euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Toti Martínez de Lezea arabar idazlea Mitologiaz solastu zen Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Ikastetxeko ikasleekin

2020/10/13

Toti Martínez de Lezea Euskal Echea-ko ikasleekin hizketan
Toti Martínez de Lezea Euskal Echea-ko ikasleekin hizketan

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Bertako Euskara eta Euskal Kultura Departamentuak gonbidaturik Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Ikastetxeko ikasleekin ‘elkartu zen’ Toti Martínez de Lezea Euskal Herritik, Zoom plataformaren bidez. Bigarren mailako taldeekin, Euskal Mitologiaren unitateko gaiak jorratu zituzten hizlariak eta gazteek. Lehenengo mailan, berriz, jolas moduko ekintza bat egiteaz gain, hainbat ipuin kontatu zizkien idazleak umeei.

“Oso esperientzia aberasgarria izan zen. Ikasleak harrituta zeuden eta aukera baliatu zuten pertsonaia mitologikoei buruz galdetzeko, bereziki sorginei buruz. Horretaz gain, eguzkilorearen elezaharra kontatzean, benetako eguzkilore bat erakutsi zien umeei eta zur eta lur geratu ziren”, azaldu dio Departamentuko koordinatzailea den Begoña Muñizek EuskalKultura.eus-i.

Eskola pandemia garaian

Toti Martínez de Lezearen hitzaldiok Argentinan derrigorrezko itxialdi prebentiboa indarrean jarri zenean Departamentuak sortutako programa birtualaren baitan gauzatu dira, Hona programa bereko beste euskal proposamen batzuk:

-Familientzako ‘Euskal Topaketetan’ Itziar Aguirrek sukaldaritza klasea eman zuen eta Takehiro Ohno-k euskal gastronomiari buruzko hitzaldia

-Euskal Diasporaren Eguna: hitzordu honetarako, Gorka Alvarez Aranburuk eta Arantxa Anituak Ikastetxeko ikasleekin hitz egin zuten

-Urteroko Euskal Jaia era presentzialean ospatu ezin izan zutenez, aurreko urteetako bideo eta argazkiak sareratu zituzten. Gorka Alvarez Aranburuk, Sara Pagolak, Arantxa Anituak, Ikastetxeko lege ordezkaria den Maria Luisa Alvarez Mugicak eta Elkarteko lehendakari Enrique Fagoagak euren agurrak bidali zituzten.

Herri Kirolei buruzko mintzaldiak ere eskaini ziren eta datozen asterako Pintxo Tailerra antolatuko dute, Laurak Bat Euskal Etxeko sukaldariak lagun.

Zalantzarik gabe urte zaila izaten ari da hau Euskal Echea Ikastetxearentzat, baina erakundeak, beste mundu osoko beste hainbat elkartek bezala, egoerara egokitzeko gai dela erakutsi du. “Eta ari gara oraindik ekintza berriak proposatu eta antolatzen, ez ikasleei begira bakarrik, ‘Euskal Echea’ren komunitate osoa gogoan hartuta baizik. Ikusten dugu online deialdiek erantzun oso ona dutela familietan; eta euskara klaseek, esaterako, Eskolako paretak gainditzen dituztela ikusteak izugarri pozten gaitu”, adierazi digu Muñizek.

Euskal Echea Ikastetxea Facebook-en, Euskal Echea



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia