euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zatoz eta parte hartu datorren larunbatean Bruselako Euskal Etxearen Batzar Orokor eta 'Txoko'an

2019/11/18

Bruselako Euskal Etxeko kideak kantari, abesbatza ere badauka BEEk, 'Txalaparta' izenekoa
Bruselako Euskal Etxeko kideak kantari, abesbatza ere badauka BEEk, 'Txalaparta' izenekoa

PUBLIZITATEA

Brusela, Belgika. Urteko Batzar Orokorra egingo du datorren larunbatean Bruselako Euskal Etxeak. Karia horretara, deia luzatu die Belgika osoan bizi diren euskaldunei eta euskaldunen lagunei bertaratu eta bakoitzak nahi edo ahal duen gisan lankide izan daitezen. Elkarteak haur eta familientzat zein helduentzat garatzen ditu ekimenak, tartean Olentzero, euskara eta dantza ikastaroak, mus ikastaro eta lehiaketak, sagardotegi gauak, haurrentzako ipuin kontaketak... BEEk zinez ongi hartuko du zure lankidetza, denbora mugatukoa edo tarteka bada ere. "Zatoz larunbatean: euskal giroko gaualdi eder bat pasa eta jaso informazioa!", gonbidatu dute. Batzarraren ostean, 'Txoko' bat egingo da.

Parte hartu nahi duten guztien iritzi eta proposamenak entzungo dira, nahiz eta bozkatzeko orduan kuotetan egunean dauden bazkideek bakarrik bozkatu ahal izango duten. Bazkide egitea oso erraza da, eta 25 euro pertsonako den kuota BEEko kontuan ordain daiteke (BE52 3631 2000 5309), norberaren izena argituz, edo Batzarrean bertan.

Bere eskaintzen arteak, Korrika, zinema zikloak eta Euskal Herriko festa ospakizunak ere biltzen dituen euskal elkarte bruselatarrak azaroaren 23an egingo du Batzar Nagusia, elkartearen egoitzan, 10 rue Fernand Bernier, 1060 Saint-Gilles/Bruselan.

Batzarraren ostean, 20:00ak aldera, 'Txoko' bat antolatu dute, norbanakoak eta familiak partaide. Agertzeko asmoa baduzu, ekarri mesedez jaki edo postreren bat, gainerakoekin partekatzeko eta abisatu emailez (bruselakoeuskaletxea@gmail.com) zenbat izango zareten, logistika kontuengatik.

Bruselako Euskal Etxea
https://www.facebook.com/bruselako



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia