euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Arrate Arbiza, Australian bizi den ordiziarra: «Araua bete egiten dute Australian, edozein dela ere» (Berrian)

2020/05/15

Bidaia bat egitera joan zen Arbiza Australiara, urtebete ingururako planarekin. Baina, hango lasaitasuna gustatu, lana topatu, eta zortzi urteren ondoren australiar herritartasuna lortzear da.

Lotura: Berria

Lander Muñagorri Garmendia. Haurra zenetik Australiara joan nahi izan zuen Arrate Arbizak (Ordizia, Gipuzkoa, 1990). «Natura sekulakoa da hemen, baina batez ere itsasoa gustatzen zait; eta hemen munduko koral hesirik handiena egoteak asko erakartzen ninduen». Horrek erakarrita joan zen Australiara, duela zortzi urte.

Nolatan joan zinen Australiara?

Karrerako azken urtea Filipinetan egin nuen, eta han australiar dezente ezagutu nituen; horrek konbentzituta etorri nintzen.

Orduan, ez zinen joan lan arrazoiek bultzatuta?

Ez. Haur Hezkuntza ikasi nuen, eta, hasten ari ginenean, esaten ziguten lan asko izango genuela, jende askok hartuko zuelako erretiroa. Baina krisia lehertu zen, eta dena geratu zen bertan behera. Beraz, garai ona izan zen hona etortzeko.

Australiara iristean zerk eman zizun atentzioa?

Sydneyra iritsi eta dena asiarrez beteta zegoela ikusteak inpresio handia egin zidan. Oro har, australiarrekiko daukagun ideia surflariarena da, eta horrek Asia ematen zuen gehiago. Horrez gain, jendea zein jatorra den ikusteak ere atentzioa eman zidan, zein leku multikulturala den.

Haur eskola batean ari zara lanean egun. Hori zen hasierako asmoa?

Haur eskola batean ari naiz lanean ia bost urtez. Hasieran, etorri nintzen pentsatuz urte bat egongo nintzela hemen, eta nire helburua Australiatik bidaiatzea zen. Bidaia eginda, Euskal Herrira itzuli behar nuen.

Zerk bultzatu zintuen han gelditzera?

Bizi estiloak. Hemen dena oso lasaia da, eta itsasoa gertu izatea ere asko gustatzen zait.

Zaila izan da irakasle lana topatzea?

Titulua balioztatzeko sei hilabeteko ikastaro bat egin nuen, eta lana lortu nuen. Bisa lortzea zaila da, eta nire laneko jabeei esker lortu ahal izan dut.

Dagoeneko australiarra zara?

Egoiliarra bai, eta ea urte bukaerarako herritartasuna lortzen dudan. Baina gutxi gorabehera australiarra naiz. Arraroa egiten zait hori esatea, azkenean Euskal Herria bihotzean eramaten baitugu.

Herriminari aurre egiteko, zein da zure erremedioa?

Lagun batekin bizi naiz, eta ordiziarrak daude inguruan. Elkarrekin geratzen gara, eta Sydneyko euskal etxera joaten gara euskal musika entzutera, jan ona jatera, dantza pixka bat egitera...

Jan ona jatera? Ez dago Australian janari onik, ala?

Bai, baina ezberdina da. Jan multikultural asko dago, baina egia da ez dagoela euskal janaren gisakorik.

Australian nola bizi duzue koronabirusaren pandemia hau guztia?

Hemen ez du hain gogor jo, eta hasieran neurri asko hartu ziren. Jendeari eskatu zitzaion etxetik lan egiteko, eskolak itxi ziren, eta horrek asko gelditu zuen birusak kutsatutakoen kopurua. Niri sei ordura jaitsi dizkidate lanorduak, eta ume asko ez dira etorri. Orain itzultzen hasi dira.

Normatasunera itzultzen ari zaretela esan daiteke orduan?

Gaurtik aurrera tabernak irekiko dituzte, eta gu ere normaltasunera itzultzen ari garela esan daiteke.

Jendeak nola erantzun dio egoerari?

Egia esan, nahiko ondo. Hemen, arau bat jartzen denean, bete egiten dute, edozein dela ere. Hasieran ez zen apenas inor ikusten kalean, kirola egiteko aukera genuen arren. Baina jendea beldurtua zegoen Espainiako eta Italiako berriak entzutean. Bi edo hiru asteren buruan, jendea gehiago lasaitu zen.

Espainia eta Italia baino gertuago daukazue Txina, ordea.

Bai, baina jendeak uste zuen birusa Txinan geratuko zela. Handik kanpo hedatzen hasi zenean hasi zen jendea beldurtzen hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia