euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Juan su eta festak joan den asteburuan hasi eta datorren igandera arte luzatuko dira Diasporan; gaur, Saladillon

2019/06/26

San Juan Gau ospakizuna Argentina hegoaldean, Comodoro Rivadaviako Euskal Echea elkartea antolatzaile
San Juan Gau ospakizuna Argentina hegoaldean, Comodoro Rivadaviako Euskal Echea elkartea antolatzaile

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Joan den asteburuan hasita, munduan zehar ari da euskal komunitatea San Juan Eguna ospatzen. Jaia berez ekainaren 24aren bezperan bada ere, ospakizun eguna aurreratu edo atzeratu egiten dute hainbat euskal etxek, kasu batzuetan eguraldiak laguntzen ez duelako –gogora dezagun Hego Amerikan negua dela garai honetan hasten dena ekainean, ez eta uda, hego hemisferioan legez–,  eta beste batzuetan deialdi arrazoiak medio, ahalik eta lagun gehien biltzeko.

2019ko edizio honetan Sanjuanen programa joan den larunbatean hasi eta astean zehar jarraituko du, esaterako honako leku hauetan:

-Ekainaren 26an, gaur, Saladilloko Euskal Etxean. Arratsaldeko 6etan, Itxaropen Euskal Etxearen egoitzan. Desioak papertxoetan idatziko dituzte lagunek, sutara botatzeko. Informazio gehiago, hemen.
-Ekainaren 28an, ostirala, Necocheako Euzko Etxean. Iluntzeko 8etan, sua eta erromeria. Informazio gehiago, hemen.
-Ekainaren 29an, larunbata, Cañuelasko Denak Baten. Arratsaldeko 6etan Euskal Etxean bilduko dira lagunak Osasunaren Parkera kalejiran joateko, bertan sua pizteko. Gauean, erromeria Euskal Etxean. Informazio gehiago, hemen.  
-Ekainaren 30ean, igandea, Chivilcoyko Beti Aurrera. Arratsaldeko 3etan Euskal Etxean, sua, panpin erraldoiak erretzea, dantza eta musika ikuskizunak, eta kantina. Informazio gehiago, hemen.
-Ekainaren 30ean, igandea, Las Floresko Loretako Euskaldunak Euskal Etxean. Arratsaldeko 4etan, sua, sorginak eta txokolate beroa. Informazio gehiago, hemen.

Badira, ordea, joan den asteburuan ospatu dutenak, Argentinan eta Mexikon eta Uruguain ere, konparazio. Jarraian, horren isla diren bi bideo eta argazki galeria:


[San Juan Sua eta txikien dantzak Tandilgo Gure Etxean]


[San Juan Jaia Viedma eta Patagoneseko Aberri Etxean: dantzak, euskara eta Gotzon Batikonen trikitia]


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia