euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urte berria, proiektu berriak: Euskal Herrira bidaiatzeko hiru aukera Argentinatik, 2020ko abuztu eta irailean

2019/12/24

Mariana Dominerekin Euskal Herrira joandako talde bat
Mariana Dominerekin Euskal Herrira joandako talde bat

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Proposamenak Buenos Aires probintziako hiru euskal etxeren barruan sortutakoak dira eta ohitura bihurtzen hasiak dira euren elkarte eta komunitateetan ere. Izan ere, urteak daramatzate Arrecifeseko ‘Euskaldunak Denak Bat’eko Mariana Dominek, Chacabucoko ‘Guillermo Larregui’ko Pablo Pavesak eta Saladilloko Itxaropena Euskal Etxeak, Silvina Bordenave partaide, Euskal Herrirako talde bidaiak antolatzen, emaitza onenekin gainera.

“2020 urte zinez zaila izango da Argentinako ekonomiarentzat” diote hiru erreferenteek; eta zuhurtzia lagun ezin dute datu gehiegirik eman –esate baterako, prezioak– baina euren euskal jatorriarengatik agian, baikorrak ez ezik tematiak ere badira hiru bidaion antolatzaileak eta ausartu egingo dira krisiari aurre egiteko. Are gehiago, aukera berriak ere ekarri dituzte eskaintzeko.

Abuztuan, Euskal Herria eta Katalunia

Mariana Dominek antolatutako bidaia abuztuaren 21an hasiko da, Ezeizako aireportuan. 14 egunetan, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Iparraldea bisitatuko ditu taldeak. Bidaiak barnean dauzka besteak beste hegazkin txartelak, mantenu erdia, goi mailako hotel eta autobusak eta bisitetarako sarrerak. Informazio gehiago jasotzeko mdomine2002@hotmail.com helbidera idatzi behar da.

Nobedadeak ere badaude arrecifestarraren proposamenean. Nahi izanez gero, lau egun gehiago sar daitezke pakete turistikoan Bartzelonara joateko.

Irailean, Euskal Herria eta Israel

Chacabucoko Euskal Etxetik Pablo Pavesak jakinarazi digu bere bidaiari buruzko lehenengo informazio-bilera urtarrilaren 21ean izango dela Euskal Etxean. Berak bildutako taldea irailaren amaieran abiatuko da eta azken urteetan bezala, bi helmuga izango ditu: 10 egun Euskal Herrian –eta bertan Bilbo, Gernika, Bermeo, Donostia, Gasteiz, Lekunberri, Oñati, Hondarribia, Iruñea eta Iparraldea bisitatuko dituzte– eta, ondoren astebete, Israelen. Argibideak, cvchacabuco@yahoo.com.ar-era idatzita.

Irailean, Euskal Herria

Itxaropen Euskal Etxea ere ari da talde bidaia antolatzen eta Silvina Bordenavek azaldu digunez, “Egoera ekonomikoa egonkortzen bada egingo dugu bidaia, lagun batzuek interesa handia baitute”. Saladillotarraren asmoa da irailean ateratzen eta bi astetan Pirineoaren bi magaletako leku garrantzitsuenak bisitatzea eta zenbait herriko festak, Donostiako estropadak, Zarauzko Jaiak eta beste hainbat elkarretaratzetara joatea. Saladilloko Euskal Etxearekin batera, Diasporari lotutako Bask in Motion agentzia arduratuko da Euskal Herriko aktibitateez. Informazio gehiago eskatzeko, itxaropena98@gmail.com helbidera idatzita.

Argi izan behar da bidaia hauetan izena emateko, ez dela beharrezkoa euskal etxeko kide izatea eta herri horietakoa izatea ere. Bete behar den baldintza bakarra pasaporte eguneratua eta ondo pasatzeko gogoa izatea. Bidaia ona, lagunok!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia