euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Dylan Inglis, ingeles euskalduna: “Euskara ikasita, beste mundu bat agertzen zaigu” (Iparraldeko Hitzan)

2019/04/26

Epe laburrean euskara batua ikasi du, eta zuberera eta bizkaierahobetzen ari da. Duela bi urteko Korrika egin zelarik, ez zuen euskaraematen; aurtengoan, euskaldun berri gisa eraman du lekukoa Mutrikun.

Lotura: Iparraldeko Hitza

Dylan Inglis (Exeter, Ingalaterra, 1998) fenomeno bat da. Unibertsitateko ikaslea, hizkuntzen zalea; 20 urterekin beste zenbait hizkuntzatan bezala, euskaraz ari da. Bizkaiera hobetu nahi duela dio, baina eskualdeetako ñabarduretan barnatuz. Zubereraz ihardetsi die galdera batzuei.

Nolaz deliberatzen du ingeles batek euskara ikastea?

Nik uste dut erabakia ez zela erabatekoa; izan zen momentu bat non beste hizkuntza bati ekin nahi nion. Beste hizkuntza asko zeuden aukeran; azkenean, hizkuntza interesgarri asko dago munduan. Duela ia bi urte izan zen: gogoan neukan Iparraldera joan nintzenean —bi urte lehenago— euskal mundua ezagutu nuela nahiz euskara ez jakin. Hitz batzuk baino ez nituen ikasi orduan, baina jendea oso harritua gelditu zen, oso abegikorra izan zen. Uste dut hola hasi zela.

Aita eskoziarra duzu, gaelikoa hauta zenezakeen…

Bai, hizkuntza gutxitua da hori ere, oso interesgarria. Aitak ez daki oso ondo gaelikoz baina ez dakit… kasualitatea da. Euskarak sorgindu ninduen, eta ezin dut azaldu zehazki ez dakidalako zergatik izan zen.

Zuberera ikastea ere ez da ohikoa, ezta euskaldunentzat ere.

Aspaldidanik daukat lurralde horrekiko interesa. Familiarekin Heletara egin nuen lehen bidaian Zuberoara joan ginen egun-pasa, Santa Grazira. Lekua zirraragarria da. Ostatu batera iritsi ginenean, uste dut euskaraz ari zirela familian; oso misteriotsua izan zen, zeren euskara gutxi entzun genuen Heletan. Munduaren ertzera joan izan bagina bezala zen.

Erraten da Zuberoa aski itxia dela.

Lehen aldian, ez nekien euskaraz, eta frantsesez moldatuz euskarari buruzko galdera batzuk egin nizkien pertsona batzuei; oso pozik gelditu ziren, zeren badirudi jende askok ez duela interesik erakusten euskarari dagokionez. Bigarren aldian, Zuberoara joan nintzen lurraldea ikustera, baina batez ere hango euskara bertatik bertara ezagutzera, ikasten ari nintzelako. Batzuekin zubereraz egin nuen, beste batzuekin batuaz, ez nengoelako oso eroso. Egia da jasotako harrera desberdina izan zela zubereraz eta batuaz. Normala da, batua oso desberdina da. Irailean izan zen hori, eta urtarrilean itzuli nintzen nire zuberera maila nahiko hobeturik. Ederra izan zen, dena zubereraz izan zen, hiruzpalau egunez ia ez nuen frantsesez egin… Niretzat, oso esperientzia polita izan zen maskarada bukatuta, ostatura joan ginelarik, bi bilbotar euskaltzale eta neska zuberotarrak elkarrekin ari zirelako. Andana batek ez daki gazteleraz, beste andana batek ez daki frantsesez, hor ikusi nuen euskarak zenbat balio duen.

Irail eta urtarril artean maila hobetu zenuen, Ingalaterran.

Zubererari lotu nintzelarik, jadanik maila bat banuen euskara batuan. Radiokultura-k duela hogei bat urte egin ikastaro bat baliatu nuen, zinez ontsa dena. Gero, barnetegira joan nintzelarik, denek uste zuten Iparraldekoa nintzela, hemengo hitzak baliatzen nituelako. Oren anitz pasatzen ditut, eta hiztegia ikasteko aplikazio oso ona baliatzen dut, Anki izenekoa. Askotan, papera erabiltzen dut gauzak ikasteko, baina hori eraginkorragoa da, hiztegia ikasteko onena.

Euskara ikasi, eta bidaia bat baino gehiago egin duzu Euskal Herrira. Nola ikusten duzu hemengo gizartea?

Hasieran, misteriotsua, oso zerratua iruditu zitzaidan. Frantses perfektua hitz egiten ez dugunez eta giza lege batzuk desberdinak direnez Ingalaterran eta hemen, desberdintasun batzuk agerian ziren. Euskaldunak diferenteak ziren, aitak oporretan beti aipatzen zuen Korsikan bezala zela, han egon ginelako lehenago. Deskubritu arau, guztiz kontrakoa da: oso jende jatorra, goxoa eta beti laguntzeko prest. Batez ere hizkuntzarekiko loturagatik, bistan dago zenbat garrantzi daukan hizkuntzak hiztunentzat. Euskara ikasi duen ingeles baten ikuspuntutik, hizkuntzak izugarrizko inportantzia dauka euskal gizartean; horretaz konturatu naiz.

Azken bidaia honetan, Korrikan parte hartu duzu.

Orain dela bi urte nik ez nekien batere euskaraz; batere ez. Barnetegian kontatu zidaten Korrika zer zen. Suertea izan dut oporretan nagoelako unibertsitatean, eta lagun batek deitu zidan errateko lekukoa eramateko edo ez dakit zer… Orain, badakit hori ez dela batere normala; pribilegio handia da. Goizeko bostetan egin genuen Mutrikun, ehundik gora izan ziren Mutrikutik Debara korrika edo lasterka egin zutenak. Lekukoa berrehun bat metroz eraman nuen, hunkituta, pixka bat urduri ere bai: iduri zitzaidan Euskal Herria nire gain hartzen ari nintzela tarte batez. Gero, Gasteizen amaiera ikustean, malkoak begietara etorri zitzaizkidan. Ikustea pasioa hizkuntza batentzat, komunitate batentzat… azkenean, ohartzen zara hizkuntza gizartea dela euskal hiztunentzat.

Ondoko fasea zein izanen da?

Zuberera hobetu nahi nuke, oraino zinez gutxi ematen baitut, eta gero bizkaiera: ageri da bizkaieraren barnean badirela azpieuskalki anitz eta zinez diferenteak. Hitanoa ere egin behar da zubereraz, Bizkaian ere baliatzen da… hori ikasi nahi nuke, maite baitut sortzen duen hurbiltasun handia. Eta ene desioa zinez euskaraz bizi izatea da; oraingoz, Oiartzun da ene ametsetako lekua, Donostia eta Iparraldetik hurbil eta oso euskalduna baita. Baina, lehenik, badut urte bat egitekoa unibertsitatean.

Ohartzen zara euskara ikastea zaila izan ohi dela? Batzuentzat esperantza iturri zara?

Anitzetan uste dut gizartea zinez gaitza dela euskara etxean jaso ez dutenentzat, zeren eta oroek edo frantsesa edo espainola izugarri ontsa ematen baitute. Gainera, iduri zait askorentzat —Iparraldean, adibidez— frantsesa dutela beren hizkuntza, frantses sentitzen dira. Azkenean, hori hala da; ez da ona ez da txarra, baina gizartea hasten bada hizkuntza nagusia bere berezko hizkuntza gisa ikusten, hori oso txarra da. Nik badakit frantsesez eta gazteleraz, baina ez dira nire ama hizkuntzak, eta uste dut horrek lagundu didala; beste egoera batetik sartu naiz.

Egia da beharbada erakusten dudala euskara ikas daitekeela baina hori askok egiten dute, ez naiz bakarra. Askotan ezagutzen ditudan euskaldunak euskaldun berriak dira: kazetari, irakasle, lagunak… Euskaraz mintzatzen gara, eta komunikatu nahi ditugun ideia guztiak komunikatzeko gai gara. Ikasitakoan, beste mundu bat agertzen zaigu, bai atzerritarroi, bai euskal herritarrei.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia