurrentzako edukia sortzea, eta proiektuaren partaide diren gainontzeko hiru elkarte eta enpresek argi zuten, bestetik, Euskal Herriaren historia kontatu eta azaldu behar zitzaiela: “Heziketari dagokionez beharrezkoa zen haurrei gure historia ikusten dugun modura erakustea”.

Erakutsi, irakatsi baino gehiago. Izan ere, gaia sakonago lantzea hezkuntza sistemari edota familiari dagokiola uste du Berasategik. Hots, aisialdira begira irudikatzen dutela euren pelikula. Eurek garai bakoitzaren gaineko hiruzpalau zantzu azaltzen dituztela dio, haurrek ideia orokor bat egin dezaten orduko bizimodua nolakoa zen: nola bizi ziren, bereziki zer egiten zuten, zer jazo zen eta abar. Ahalik eta haur gehienengana iristea ere badu helburutzat proiektua zinemetatik pasatzeak, eta badirudi, Berasategiren ustez behintzat, jendeak erantzungo duela. Inoiz ez dela jakiten dio, baina.

Herriz herri aurkezpenak, autobusean

Durangoko Azokan egin zuten lehen aurrestreinalditzat har daitekeen aurkezpena. Irudienea gunean egin zuten lehen agerraldia proiektuaren egileek eta Lur eta Amets pelikulako pertsonaia gorpuztuek. Antzezki-ikuskizun baten bitartez azaldu zuten zertan datzan filma, makina bat haur eta familia aurrean zituztela. Filmaren lehen ordu laurdena eskaini zuten horren ostean, eta bertan ziren haurrei gonbita luzatu zieten, otsailaren 7tik aurrera gertuen duten zine aretora bertaratzeko pelikula ikustera.

Antzera, baina autobus ibiltari batean aritu dira azken kasik bi hilabeteotan Euskal Herria zeharkatzen. Lur eta Amets-en autobusak makina bat herri eta hiritan egin ditu geldialdiak, haurrengana gerturatu, trailerra erakutsi eta filma promozionatzen. Hego Euskal Herriko hiriburuetan izan dira, baita Beasainen, Barakaldon eta Altsasun ere, besteak beste. Estreinaldi aurreko emaitza ikusita, jendearen erantzuna “polita” izatea espero dutela dio Berasategik, “indar guztia” jarri dutela-eta promozio kanpainan.

Uste dute publikoari pelikula dibertigarria gerta dakiokeela, abentura istorio bat ardatz duelako finean. Haurrek ulertzeko eran eginda egon arren, guraso edota aitona-amonak entretenitzeko eta gertuko sentitzeko zenbait giltza ere ematen ditu. Horrek, ikusleak pelikulara lotzeaz gain, senideen artean konplizitatea sortzeko ere balio dezakeela uste du Berasategik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia