euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Plana duzu datorren astebururako? Boiseko Euskal Museo eta Ikastolaren euskal online kontzertu-afarira etor zaitezke

2021/04/06

Boiseko Euskal Museoari edo Ikastolari lagundu nahi badiezu, erosi zeure txartela, seguru ez badakizu ere ikusi ahal izango duzun
Boiseko Euskal Museoari edo Ikastolari lagundu nahi badiezu, erosi zeure txartela, seguru ez badakizu ere ikusi ahal izango duzun

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. Euskal Herriko eta Estatu Batuetako euskal musika talde eta musikariekin gozatu nahi, aldi berean Boiseko Euskal Museo eta Ikastolari laguntzen diezula? Hori da Boisetik apirilaren 10erako datorkigun proposamena. AEBko euskal musikarien artean daude Amuma Says No, Jean & Jean-Jules Flesher eta Mercedes Mendive; eta EHtik, besteak beste, Keu Agirretxea, Ziortza eta Leire, Xabi Aburruzaga, Maren eta Zetak. Prezioa, 20 dolar. Erosleei, Zoom link bat bidaliko zaie, kontzertua zuzenean ikusi edo, hala nahiago izanik, diferituan ikusteko.

Aukera ederra da Diasporako eta EHko zenbait artistez gozatzeko eta denbora berean laguntza premian dauden Boiseko Euskal Museo eta Ikastolari laguntzeko. Hona ekitaldiko promozio bideoa:


Bideoan, Euskal Afari eta Kontzertu dirubiltzailea, Boiseko Euskal Museo eta Ikastolaren alde

Hona kontzertuan parte hartuko duten AEBko eta Euskal Herriko musikariak, bakoitza bere lekutik:

  • Keu Agirretxea kantari ondarroarra
  • Bulego Taldea, euskal pop talde berria
  • Xabi Aburruzaga, AEBko euskal jaialditan ibilia
  • Luhartz taldea, jendea EHan eta AEBko euskal festetan dantzarazten
  • Ziortza eta Leire ahizpa gernikarrak, triki eta pandero bikote geldiezina
  • Jean & Jean-Jules Flesher aita-seme utah-tarrak, segida euskal-amerikarra
  • Mercedes Mendive soinujotzaile elkotarra (Nevada), tradizioari eta bere pieza propioei eusten
  • Amuma Says No, Boiseko euskal banda erreferentziala
  • Iker Lauroba & Sara Azurza, musikagile eta kantari donostiarrak
  • Maren, kantari bilbotar gazte gero aberastuna
  • Zetak, modako taldea, Nafarroatik, Pello Reparaz ahots eta buruzagi

[Afaria & kontzertua: Boiseko jendearentzat aukera bazegoen afariaren bila pasa eta emanaldia ikusi bitartean harekin etxean afaltzeko, 40 eurotan, baina txartelak aise agortu ziren. Menua zen, hasteko, entsalada mistoa; aukeratzeko poulet basquaise piper eta patatekin, txahal haragi egosia Errioxa erara pure eta ilarrekin, edo bakailaoa bizkaitar erara, baratxuri eta arrozez; postrea, tarta San Marcos; ardoa aparte, 15 dolar botila]

Kontzertua larunbatean, apirilaren 10ean izango da eta Boiseko 18:00ak direla hasiko da online (EHko igande goizaldeko 2:00etan). Gogoan hartu txartela erosterakoan, erosleak Zoom link bat jasoko du emailez eta hartan klik eginez zuzenean segitu ahal izango duela kontzertua ordu horretan edo nehiago badu geroago, diferituan. Emanaldian zehar, enkanteak ere gauzatuko dituzte antolatzaileek, beti ere Boiseko Euskal Museoaren eta Ikastolaren alde.

Eros zeure txartela hemen

Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxea
611 W Grove St, Boise, ID 83702
www.basquemuseum.eus
Phone: +1 208 343 2671
Email: info@basquemuseum.eus 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia